1944ko urtarrilaren 18an, kamioi bat iritsi zen Bletchley Parkera, karga berezi batekin: tona bat pisatzen zuen kalkulu makina bat, 2,13 x 5,18 x 3,35 metro neurtzen zuena, 1.600 balbula termoioniko ingururekin eraikitakoa, eta segundoko 5000 karaktereko abiaduran jarduteko gai zena. Colossus deitu zioten; historiako lehen konputagailu elektroniko, programagarri eta digitaltzat jotzen da… eta ez existitzeko zorian egon zen.
Bigarren Mundu Gerran, Bletchley Park inteligentzia zerbitzu britainiarren zentro neuralgikoetako bat izan zen. Ultra izenpean, Ingalaterrak Alemania naziaren armadari eta diplomaziari atzematen zizkien komunikazio guztiak deszifratzen ziren han, eta historiara pasa zen, batez ere, Alan Turing matematikari ingelesaren eta Atlantikoko U-Boote-ek erabiltzen zuten Kriegsmarine Itsas Enigma ustez ezagutezinaren arteko dueluagatik.
1941ean, Turingek zuzentzen zuen 8. barrakoiaren lan neketsuaren ondoren Itsas Enigma agerian geratu zen aldi berean, britaniar entzute estazioak beste mezu deszifraezin batzuk antzematen hasi ziren; horiek ez ziren morsean ematen, Enigmarenak bezala, baizik eta teletipoaren nazioarteko kodean. Alemaniak zifratze automatikoko makina berri bat sartu zuen komunikazio diplomatikoetarako, Enigma baino sofistikatuagoa: Lorenz SZ, eta Tunny ezizena jarri zioten.
Kasu honetan, John Tilman koronela izan zen Tunnyren mezu bat deszifratzea lortu zuena, urte horren amaieran. Haren lanari esker, Bill Tutte matematikariak makinaren funtzionamendua nolakoa izango zen ondorioztatu zuen. Azkenik, Alan Turingek metodo algoritmiko bat asmatu zuen, «turingeritza» ―«Turing» eta «ingeniaritza»―, eta gailuak zituen hamabi errotoreen konfigurazio posibleak nabarmen mugatzea ahalbidetu zuen. Bada, orduan Estatu Batuetara joan zen.
Bill Tutte izan zen Tunny deszifratzeko metodo berriak lantzen jarraitu zuena, baina, Alemaniak komunikazio sare hura handitu (aliatuek Fish izena eman zioten) eta segurtasuna hobetu ahala, gero eta zailagoa zen kalkuluetara iristea: gailu elektromekanikoren bat beharko zen horiek egiteko, Enigma hautsi ahal izateko Bombe-ak behar izan ziren bezalaxe.
Tunnyren deszifratzea mekanizatzeko lehen saiakera Max Newman eta bere «Heath Robinson»-en eskutik etorri zen (William Heath Robinsonen omenez horrela deituriko tramankulu batzuk). Ilustratzaile hark asmakizun bizarroen marrazkiak egin ohi zituen, horien geldotasuna, zehaztasunik eza eta gainberotzeko joera zirela eta. Baina Bletchley Parkeko ingeniari elektriko batek, hasiera batean Alan Turingen laguntzaile gisa errekrutatu zutenak, makina askoz azkarrago, zehatzago eta efizienteago baten ideia zuen buruan.
Tommy Flowers familia apal batean jaio zen, Londresko barrutirik pobreenetako batean, Poplarren, Whitechapeletik oso hurbil, eta txiki-txikitatik ingeniaritzak atentzioa eman zion. Londresko Arsenal Realeko ikasle izan zen denbora batez, harik eta posta-zerbitzuko ingeniaritza sailean lana aurkitu zuen arte, gaueko eskolan titulua ateratzen zuen bitartean. Han antzemate lanak ohi baino askoz abiadura handiagoan egin zitzakeen osagai elektroniko berri batek eskaintzen zituen aukerak ezagutu eta ikertzen hasi zen: balbula termoionikoa edo huts balbula.
Gailu batzuetan jada erabiltzen ari ziren arren –eta Heath Robinsonak horietako bat ziren, partzialki bakarrik bazen ere–, huts balbulen erabilera oraindik nahiko mugatua zen. Tommy Flowersek pentsatu zuen lehen aldiz kopuru askoz handiago batean erabil zitezkeela, konputazio makina erabat elektronikoak egiteko. Baina, norbaitek ideia disruptiboegia aurkezten duenean ia beti gertatzen den moduan, Bletchley Parken erokeria iruditu zitzaien.
