Zergatik iruditzen zaigu denbora azkarrago doala gu zahartu ahala?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Tik, tak… tik tak… Denbora aurrera doa halabeharrez denontzat. Nahiz eta denborak erritmo berean egiten duen aurrera denontzat, denboraren joanaren pertzepzio subjektiboa oso desberdina izan daiteke pertsona bakoitzarentzat. Horrela, dibertitzen garenean edo jardueraren batez gozatzen dugunean, badirudi denbora hegan igarotzen dela; lan monotono, aspergarri edo desatsegin batean murgilduta bagaude, berriz, minutuak betierekoak egiten zaizkigu. Alde horretatik, bada fenomeno berezi bat, psikologian luze-zabal egiaztatu dena: oro har, denbora azkarrago igarotzen dela iruditzen zaigu urteak bete ahala.

Atzera begiratuz gero, gure haurtzaroko oroitzapenetan arakatuz, iruditzen zaigu egunak luzeagoak zirela eta askoz ere probetxu handiagoa ateratzen geniela: jarduera ugari egin genitzakeen, ia denetarako denbora zegoelako. Gainera, haurtzaroko udek helduaroko udek baino luzeagoak ziruditen, hasperen bat baino azkarrago pasatzen baitira orain, batez ere udako oporrak hartzen ditugunean. Helduaroko une batetik aurrera, denbora «bizkortu» egiten dela eta dena pixkanaka azkarrago igarotzen dela iruditzen zaigu. Zein da denboraren pertzepzio subjektiboaren bilakaera horren arrazoia? Gaur egun, ez dakigu arrazoia zein den, eta asko dira hori azaltzen saiatu diren hipotesiak.

denbora motelago
Irudia: zein da denboraren pertzepzio subjektiboaren bilakaera horren arrazoia? Gaur egun, ez dakigu arrazoia zein den, eta asko dira hori azaltzen saiatu diren hipotesiak. (Argazkia: Mikhail Nilov – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com)

Fenomeno horren atzean dagoen arrazoi posible bat egunero ikusten ditugun irudien prozesamendu zerebralarekin dago lotuta. Adrian Bejan Duke Unibertsitateko Ingeniaritza Mekanikoko irakasleak planteatutako hipotesiaren arabera, badirudi egunak laburragoak direla zahartzen garen heinean, denboran zehar informazio bisualaren prozesamendua moteldu egiten delako. Irudi gutxiago hautematen baditugu segundoko, horrek denbora azkarrago igaro delako sentsazioa sor dezake, eta alderantziz: segundoko irudi gehiago hautematen ditugunean, denbora motelago doala senti dezakegu, bideo bat kamera geldoan ikusten dugunean bezala.

Planteamendu horren oinarria da informazioa garraiatzen duten nerbio seinaleek denbora gehiago behar dutela faktoreen batuketa bat egiteko urteak betetzen ditugun heinean: garuneko neurona sareen tamaina eta konplexutasuna areagotu egiten da, eta, gainera, zahartzeak kalteak eragiten ditu, eta horrek seinale elektriko horien fluxua atzeratu dezake. Horregatik, haurrek helduek baino irudi gehiago prozesatu ahal izango lituzkete segundoko, eta, beraz, denbora motelago doala sumatu.

Baliteke, halaber, irudien prozesamenduaz harago, pertsona bakoitzaren denboraren erritmoa markatzen duen «metronomo neural» bat egotea. Haurrengan, metronomo hori helduengan baino azkarrago joango litzateke (geldi zaudeneko bihotz maiztasunarekin edo arnasketarekin gertatzen den bezala, horiek ere azkarragoak baitira haurrengan), eta horrek denboraren igarotze motelagoa hautematea eragingo luke. Izan ere, Clifford Lazarus psikologoak gai horri buruzko esperimentu bitxi bat kontatzen du: haurrak eserita, begiak itxita eta ezer egin gabe utziz gero, gehienek benetan igaro dena baino denbora gehiago igaro delako sentsazioa dute (askok aipatzen dute minutu bat igaro dela, benetan 40 segundo igaro direnean). Aldiz, baldintza berak helduei aplikatzen bazaizkie, denboraren pertzepzio subjektiboa errealistagoa da edo atzerapen txiki batekin doa: minutu bat igaro dela zehazten dute, baina, benetan, minutu bat edo 70 segundo igaro dira.

Denboraren erritmoak haurren eta helduen artean eragiten duen sentsazio desberdinari buruzko beste azalpen bat denbora kuantifikatzeko orduan biek duten perspektiba desberdinean zentratzen da. 10 urteko haur batentzat, adibidez, urtebete igarotzeak haren bizitza osoaren % 10 igaro dela esan nahi du, eta haren memoria kontzientearen % 15 eta % 20 artean. Aldiz, 65 urteko pertsona batentzat, urte bat haren bizitzaren % 1,5 baino ez da. Bizipenak eta oroitzapenak modu erlatiboan hautemateak haurtzaroan denbora motelago igarotzen zelako sentsazioa sor dezake, denbora unitate berak askoz pisu handiagoa zuelako bizitako esperientzia guztien barruan.

Baliteke, halaber, haurtzaroaren, helduaroaren eta zahartzaroaren arteko denboraren pertzepzio desberdina oroitzapenak finkatzeko joeren ondorio izatea. Gure oroimenean markarik handiena uzten duten bizitzako esperientziak, hain zuzen ere, emozioak eragiten dizkigutenak dira, batez ere emozio biziak badira. Haurrentzako eta nerabeentzako ia dena da berria, eta bizitzako etapa berantiarragoetan baino intentsitate emozional handiagoarekin bizi dira. Errutina eta monotonia nagusi izaten dira gero, eta horiek arrasto txikia uzten dute gure oroitzapenetan.

Horrela, gure iraganeko eta egungo oroitzapenak ebaluatzean, irudipena izan dezakegu askoz esperientzia gehiago bizi genituela denbora berean (eta, beraz, denbora motelago igarotzen zela) azken urteetan baino. Ez ditugu pasarte gogoangarri asko bizitzen eta interesik gabeko oroitzapen asko desagertu egiten dira, aurrekoan zer jan genuen, esaterako. Hipotesi hori egia balitz, gure buruei denbora motelago doala sentiarazteko modu bat monotoniatik ihes egitea eta maiz esperientzia berriak bizitzea litzateke.


Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko ekainaren 5ean: ¿Por qué nos parece que el tiempo pasa más rápido conforme envejecemos?

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.