Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Klima-larrialdia
Energia kontsumoak eta emisioek marka hautsi zuten 2023. urtean, Energy Instituteren txostenaren arabera. Datuen arabera, Europan eta Ipar Amerikan jaisten ari da energia kontsumoa, baina Asian gora doa. Emaitzek erakusten dute berriztagarrien hedapena ez dela nahikoa izaten ari gas kutsagarrien emisioen gorakada eteteko, eta beraz, planetaren berotzea eragozteko. Informazio gehiago Berrian.
Ingurumena
Pirinioetako larreetan bioaniztasuna indartzeko gakoak identifikatu dituzte. Zehazki, Nafarroako mendebaldeko Pirinioetako bazkalekuetan egin dute ikerketa. Ondorioztatu dutenez, azienda-mota da larrearen balio naturala zehazten duen faktore garrantzitsu bat. Zaldi-azienda, ardi-azienda edo biak nahastuak zituzten partzelek nabarmen balio natural handiagoa zuten behi-azienda zutenek baino. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Belen Gonzalez Itsas Zientzietako ikertzailea da, eta uretako laginak ikertzen ditu, bai itsasokoak eta baita ibaietakoak ere. Azaldu duenez, Bizkaiko kostaldeko uretan ere badaude elementu kutsatzaile asko, eta duela urte batzuetako datuekin alderatuta, gero eta kutsadura gehiago, ur beroagoa eta okupazio handiagoa dagoela ikusi dute. Gonzalazen iritziz, zientziak, arazoaz jakinarazteaz gain, irtenbideak proposatu beharko lituzke. Datu guztiak Berrian.
Hezkuntza-zientzia
Hezkuntza ekosoziala eta baso eskolen jarduna nola uztar daitezken aztertzen ari dira Larraitz Altuna eta Jon Diaz EHUren Hezkuntza Zientzien saileko ikertzaileak. Haien ustetan, baso eskolen aire zabaleko metodologiak indartu egiten du hezkuntza ekosozialaren irismena, eta zenbait proiektu pilotu jarri dituzte martxan. Halako hezkuntza motak naturarekiko atxikimendua indartu dezakeela diote, eta klima-aldaketaren aurrean jokabide aktiboagoa sorrarazi dezakeela. Informazio gehiago Berrian.
Osasuna
Ikerketa berri baten arabera, odol-analisi batekin parkinsona iragarri liteke. Zortzi proteinen mailari erreparatzen zaie, eta sintoma motorrak hasi baino zazpi urte lehenago ere diagnostikatu ahal izango litzateke. Bestetik, markatzaile horiek botika berrien jomuga izan litezkeela adierazi dute ikertzaileek, hanturarekin eta proteinen degradazioarekin lotuta baitaude. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
Biologia
Gure gorputzaren zati handi bat gandor neuraletik sortzen da, eta baita animalia ornodun guztietan ere. Gandor neurala garapen enbrionarioan esku hartzen duten zelulek osatzen dute, eta orain arte ez zen haren jatorria ongi ezagutzen. Ciona intestinalis aszidiarekin egindako ikerketa batek bere gastrulako bi zelula pare identifikatu ditu, eta ondorioztatu dute horiek direla gandor neuralaren jatorri ebolutiboa. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Ugaztunetan sexua determinatzen duen molekula-multzo bat aurkitu dute. mikroRNA izeneko molekulak dira, eta ikertzaileek ikusi dute mutazio baten ondorioz mikroRNA-multzo jakin bat falta zaien sagu arretan SYR genearen adierazpena atzeratzen dela. Gene horrek testikuluen garapena aktibatzen du, eta ondorioz, XY enbrioietan obuluak garatzen dira. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Paleoantropologia
Neolito aroaren aurreko giza-populazio batek landare jatorriko elikagai ugari jaten zuen. Marokon aurkitu dituzte arrastoak, eta zalantzan jarri dute historiaurreko dietari buruz pentsatzen zena, haragia elikagai nagusia zela uste baitzen. 25 hortz eta zazpi hezur analizatu dituzte, eta hortzetako esmaltean dauden zink eta estrontzio isotopoekin ondorioztatu dute beren dieta nagusiki landareetan oinarritzen zela. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
Arkeologia
Paleolitoko labar-arteak funtzio asko zituen Euskal Herriko kobazuloetan. Lau taldetan sailkatu dituzte irudiak ikonografiaren eta kokapenaren arabera. Batzuk ikusiak izateko egin ziren, funtzio xamanikoekin. Beste batzuk igarotze-erritoei erantzuten diete. Buztinezko grabatuak eta eskunturak ere topatu dituzte, eta azken taldea zeinu abstraktuek osatzen dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Astronomia
Jupiterren Orban Gorri Handiaren sorrera, adina eta bilakaera argitu dituzte. Orban hori zurrunbilo antizikloniko handi bat da, Eguzki Sistemako planeten atmosferetan dagoen zurrunbilo handiena, eta gaur egun Lurraren diametroa du, gutxi gorabehera. Ikerketako egileen artean dago EHU, eta emaitzen arabera, orbanak gutxienez 190 urte izango lituzke, eta uzkurtzen eta biribiltzen joan da denborarekin. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Argitalpenak
Aristoteles Grezia klasikoko filosofo eta zientzialaria izan zen. Platonekin batera, filosofia okzidentalean ezagunenetako bat. Filosofo eta zientzialari honen bizitza ezagutu ahalko dugu “Aristoteles: Jakiteko irrika” komikiaren bitartez. Jakin-min handiko pertsona izan zen Aristoteles, eta hainbat zientziaren esparru landu zituen, besteak beste, biologia, fisika, kimika eta astronomia. Bizitzaren helburua jakintza lortzea zela sinesten zuen. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Egileaz:
Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.