Behar zuen laguntzarik gabe, baina erabat elektronikoa zen konputagailu bat posible zela sinetsita, eta diseinu zailtasunak izan arren, Flowersek lantoki gisa zuen Dollis Hill-eko posta-bulegoko laborategiko berrogeita hamar zientzialari, ingeniari eta teknikari bildu zituen. Lanari ekin zioten, egunean hamabi orduz eta astean sei egun eta erdiz lan eginez, hamar hilabeteko denbora errekorrean lehen konputagailu elektronikoa sortzeko: Colossus. Konputagailuarekin Bletchley Parken agertu zirenean, eta are gehiago martxan jarri zutenean, langileek ezin zuten sinetsi.
Bletchleyra iritsi zen Colossusen lehen prototipoak oso ondo funtzionatzen zuen, baina ez behar bezain azkar, eta, beraz, Tommy Flowers eta bere taldea berriro hasi ziren erlojuaren kontra lanean, Gobernuak beranduenez ekainaren 1erako prest izan nahi zuen bertsio hobetuan. Egun hori zen aukeratutakoa, eta makinak martxan egon behar zuen.
Colossus Mark II, 2400 balbulekin eta segundoko 25000 karaktereko abiadurarekin, prest egon zen egun horretarako; are gehiago, ekainaren 5ean Adolf Hitlerrek Erwin Rommel mariskalari bidaliko mezu bat deszifratzea lortu zuen. Bertan, aliatuek Normandiako hondartzetatik urrun Führerraren arreta desbideratzeko zerbitzu sekretuen maniobrak funtzionatu zutela baieztatu ahal izan zuten. Hurrengo egunean, armada aliatuak Frantziako kostaldea hartu eta mendebaldeko Europa askatzeko ofentsiba hasi zuen. Bitartean, Colossus bat bestearen atzetik iristen zen Bletchley Parkera, indar aliatuak kontinentean sartu ahala. Egunean hogeita lau orduz, astean zazpi egunez, WRENen armada batek ―Women ‘s Royal Naval Serviceko emakumeak― atsedenik gabe Tunny makinen eguneroko konfigurazioa aztertzen zuten, eta etsaien komunikazioak agerian uzten zituen.
Sarritan egin dira saiakerak Bletchley Parkeko kriptoanalisi lan guztiak gerraren garapenean izan zuen inpaktua zehazteko. Batzuek diote gatazka bi edo hiru urte laburtzen lagundu zuela; horregatik, nahiko bitxia da pentsatzea Colossus serendipia jakin batzuei esker sortu zela, zeinak posible baitzen ez gertatzea.
1939ko abuztuaren amaieran, Europako tentsioen ondorioz dena lehertzeko zorian zegoela, oso zentratuta ez zegoen goi-karguren batek Tommy Flowers Berlinera bidali zuen lan bidaian. Hark Alemaniako hiriburuan oina jarri bezain laster, Britainiar Enbaxadak deitu zion herrialdetik lehenbailehen alde egin zezan. Flowersek Alemaniaren mugak itxi baino ordu batzuk lehenago Holandara joatea lortu zuen, eta, ziurrenik, erregimen naziaren preso amaitzea saihestu zuen horri esker. Probidentziala izan zen, halaber, gero posta-bulegoak Flowers bidaltzea, eta ez beste bat, Alan Turingi Enigma eta Bomberekin laguntzera; norbaitek matematikariari ingeniaritzako edozein gai edo ekiporekin gertatutako edozein arazori buruz galdetzen zionean, Alanek hau erantzuten zuen: «Flowers»… Horrela iritsi zen Newmanera, gero Tunnyra, gero Colossusera eta, azkenik, kasualitatez kasualitate, konputazioaren historiako lehen mugarri nagusia ezartzera.
Erreferentzia bibliografikoak:
Copeland, B. Jack, et. al. (2006). Colossus. The secrets of Bletchley Park’s codebreaking computers. Oxford University Press.
Copeland, B. Jack (2021 [2013]). Alan Turing. El pionero de la era de la información. Turner.
Egileaz:
Gisela Baños zientzia, teknologia eta zientzia fikzioaren dibulgatzailea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko ekainaren 13an: Un coloso de la informática.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.