Artsenikoan oinarritutako bizia: eztabaidaren amaiera?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Duela hamabost urte biziaren oinarriak ezbaian jarri ziren, une batez izan bazen ere. Bazirudien ezagutzen genituen bizi-motetatik harago beste batzuk ere egon zitezkeela. Bazirudien, oinarrizko sei bioelementuetatik harago beste elementu kimikoetan oinarritutako bizia egon zitekeela. Orain, 2025. urtean, Science aldizkariak atzera bota du ikerketa-lan hori eta esan dute lan hori ez zela inoiz argitaratu behar. Hauxe da Felisa Wolfe-Simon eta haren lankideei gertatutakoa. Zientziaren polemika horietako bat.

2010. urteko abendu hasieran Science aldizkari entzutetsuak A Bacterium That Can Grow by Using Arsenic Instead of Phosphorus artikulua argitaratu zuen. Izenburuak berak argi uzten zuen bezala, lan horretan Felisa Wolfe-Simon eta haren lankideek aurkikuntza iraultzaile baten berri eman zuten; hain zuzen ere, artsenikoan oinarritutako bizia aurkitu zutela. Gainera, bizi hori ez zegoen Marten edo Lurretik kanpo, ez. Zehazki, ikerkuntza Kaliforniako Mono lakuko Halomonadaceae delako bakterioaren GFAJ-1 anduiarekin lotuta zegoen. Ikertzaileen esperimentuen arabera, bakterio hori gai zen bere egituran artsenikoa txertatzeko fosforoaren ordez. Horri esker, bakterioa gai zen artsenikoan oinarrituta hazten jarraitzeko, eta normalean fosforoz osatuta dauden makromolekuletan, ─azido nukleikoetan eta proteinetan, nagusiki─ artsenikoa erabiltzeko.

bizia
Irudia: artsenikoa bizidunontzat pozoitsua da kantitate txikietan ere. (Argazkia: Gutife – jabari publikoa. Iturria: pixabay.com).

NASAk lau haizeetara zabaldu zuen berria; izan ere, aurkikuntza horrek frogatzen zuen bizia ordura arte ezagutzen ez ziren moduetan ere garatu zitekeela. Era berean, sei bioelementu nagusi daude bizia ahalbidetzen dutenak: karbonoa, oxigenoa, hidrogenoa, nitrogenoa, sufrea eta fosforoa; eta, horietako bat, fosforoa, artsenikoaz ordezkatzea posible zela zirudien. Artsenikoa, gainera, bizidunontzat pozoi arriskutsua izanik, ordura arte ezagutzen ez ziren ideiak mahaigaineratzen zituen, bizi-mota desberdinei atea zabalduz. Horrek aldaketa handia ekarriko zuen Lurretik kanpo bizia bilatzeko ahaleginetan; izan ere, ezinbestekotzat jotzen zen baldintzetako bat, gutxienez, ez litzateke ezinbestekoa. Benetako iraultza izango zen astrobiologiaren esparruan.

Ikerketak hasiera-hasieratik piztu zuen eztabaida bizia zientzia-komunitatean. Aurten, 15 urte geroago, Science aldizkariak atzera bota du artikulua. Wolfe-Simon eta haren lankideek ziotenez, bakterioa gai zen artseniko-atomoak bere egituran integratzeko, eta ez bakarrik artsenatoaren presentzian bizirauteko. Alabaina, zientzia-komunitateak galdera ugari izan zituen ikerketaren muinari buruz; izan ere, astrobiologiaren oinarriak alda zitzakeen. Hasieratik egon ziren gorabeherak artikuluaren argitalpen-prozesuan, eta jatorrizko artikuluarekin batera zenbait adituren iritziak argitaratu ziren ikerketa ezbaian jarriz. Bi urte geroago, bi ikerketa-talde independente ahalegindu ziren Wolfe-Simonen taldearen emaitzak errepikatzen, baina ez zuten lortu. Horrek guztiak ikerketa-lanaren argitalpenarekin batera hainbat ohar gehitzea ekarri zuen, baita jatorrizko ikerketa-taldearena ere, haien emaitzak egokiak zirela berretsiz. Akats posibleen artean, adituetako batek aipatzen du biomolekulen purifikazioan akatsak egon zitezkeela, eta hori izan zitekeela artsenikoa detektatu izanaren arrazoia.

