‘REV Ocean’ ikerketa-ontziaren espedizio batek Borealis lohi-sumendia aurkitu zuen 2023ko udan Norvegiako itsasoan. Harrezkero, bertako ekosistema ikertzeko asmoz, ikertzaileek kraterreko sedimentuen laginak bildu dituzte urrutiko kontroleko ibilgailuak erabiliz. Metano-isuriek eratutako karbonatozko egiturak eta inguruko uren tenperaturak ekosistema hau oasi paregabe bihurtu dute desagertzeko arriskuan dauden itsas espezie polarrentzako.
Urtero, ‘Top-down’ eta ‘Botton-up’ ikuspegien arabera, 287 eta 371 teragramo metano igortzen dituzte atmosferara iturri natural lurtar eta akuatikoek1. Plaka tektonikoen ertzetan eta eremu bolkanikoetan aurkitzen diren emisio-fokuek garrantzi handia dute karbonoaren zikloa ikertzeko orduan; izan ere, inguru horietako metano gas filtrazioek eragina baitute klima-aldaketan eta ekosistema konplexuen sorkuntzan2. Ildo horretatik, hainbat metano-foku berri aurkitu dituzte azken urteetan egindako azterketetan.

2023. urtean, Norvegiako UiT Unibertsitate Artikoko ikertzaileek Barents-eko itsasoan Borealis lohi-sumendia aurkitu zuten, eta, orain, ‘REV Ocean’ ikerketa-itsasontziaren laguntzarekin, sumendiak biodibertsitatearen santutegi natural gisa jarduten duela aurkitu dute. Nahiz eta sumendi-kraterreko zenbait ingurune organismo bizidunentzako ezatseginak izan, beste askotan metano-filtrazioek inguruneko biodibertsitatearen hedapena sustatzen dute. Ikertzaileek Nature aldizkari zientifikoan argitaratutako artikuluan azaltzen dutenez, eremu hauetan sortzen diren karbonato-substratuek inguruneko sare ekologikoa zabaltzen dute3. Egitura mineralak organismo askorentzako oinarri paregabe dira, eta, horrek, inguruko beste itsas espezie handiago batzuentzako baliabide-iturri ezin hobea bihurtzen du lohi-sumendi kraterra.
Karbonato-egituren onura bikoitza
Zientzialariek aurkitu zutenaren arabera, kraterraren inguruko alkalinizazio maila handitzen du ur azpiko metano-isurien oxidazio anaerobikoak. Prozesu honek eraginda, azido karbonikoa oxidatu eta karbonato kaltzioko eran prezipitatzen da. Horrela, askotariko morfologia duten egitura mineral karboniko ugari sortzen dira bertako izaki bizidunei babesleku eta elikatzeko aukerak eskaintzen dizkietenak. Giuliana Panieri ikerketa-buruak azaltzen duenez, “Eremu hauetan sortzen diren ekosistemek garrantzi handia dute tokiko arrain-populazioak mantentzeko orduan. Adibidez, Borealis lohi-sumendiaren kraterra galtzeko bidean dagoen Sebastes norvegicus espeziaren baliabide-iturri bihurtu da eta ez dakigu zer ondorio izango lukeen eremu hau desagertzeak. Ur azpiko sumendiko inguruneak aukera eskaintzen die espezie hauei aurrera egiteko eta garatzeko. Horregatik ezinbestekoa da lohi-sumendiko ekosistemen geologia, geokimika eta biologia hobeto ulertzea”. Ezagutza horren bitartez, ikertzaileek tresna gehiago bil dezakete ingurune hauek babesteko; izan ere “Maiz aurki ditzakegu petrolioa eta gasa erauzteko jarduerak zein ur sakonetako meatzaritza-industriak eremu hauetan”, dio ikertzaileak.
Itsas hondoko ekosistema bakarra
Urrutiko kontrola duen ibilgailu bat erabiliz (ROV Aurora), ikertzaileek sumendiko kraterraren inguruko sedimentuen laginak jaso zituzten sumendiaren ekosistema eta haren historia aztertzeko. Ikertutako lohietan harea, buztina eta ikatza aurkitzeaz gain, duela 2.5 miloi urte desagertutako espezieen ondareak ere aurkitu zituzten. Gainera, lohi-sumendiaren zenbait eremutan, metanoz aberastutako likidoen isurketak ere aurkitu zituzten. Aztarna hauetan guztietan eta sumendiaren inguruko itsas oheko karbonatozko metaketa handietan oinarrituta, ikertzaileek lohi-sumendiaren adina milioika urtekoa dela ondorioztatu zuten.

Berriz ere urrutiko kontroleko ibilgailua erabiliz, zientzialariek kraterraren inguruko baldintzak ikertu zituzten. Itsas oheko ohiko tenperatura 4ºC-koa izaten da normalean, baina lohi-sumendiaren inguruan 11.5ºC-ko tenperaturak neurtu zituzten bertako ekosistemak biodibertsitatearen santutegi gisa duen potentziala berresten du horrek. Ikerketa-buruaren hitzetan “Borealis lohi-sumendia fenomeno geologiko eta ekologiko bakarra da, eta informazio berria eskaintzen digu prozesu geologikoen eta itsas ekosistemen arteko elkarrekintzaren inguruan”.
Ildo horri jarraiki, Norvegiako estatuak hurrengo bost urteetan lur eta itsasoen % 30 babesteko konpromisoa hartu du. ‘30×30’ deituriko egitasmoak ur sakoneko itsas oheen babesa bermatzen du, “eremu hauen babesak birkolonizazio zabalago bat ziurtatzen du; izan ere, eremu hauek itsas hondoko espezieentzako babesleku natural bezala jarduten baitute”, dio Panierik. Gainera Norvegiako Ipar Poloan egindako ikerketak nabarmenagoa egiten du itsas eremuen babesean estatuen arteko lankidetzak duen garrantzia; izan ere, proiektu honetan, Australiako, AEB-ko, Italiako eta Norvegiako ikertzaileek elkarlanean jardun dute Borealis lohi-sumendiaren inguruko misterioak argitzeko asmoz.
Erreferentzia bibliografikoak:
[1] Saunois, Marielle et al. (2020). The global methane budget 2000-2017. Earth System Science Data, 12, 1561–1623. DOI: 10.5194/ESSD-12-1561-2020
[2] Sen, Arunima; Didriksen, Alena; Hourdez, Stéphane; Svenning, Mette Marianne; Rasmussen, Tine L. (2020). Frenulate siboglinids at high Arctic methane seeps and insight into high latitude frenulate distribution. Ecology and Evolution, 10, 1339–1351. DOI: 10.1002/ECE3.5988
[3] Panieri, Giulian; Argentino, Claudio; Savini, Alessandra et al. (2025). Sanctuary for vulnerable Arctic species at the Borealis Mud Volcano. Nature Communications, 16, 1–11. DOI: 10.1038/s41467-024-55712-x.
Egileaz:
Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.