Zaurgarritasun energetikoaren banaketa geografikoa generoaren arabera

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Zaurgarritasun energetikoa aztertzeko informazio publikoa erabiltzen duen metodologia bat garatu du UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikerketa-talde batek beste ikertzaile batzuekin lankidetzan. Metodologia horrek aukera ematen du detektatzeko pobrezia energetikoa jasateko arriskua duten eremu geografikoak, eta generoak eremu bakoitzaren zaurgarritasun energetikoan duen eraginari buruzko informazioa ematen du.

zaurgarritasun
1. irudia: Jon Terés Zubiaga UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzailea. (Argazkia: Mitxi. Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Bazterketa energetikoari aurre egitea da gaur egungo erronka handienetako bat, pertsona askoren osasunari, ongizateari, gizarteratzeari eta bizi-kalitateari eragiten dien fenomenoa baita. Europar Batasunean, 36 milioi biztanlek zailtasunak dituzte beren oinarrizko behar energetikoak asetzeko, eta horren aurka borrokatzea erronka handia da administrazio publikoentzat. Administrazioek diagnostiko-tresnak behar dituzte, pobrezia energetikoa geografikoki nola banatzen den eta hainbat kolektibori nola eragiten dien jakiteko; izan ere, energia-zaurgarritasuna aldatu egiten da ezaugarri demografiko eta sozioekonomikoen arabera.

Horren adibide bat generoa da. Hainbat azterlanek frogatu dute emakumeek gizonek baino arrisku handiagoa dutela energia eskuratzeko zailtasunak izateko. Hala, energia-zaurgarritasuna murrizteko politikek genero-ikuspegia kontuan har dezaten, tresnak behar dira, aukera emango dutenak ebaluatzeko zer eragin duen generoak energia eskuratzeko orduan zeresana duten faktoreetan (adina, lan-egoera, familiako guraso-kopurua, etab.).

Energia-zaurgarritasuna neurtzeko tresna

Zeregin horretan laguntzeko asmoz, UPV/EHUko Energia Ingeniaritza Sailak aztertu du “nolako ahalmena duten sarbide publikoko datu demografiko eta sozioekonomikoek lurralde jakin bateko pobrezia energetikoaren banaketa espaziala identifikatzeko”, azaldu du proiektuko ikertzaile Jon Terés Zubiagak. Sarbide publikoko datu-baseetan eskuragarri dauden datuak izaten dira, hala nola udal-estatistikak, katastroak edo estatistikako erakunde autonomikoek eta nazionalek egindako inkesten bidez lortutako datuak.

Eduardo Torroja Eraikuntza Zientzien Institutuarekin eta Monseko Unibertsitatearekin (Belgika) batera, bereizita jasotzen diren datu geografiko publikoak aprobetxatzen dituen metodologia bat garatu da ikerketa honetan. Hau da, informazioa bereizita aurkezten da emakumeentzat eta gizonentzat. Horri esker, energetikoki zaurgarrienak diren eremuak aurkitzeko gai den metodo bat sortu dute, emakumeei eta gizonei espezifikoki nola eragiten dien adierazten duena. Horrenbestez, pobrezia energetikoa murrizteko neurriak hartzeko ardura duten administrazioek metodo hori erabil lezakete lekuaren erradiografia espezifikoagoa izateko, eta politika eta laguntza eraginkorragoak diseinatzeko.

zaurgarritasun
2. irudia: generoaren araberako energia-zaurgarritasunaren banaketa geografikoa Madrilen. Ikusten da hegoaldean iparraldean baino zaurgarritasun-metaketa handiagoa dagoela. (Irudia: Capetillo-Ordaz et al., (2024) artikulutik ateratako irudi eraldatua. Iturria: Energy Research & Social Science)

UPV/EHUko irakasleak sarbide publikoko datuak erabiltzearen abantaila batzuk nabarmendu ditu: “Informazio-bilketa errazten du, eta, datu-base publikoak etengabe eguneratzen ari direnez, ebaluazioak aldian-aldian berrikusteko aukera ematen du. Hori baliagarria izan daiteke energia-zaurgarritasun alderdietan neurri zehatz batzuk ezarri dituen administrazio bat gai izan dadin neurri horiek eraginkorrak izaten ari diren aztertzeko”.

Terés Zubiagak azpimarratu du metodoa baliagarria dela aurretiazko diagnostiko bat egiteko. “Aukera ematen du lehen hurbilketa bat egiteko; lurralde baten barruan energia-zaurgarritasuneko puntu beroak detektatzeko. Eremu batean alarmak jotzen duenean, ebaluazioa zehatzagoa izan dadin, hurrengo urratsa izango litzateke egoera metodo intentsiboagoekin aztertzea, benetan neurri espezifikoak diseinatu ahal izateko”.

Askotariko aukerak eskaintzen dituen metodologia bisuala

Gainera, garatutako metodologiak bisualki erakusten ditu lortutako emaitzak. Informazio-sistema geografikoak erabiltzen ditu, eta datuak mapetan irudikatzen ditu. Horrek aukera ematen du aztertutako lurraldearen barruan espazio-patroi espezifikoak edo korrelazioak dauden identifikatzeko. Adibidez, Madrilen egin duten azterlanean ikusten da hegoaldean iparraldean baino zaurgarritasun-metaketa handiagoa dagoela. Eta eremuetako joerak zehatzago aztertuz, metodologiak lagundu dezake agertoki horiek ahalbidetzen dituzten aldagai posibleak identifikatzen.

Sarbide publikoko datuak erabiltzearen beste alderdi positibo bat da aukera ematen duela metodologia ingurune-mota guztietan aplikatzeko. Ikerketa-taldeak metodologiaren funtzionamendua Madrilen aztertu badu ere, egia esan, hainbat testuingurutan (hirikoak edo landakoak) aplika daiteke, eta eskala desberdinetan (auzoa, hiria, probintzia…). Ebaluazioak egiten dituztenen premien baitan dago dena.

Azkenik, nabarmendu behar da metodologia gai dela aurreko ebaluazioekin lortutako emaitzak gurutzatzeko eta aukera ematen duela genero-azterketa txertatzean ondorioak aldatzen diren ala ez egiaztatzeko.

Informazio osagarria:

Lan hau Hiri eta Komunitate Adimenduak Erasmus Mundus Masterraren (SMACCs) esparruan garatu da. Jon Terés Zubiaga Bilboko Ingeniaritza Eskolako doktoreak eskolak ematen ditu titulazio horretan. Nayely B. Capetillo-Ordazen master amaierako lana da.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Ikerketa batek lortu du pobrezia energetikoaren banaketa geografikoa generoaren arabera identifikatzea datu publikoetatik abiatuta.

Erreferentzia bibliografikoa:

Capetillo-Ordaz, Nayely B.; Martín-Consuegra, Fernando; Alonso, Carmen; Terés-Zubiaga, Jon; Koutra, Sesil (2024). Sesil Koutra Inclusivity in urban energy transitions: A methodological approach for mapping gendered energy vulnerability. Energy Research & Social Science, 109. DOI: 10.1016/j.erss.2024.103426

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.