Bostak: zientzia edo musika bizimodua ateratzeko

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Musikan aritzen direnek “letretakotzat” jo ohi dute beren burua. Gogoan dauzkat Bilboko “Juan Crisóstomo de Arriaga” kontserbatorioko eskolak, Jesús Alonso Moral nire irakasle maiteak hari dardaratsuak azaltzen zituenean, eta arbelean A anplitude jakin batek, omega maiztasunak eta phi faseak osatzen zuten ekuazio ezaguna idatzi behar zuenean. Ikasleek protesta egiten zioten adierazpen matematikoak ikustean:

“Faborez, letretakoak garela!”

Jesúsek izukaitz erantzun ohi zuen:

“Horregatik jartzen dizkizuet, ba, letrak: A, omega, phi, …”

eta xehetasun osoz azaltzen zuen horien esanahi musikala.

Bizimodua ateratzea

Zientzia eta musika lanbide exijenteak dira, eta prestakuntza, lan, ikasketa eta ahalegin jarraitu handia eskatzen dute horien bidez bizimodua atera ahal izateko. Musikari eta zientzialari handiek, hala nola William Herschel-ek edo Max Planck-ek, zientziarekin bizimodua ateratzea erabaki zuten. Biak dira ezagunagoak zientziaren esparruan egindako ekarpenengatik: Uranoren deskubrimendua, Herschel-en eguzkiaren apexaren kalkulu garrantzitsua, edo Planck-en mekanika kuantikoaren aparteko hastapenak. Hala ere, Herschel-en sinfonia bikainak edo Planck-en pianorako obrak edo Die Liebe im Walde opereta galduak ez dira hain gogoangarriak izan.

Bostak:

Mili Balákirev konpositorea berezko musika errusiarra sortzeko mugimendu baten liderra izan zen San Petersburgon 1856 eta 1870 artean, eta César Cui, Modest Mússorgski, Nikolái Rimski-Kórsakov eta Alexandr Borodín biltzea lortu zuen. Bosten talde horretatik, soilik liderra zen musikari profesionala –urte batez matematikak ikasi zituen Kazango Unibertsitatean, baina ikasketak utzi zituen–.

bizimodua
1. irudia: bostak. Ezkerretik eskuinera eta goitik behera: Mili Balákirev, César Cui, Modest Músorgski, Nikolái Rimski-Kórsakov eta Aleksandr Borodín. (Argazkia: jabari publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Egia esan, zientziak eta musikak ez dute ahalbidetzen lasaitasunez bizi ahal izatea. Cui ingeniaria zen, baina armada inperialeko jeneral izatetik bizi zen. Mússorgski-k musikari autodidakta izan nahi zuen, baina jaso ahal izan zituen ordainsari urriak funtzionario zibila izatearen ondorioz jaso zituen. Rimski-Kórsakov Errusiako armadaren nominaren menpe bizi izan zen: eskolak eman zituen San Petersburgoko kontserbatorioan uniformea jantzita, eta itsas armadako bandetako ikuskari gisa amaitu zuen. Borodín-ek medikuntza ikasi zuen, zehazki, kimikako espezializazioa, eta esparru horretan lan egin zuen bizitza osoan.

Borodín eta zientzia

Bosten taldeko kideak bere musikagatik gogoratzen ditugu, baina ez zuten horren bidez bizimodua ateratzea lortu. Borodín-en kasua bereziki nabarmentzekoa da, bere ekarpen zientifikoen nahiz musika obren kalitate bikainagatik. San Petersburgoko Medikuntza eta Kirurgia Akademian graduatu zen, eta 1858an doktorego tesia defendatu zuen gai honi buruz: “Azido fosforiko eta artsenikoen arteko analogia, ikuspegi kimiko eta toxikologikotik”. Aurrerago, zenbait egonaldi egin zituen atzerrian, eta doktorego ondoko kontratu bat lortu zuen Heidelbergeko Unibertsitatean, Robert Bunsen-en laborategiko Emil Erlenmeyer-en taldean.

