Megafaunaren desagerpenak gizakien kognizioa hobetu zuenekoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Historiaurrean tamaina handiko animaliak desagertzen joan ziren heinean, gizakiak gero eta ehiza tresna txukunagoak egitera behartuta egon ziren, ikertzaile talde baten arabera. Horrek gaitasun kognitiboak handitu zituela babestu dute.

Gosea baino argiagorik ez dago. Atsotitzak ideia bera azpimarratzen duen aldaera asko ditu hainbat hizkuntzatan. Necessity is the mother of invention. El hambre agudiza el ingenio. La faim aiguise l’esprit… kontzeptu argia da, eta ez du azalpen gehiagoren beharrik.

Zaila da sen hutsean oinarritutako ideia hori benetan norainokoa den egiazkoa frogatzen saiatzea, baina, noizean behin, saiakerak egiten dira. Hain justu, atsotitzaren bide beretik doan proposamena bota du Israelgo ikertzaile talde batek. Haien ustez, historiaurrea garatu ahala, gizakiek ehizatzen zituzten animalien tamainaren beherakadak gero eta arma hobeak egitera bideratu zituen.

Funtsean, Tel Aviveko unibertsitateko ikertzaile horiek Quaternary aldizkarian argitaratutako zientzia artikuluaren arabera, harrapakin handiak iraungi izanak gizakien garapen kognitiboan onerako eragina izan zuen, gizakiek animalia txikiagoak ehizatzeko moduko arma berriak asmatu behar izan zituztelako.

lantza
1. irudia: ikertzaileen aburuz, animalia handien desagerpenak ehiza tekniken aldaketa ekarri zuen, gizakiaren kognizio gaitasunaren onerako. Irudian Victor Vasnetxov margolariaren irudikapen bat. (Irudia: – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Prentsa ohar batean azaldu dutenez, “zabalduen zegoen hipotesiak zioen ehiza egiteko armetan izandako aldaketak funtsean esplikaezina den hobekuntza kognitibo baten ondorio izan zirela”. Aldiz, haien hipotesia da animaliatzarren desagerpenaren eta ehizarako erabilitako tresna eta tekniken artean ikusi duten korrelazioan kausalitate bat dagoela: ehiza behar berriei egokitzeko beharrak ekarri bide zuen arma berrien garapena.

Miki Ben-Dor eta Ran Barkai arkeologoak Afrika, Espainia eta Frantziako historiaurreko zenbait aztarnategitako arrastoetan oinarritu dira analisia egiteko. Aztarnategi horietan aurkitutako harrapakinen arrastoak aztertu dituzte, eta espezie bakoitzaren kopuru erlatiboak zenbatetsi dituzte. Modu berean, hezur horiekin batera aurkitutako harrizko tresnak aintzat hartu dituzte ere. Beren hipotesiaren aldeko argudioen bila, aztarnategi horietako datuekin bost kasu azterketa egin dituzte.

Bereziki Levallois teknikaren agerpenean jarri dute arreta. Harria lantzeko metodo honen bitartez, historiaurreko gizakiak gai ziren herrizko erdigune batetik harri printzak eskuratzeko, kolpe jakin batzuen bitartez. Metodo honen erabilpenak berekin dakar gizaki horiek aldez aurretik irudikatzen zutela lortu nahi zuten tresnaren forma. Bada, diotenez, aztertu duten aztarnategi guztietan korrelazioa dago Levallois teknikaren bitartez landutako tresnen garapenaren eta harrapakin handien arrastoen desagerpenaren artean. Soilik aztarnategi batean —Kenyako Olorgesailie aztarnategian— ikusi dute megafaunaren iraungitzea klima aldaketari lotuta egon zela.

Ez da lehen aldia ikertzaile hauek animaliatzarretan arreta jartzen dutena. 2021ean argitaratutako beste zientzia artikulu batean erakutsi zutenez, Ekialde Hurbilean batez bestean animalien gorputz masa %98 gutxitu zen azken milioi eta erdi urteetan, 3.000 kilo izatetik 50 kilora izatera pasata.

Baina analisia harago eraman dute, denboran zehar izandako bilakaera aztertuz. Hala, duela 1,5 milioi urte inguru Homo erectus espeziea egurrezko lantzez baliatzen zela azaldu dute ikertzaileek. Diotenez, seguruenera gertu zeuden presa handiak akabatzeko erabiltzen zituen lantza horiek. Dena dela, zaila da horretaz ziur egotea, jakina delako egurra ez dela horrenbeste denboraz kontserbatzen.

lantza
2. irudia: historiaurrean gehien ehizatutako animalien eta ehiza tresnen bilakaera, grafiko batera eramanda. (Irudia: Ben-Dor et al., Juanma Gallegok euskaratua)

Hurrengo pausoa lantza horietan harrizko puntak jartzea izan zen. Hori duela 300.000 urte inguru gertatu zen, neandertalen eta gizaki modernoen eskutik. Duela 64.000 urtetik Afrika Hegoaldean arkua eta gezia agertu ziren, eta horiekin batera garatu ziren lantza edo dardoen jaurtigailuak. Tresnez harago, garai batetik aurrera ehiza lanetan lagungarriak izan ziren txakurrak sartu zituzten ere: hori duela 23.000-14.000 urte artean gertatu zela uste dute. Garai horretan ere dokumentatuta daude tranpa zein arrantzarako amuen erabilera. Beraz, indar hutsean oinarritutako armak beharrean, egoera berriak gero eta arma zehatzagoak eskatzen zituen.

Antropologiaren eremura jauzi eginez, adibide bat jarri dute, egungo ehiztari-biltzaileen portaeran oinarrituta. Elefante bat ehizatzeko nahikoa zaizkie animaliatzarra norabait bideratzea eta, behin mugikortasun mugatua duela, egurrezko lantzak erabiltzea hura akabatzeko. Aldiz, abiaduran zein pisuan askoz arinagoa den orein baten kasuan, nekez akabatu ahalko da egurrezko lantza soilen bidez. Lantza horiek harrizko puntak edukiz gero, zientzialari hauek sinetsita daude errazagoa izango dela oreinari dezenteko zauria eragin eta bere ihesaldia moteltzea. Bestetik, harrizko gezi puntek apurtzeko joera duten arren, abantaila da behin azalaren aurka jota askotan animaliaren beraren barruan geratzen direla, harrapakina hiltzeko aukerak handituz.

Oraingoan, ikertzaile hauek ez dira sartu gai honen bueltan adituen artean klasikoa den aspaldiko polemika batean: norainoko eragin izan zuen gizakiek egindako ehizak animaliatzat hauen iraungitze prozesuan.

“Harrapakinen tamaina txikiagoa edukitzeak erronka nabarmena suposatu zuen lehen gizakientzat, eta horrek bultzatu zituen ehiza praktiketan moldagarritasuna eta berrikuntza handitzera”, laburbildu dute egileek.

Aipatu dute badagoela beste teoria bat harrapakinen tamainari lotuta: gizakiak haitzuloetan bizitzen hasi zirenean, errazagoa egiten zitzaien harrapakin txikiak etxera eramatea. Baina zientzialari hauek uste dute efektua kontrako norabidean joan zela: animalia txikiagoak ehizatzeak gizakiei haitzuloetan bizitzea erraztu ziela argudiatu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ben-Dor, Miki, and Ran Barkai (2023). The Evolution of Paleolithic Hunting Weapons: A Response to Declining Prey Size. Quaternary 6(3), 46. DOI: https://doi.org/10.3390/quat6030046


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.