Ikerketa-lana atzera botatzearekin batera, aldizkaritik aipatu dute Wolfe-Simonen taldearen ondorioak datu okerretan oinarrituta daudela. Horrek ere eztabaida ekarri du; izan ere, aldizkariak onartu du ikerketa-taldeak ez zuela jokabide makurrik edo iruzurrik egin. Besterik gabe, nahi gabeko akatsak egin zituzten ikerketan eta ondorio okerretara iritsi ziren. Zein da, baina, eztabaida? Hain zuzen, aldizkariaren arauen arabera lan bat atzera botatzeko, jokabide gaiztoren bat egon dela frogatu behar da; esate baterako, zientzialariek datuak nahita manipulatzea.

Aldizkariko arduradunek argitaratutako editorialean azaldu dutenez, edozein kasutan, lan hori ez zen inoiz argitaratu behar. Egileek berriro ere adierazi dute ez zutela nahita oker jokatu eta oraindik ere haien emaitzen zuzentasuna babesten dute. Egileek aipatzen dute 2010. urtean argitaratutako lanak akatsak izan badituela, baina ez direla esanguratsuak eta ondorioak zuzenak direla. Hortaz, zientziaren printzipioen arabera, zientzia-komunitateak eztabaidatu beharko lituzke emaitzak, sakonki, eta ez aldizkariko argitaratzaileek. Egileen iritziz, zientzia-komunitateak eztabaidatu behar du ondorioak zuzenak diren ala ez, baina eztabaida hori gertatu ahal izateko, ikerketa-lanak argitaratuta egon behar du. Diotenez, haien lanean ez dago jokabide makurrik eta lana eztabaidagarria da, bai, zientziako beste edozein lan eztabaidagarria izan daitekeen bezala.

Edozein kasutan, ikerketa-lan hori atzera bota izanak ez du esan nahi muturreko egoeretan bizia ezin denik egon edo, jakina, sei bioelementu horiek gabe bizia ezin denik egon. Oraingoz, azken horren aldeko frogarik ez dagoela esan nahi du. Aipatzekoa da, bestalde, ondorio guztiak ez direla berdinak. Hain zuzen ere, Wolfe-Simon eta haren lankideek argitaratutako lanak zientziaren ideia nagusi baten kontrakoak ziren eta, Sagan-en estandarrak dioen bezala, aparteko baieztapenek aparteko frogak behar dituzte.

Azken ohar modura, ezin da aipatu gabe utzi Felisa Wolfe-Simon ikertzaileari ─artikulua sinatzen zuen lehen pertsonari─ gertatutakoa. NASAk jatorrizko artikulua argitaratu zenean emandako prentsaurrekoan, Wolfe-Simonek hitz egin zuen ikertzaileen izenean. Ospetsu egin zen, eta egun gutxi batzuetan sare sozialen kritika bortitzak pairatu zituen. The New York Times egunkariari kontatu dion bezala, kritika horien ondorioz NASAtik alde egin behar izan zuen eta ez zuen inoiz beste ikerketa-bekarik lortu. Zientzia albo batera utzi behar izan zuen eta musikara bideratu zuen bere ibilbidea. Haren kide gehienek, aldiz, zientzian jarraitu ahal izan zuten eta gaur egun ere zientzian dihardute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Wolfe-Simon, Felisa; Switzer Blum, Jodi; Kulp, Thomas R.; Gordon, Gwyneth W.; Hoeft, Shelley E.; Pett-Ridge, Jennifer; Stolz, Jhon F.; Webb, Samuel M.; Weber, Peter K.; Davies, Paul C.W.; Anbar, Ariel D.; Oremland, Ronald S. (2010). RETRACTED: A bacterium that can grow by using arsenic instead of phosphorus. Science, 332, 6034, 1163-1166. DOI: 10.1126/science.119725


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.