Gizakientzat eta planetarentzat, dieta osasungarriagoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Planetarekiko arduratsua den dieta baten eta hilkortasun gutxiago izatearen arteko lotura aurkitu du gaiaren bueltan egin den berrikuspen zabal batek: bereziki haragi gorri gutxiago jatea proposatu dute, barazkien kontsumoa handituz.

Batez ere Mendebaldeko gizarteetan gero eta jende gehiagok ardura berezia dauka dietarekiko, bizimodu azkarra eta elikagai ultraprozesatuak gero eta zabalduago dauden honetan inoiz baino errazagoa baita nork bere burua gaizki elikatzea. Arazoa dirudiena baino larriagoa da, behin baino gehiagotan aipatu izan denez, eta gosea oraindik arazo itzela dela jakinda ere, egunotan kalkulatzen da bost heriotzatik bat elikadura txarrari lotuta dagoela.

Baina horrez gain, ingurumenarekiko kontzientziazioa zabaltzen den heinean, lagun askok planetarentzat horren kaltegarri ez diren elikagaien alde egiten du ere. Bada, bi ardura hauek —giza osasuna eta planetaren egoera— aintzat hartzen duen dieta mota bat mahai gainean dago 2019tik, urte horretan berariaz horretarako bildutako zientzia batzorde batek landutakoa. EAT/Lancet izeneko batzordean bildu zen nazioarteko aditu panel batek PHD dieta —(Planetary Health Diet) ingelesezko akronimoaren arabera—, hots, Dieta Planetario Osasungarria proposatu zuen, eta oraindik gaiaren bueltan ikerketak egiten dira.

Dieta
1. irudia: planetarentzat zein osasunarentzat aproposa den dieta kaleratu zuten duela hainbat urte. Orain, datuek dieta horren onurak berretsi dituzte. (Argazkia: Brooke Lark – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Izena nahiko argigarria da: dieta osasuntsua eta ingurumenarekiko arduratsua den dietatzat jotzen da. The Lancet aldizkariak antolatutako paneleko adituek beren proposamenean diote “mundu mailan elikadura sistemaren erabateko aldaketa urgentziaz eraldatu” beharra dagoela. 2050. urterako munduan 10.000 milioi lagun inguru egon daitezkeela aintzat izanda, eraldaketa hori are beharrezkoago ikusten dute. Baina hasierako deialdi horretan ere nabarmendu nahi izan zuten mundu mailako dieta aldaketa batek gizakien osasunaren onerako izango zela, eta kalkulatu zuten elikadura ohiturak aldatzeak urtero 11 milioi bat heriotza goiztiar saihesteko bidea izan ahal zela.

Azken hamarkadetan nagusitu izan den dieta ereduari aurre egin nahi zaio proposamen honen bitartez. Batez ere haragiaren eta janari ultraprozesatuen kontsumoan oinarrituta dagoen dieta baten aurrean, dieta berri hau babesteko argudio nagusiena da landare jatorriko proteina gehiago duen dieta osasuntsuagoa dela, eta gutxiago kutsatzen duela ingurumena. Tartean, elikagaiak sortzeko erak lotuta daudelako negutegi efektuko gasen isuriekin, uraren erabilerarekin edo lurzoruen narriadurarekin.

Panel honetako adituek ordenagailu bidezko simulazioetan oinarrituta ikusi zuten orain arte bezala jaten jarraituz gero 2050. urterako berotegi efektuko isuriak bikoizteko arriskua dagoela. Aldiz, landare oinarriko dietak jarraituz gero isuri horiek % 80 gutxitu ahalko zirela zenbatetsi zuten.

Egun bakoitzeko 2.500 kaloria dituen dieta da, baina horietatik soilik 30 kaloriaren kasuan proposatzen dute hegaztienak ez diren haragietatik izatea. Horrek esan nahi du funtsean haragi gorriak ia-ia alboratzen dituela PHD dietak. Kontrara, proteina gehienak lekaleetan, fruitu lehorretan, hegaztietan eta arrainetan leudeke.

Duela gutxi Science Advances aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean dieta arduratsu honek osasunean izan dezakeen eragina zenbakietara eraman nahi izan dute. Esku artean izan dituzten datuak ez dira edonolakoak izan. Izan ere, 150.000 lagun baino gehiago bildu dituzten bi kohorte erabili dituzte: AEBetako NHANES (42.947 pertsona) eta Erresuma Batuko UK Biobank (125.372 pertsona) izenekoak.

