Asteon zientzia begi-bistan #447

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

gaixotasun

Osasuna

Hesteetako hanturazko gaixotasunaren intzidentzia eta prebalentzia gorantz doaz. Pentsatzen da gaixotasun hau pairatzea faktore askoren elkarrekintzaren araberakoa dela, hala nola, mikrobiotaren, immunitate-sistemaren, ostalariaren genetikaren eta ingurumen-faktoreen araberakoa. Mikrobiotari dagokionez, gaixotasun hori hesteetako hantura mikrobioen aniztasunaren murrizketarekin lotuta dago, eta, beraz, mikrobiotaren osaera gaixotasunaren biomarkatzaile gisa erabil daiteke. Mikrobiotaren osaera egokia berreskuratzea oso garrantzitsua da gaixotasun horren tratamenduan, baina eztabaidan dago zein ote den helburu hori lortzeko tratamendu egokiena. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Mikrobiota, hesteetako hanturazko gaixoen ongizatea hobetzeko.

I motako diabetesa izateko joera genetikoaren inguruan aurrerapauso garrantzitsu bat eman dute Biocruceseko, Biodonostiako eta EHUko ikertzaileek. Ikertzaile hauek I motako diabetesarekin lotuta dagoen RNA ez-kodetzaile luze bat karakterizatu dute, eta ikusi dute molekula horrek pankreako beta zeluletan infekzio birikoen aurkako erantzunean parte hartzen duela. ARGI izena jarri diote molekulari, antiviral response gene inducer. Izortze Santín Gómez ikertzaileak azaldu du beren ustetan infekzio birikoek eragiten dutela gaixotasun hori garatzea, eta, beraz, aurkitu duten prozesu honek garrantzi handia izan dezake gaixotasunaren garapenean. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Klima-aldaketa

Itsasoaren kolorea aldatzen ari da klima-aldaketaren eraginez. Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek azken hogei urtetako itsasoaren erreflektantzia neurtu dute, eta aldagai horrekin klorofilaren kontzentrazioaren eta ekosistemen egoeraren inguruko informazioa lortu dute. Horrela ikusi dute itsasoaren koloreak berdera egin duela, eta horrek komunitate planktonikoetan gertatutako aldaketak islatzen dituela azaldu dute. Komunitate planktonikoak ozeanoko elikagai-katearen oinarria direla kontuan izanik, ikertzaileek argudiatu dute teknika hori baliagarria izan daitekeela ekosistema horietan aldaketak hautemateko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Munduko laku eta urtegien egoerari buruzko azterketa batek argitu du erdiak baino gehiagok geroz eta ur gutxiago gordetzen dutela. Lakuek lur lehorraren %3 estaltzen dute, baina bertan gordetzen da ur geza likidoaren %87. Alabaina, ikerketa berri batek frogatu du laku eta urtegien %53k duela hiru hamarkada baino ur gutxiago biltzen dutela. Aztertutako 1.972 lakutatik 457 lakutan (%43) galera nabarmenak atzeman dituzte. Kontrara, 234 lakuk (%22) ur gehiago jasotzen dute gaur egun. Ikertzaileen esanetan, prozesu horren atzean klima-aldaketa eta gehiegizko ur-kontsumoa egongo lirateke. Datuak Zientzia Kaieran: Gainbeheran dago munduko lakuen erdia.

Astronomia

Grabitazio-uhinen ebidentziak aurkitu ditu nazioarteko ikerketa batek pultsarrak zehatz-mehatz behatuta. Pulsarrak bere ardatzaren baitan oso azkar biratzen duten neutroi-izarrak dira, eta bira bakoitzean irrati-uhinen pultsu bat igortzen dute. Einsteinen Erlatibitate Orokorraren teoriak iragarri zuen grabitazio-uhinek denbora-espazioaren egitura luzatu eta konprimatu ahal zutela, eta, beraz, pultsarren pultsu bakoitzaren erritmoa alda zezaketela. Hala, erritmoaren desfase hori detektatzea lortu dute ikerketa berri honetan, NANOGrav behatokiko datuak erabiliz. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Unibertsoari buruzko aztarna berriak grabitazio-uhinen bidez.

Duela urtebete heldu ziren James Webb teleskopioaren lehen irudiak. Teleskopio honek ordura arteko unibertsoaren ikuspegirik sakonena lortu zuen, eta bere urteurrenean Rho Ophiuchi hodei multzoaren irudiak argitaratu dituzte. Multzo hori Lurretik 390 argi urterako distantziara dago, eta bertako izar bat irudian ateratzea lortu dute: irudiaren erdi-erdian dagoen S1. Eguzkia. Adituek azaldu dute irudian ez dagoela planetarik, baina bai haien zantzuak, besteak beste, izarren orbitan dauden disko zirkumestelarrak. Azalpen guztiak Berrian: Izarren sorreraren atzetik.

Antropologia

Ikusi da elikagaien eskuragarritasunak eragina duela giza ugalkortasunean. Datu historikoak erabiliz iritsi dira ondorioz horretara, 1649. eta 1900. urteen bitarteko Finlandiako nekazaritza eremuetako parrokia erregistroak aztertuta. Ikertzaileek ikusi zuten garai horietan ezkontzaren eta lehenengo umearen jaiotzaren artean 25,9 hilabete igarotzen zirela batez beste, baina alde nabarmenak zeuden maila sozioekonomikoen artean. Zehazki, emakume txiroak aberatsak baino 2,6 hilabete geroago erditzen ziren, eta maila ertainekoak baino 3,0 hilabete geroago. Ikertzaileek ondorioztatu zuten alde horren arrazoi nagusia elikagaien eskuragarritasuna zela. Datuak Zientzia Kaieran: Elikagaien eskuragarritasuna eta giza ugalkortasuna.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.