Dieta
2. irudia: animalia jatorriko haragiaren kontsumoak karga erraldoia suposatzen du ingurumenarentzat. (Argazkia: Austin Santaniello – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Baina aldaketa hau ikerketaren oinetako bat baino ez da. Bigarrena, orain arte landu izan den zientzia literaturaren gaineko metaanalisi zabala izan da. Horretarako, gaiaren bueltan egin izan diren 37 ikerketa aintzat hartu dituzte —horietan, guztira, hiru milioi lagun inguruk parte hartu dute–.

Dieta mota hau gehien jarraitzen dutenek ezein gauzagatik hiltzeko arrisku gutxiago daukatela ondorioztatu dute. Erresuma Batuko kohortearen kasuan —parte hartzaile gehien dituen taldea dela gogoratu beharra dago—, minbiziagatik eta arnas aparatuari lotutako gaitzengatik hiltzeko arrisku gutxiagorekin lotu dute elikadura mota hau. Oro har, koloneko eta ondesteko minbizia, biriketako minbizia, bihotzeko gaixotasunak, istripu kardiobaskularrak eta diabetesa izateko arrisku gutxiago aurkitu dituzte ikertzaileek.

Bestalde, dieta mota hau jarraitzen duten pertsonen ezaugarriak aztertu dituzte: bereziki emakumezko helduak dira. Bitxia bada ere, gehiago jaten duten arren, batez bestekoa baino gorputz masaren indize baxuagoa izan ohi dute. Horrez gain, ikasketa maila eta diru sarrerak altuagoak dauzkate.

AEBetako kohortearen kasuan, 9,3 urteko jarraipenaren ondoren, edozein arrazoigatiko hilkortasuna % 23 gutxitu dute; bihotz gaixotasunengatik, % 19; eta beste horrenbeste bestelako zioen kasuan. Erresuma Batuaren kasuan, 12,3 urteko jarraipena izan da, eta datuetan arakatuz ikusi dute hilkortasuna % 16 gutxitu dela. Minbiziaren kasuan ere % 16 gutxitu da, eta arnas aparatuari lotutakoetan, berriz, % 61 gutxitu da.

3,2 milioi parte hartzaile aintzat hartu dituzten 37 ikerketen kasuan, horien berrikuspenak honako emaitzak eman ditu. Dieta mota hau gehiago jarraitu dutenen artean minbiziagatiko heriotza % 11 gutxitu da, eta portzentajea 17 % gutxiago izan da gaixotasun kardiobaskularretan. Heriotza zio guztiak aintzat hartuta, portzentajea % 21 izan da. Korrelazioa aztertzean, erlazio lineala aurkitu dute: dietarekiko atxikimendua gero eta handiagoa izan, orduan eta heriotza arrisku gutxiago izan dute, eta gaitz kronikoak izateko joera gutxiago, adina, sexua, gorputz masaren indizea, sarrera ekonomikoak edo bizitza ohiturak ezein direla ere.

Emaitzak horren argiak izanda ere, ohi bezala, tentuz hartu behar dira korrelazioan –eta ez kausalitatean— oinarritzen diren ikerketa guztiak. Bestetik, dietari buruzko informazioa parte hartzaileek berek betetako galdetegietatik abiatzen dela aintzat hartu behar da. Egileek berek onartzen dute parte hartzaileen jarduera fisikoa edo estres mailak ezin izan direla ondo jaso. Azkenik, AEBetako eta Erresuma Batuko kohorteak direla kontuan hartu beharra dago; hortaz, agerikoa da mendebaldeko zenbait gizarteren isla baino ez direla emaitzak. Baina zalantzarik ez dago zenbakietara ez dela zertan joan dieta arduratsu bat jarraitu ahal izateko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Wang, Yuanyuan; Pan, Da; Zhang, Chen; Xu, Dengfeng; Lu, Yifei; Yin, Shiyu; Wang, Pei; Xia, Jiayue; Yu, Junhui; Dong, Lirong; Sun, Guiju (2025). Planetary Health Diet and risk of mortality and chronic diseases: Results from US NHANES, UK Biobank, and a meta-analysis. Science Advances, 11, 36. DOI: 10.1126/sciadv.adq5147


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.