bizimodua
2. irudia: «Aleksandr Porfiryevich Borodín konpositore eta kimikariaren erretratua» (1888), Iliá Repin-ek egina. (Argazkia: jabari publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Borodín-ek frogatu zuen lehen aldiz ordezkapen nukleofiloa, kimika organikoan garrantzi handia duen erreakzioa. 1861ean metil bromuroa prestatu zuen zilar azetatotik abiatuta deskarboxilazio eta halogenazioko erreakzio konbinatu batean. Lan horretan oinarrituta, 1939an, Cläre eta Heinz Hunsdiecker kimikari alemaniarrek egiaztatu ahal izan zuten azido karboxilikoen zilar gatzek halogeno batekin erreakzionatzen dutenean, substratuak baino karbono atomo bat gutxiago duen alkilohaluro bat osatzen dela. Ondoren, erreakzio hori, Hunsdiecker-ek patentatutakoa, Hunsdiecker-en erreakzio edo, batzuetan, Hunsdiecker-Borodín-en erreakzio gisa egin zen ezagun.

Borodín eta hezkuntza zientifikoa

XIX. mendean, Errusian ez zen inolako hezkuntza zientifikorik eskaintzen emakumeentzat. Eta horren garrantziaz jakitun, 1872an Borodín-ek beste kide batzuekin sortu zuen bere herrialdeko emakumeentzako lehendabiziko medikuntza ikastaroa. Ikasketa horiek obstetrizia ikastaro gisa hasi ziren, baina berehala bihurtu ziren emakumeentzako goi-mailako heziketa medikoko ikastaro, eta Borodín-ek dedikazio handia eskaini zien eskolaren administrazioari nahiz irakaskuntzari berari. Azkenean, Emakumeentzako Medikuntza Fakultate bihurtu zuten, eta aurrera atera ahal izan zen pertsona askoren lanari esker eta Alejandro II.a tsarraren babes finantzarioari esker. Hala ere, 1885ean, Alejandro III.aren erreinaldian, agintaritzek Fakultatea itxi zuten. Borodín-ek disgustu handia hartu zuen, eskola mantentzeko eginiko ahalegin guztiek porrot egin baitzuten.

Borodín eta musika

Borodín-ek ezin izan zion denbora handia eskaini musikari, Rimski-Kórsakov-ek adierazi zuen moduan. Borodín-en eta bere emaztearen —Ekaterina Protopópova pianista— etxe familiarrera egindako bisitetan, Rimski-k lagunari esaten zion denbora gehiago bidera zezala musikara, eta ez hainbeste kimikara. Franz Liszt boteretsuak ere babestu zituen Borodín-en obra batzuen estreinaldiak Europa osoan, eta, dirudienez, Borodín-ek Weimarrera eginiko bisitaldi batean, musikari handiari eskertu zion bere esku-hartzea, baina umilki aitortu zion “igandeko” konpositore bat besterik ez zela.

1881eko udako oporretan, Borodín-ek lortu zuen denbora laburrean bere 2. hari-kuartetoa konposatzea. Lirismo eta adierazpen handiko obra da, eta bere Katenka maiteari dedikatu zion, ezkontza urteurreneko opari gisa. Adierazi behar da bere operarik garrantzitsuena Igor printzea izan zela; horren hiru sinfoniak garrantzi handiko obrak dira eta Errusiako eskolari ospea eman zioten munduan. Hala ere, Borodín-en izaeraren alderdirik bereziena obra apalagoetan hauteman daiteke, benetan ederra den inspirazioz eginda daudenak eta zeinetan harmonia nagusi den:

Iturriak:


Egileaz:

Víctor Etxebarria Ecenarro Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga Kontserbatorioan diplomatutako luthierra da, eta Sistemen Ingeniaritzako eta Automatikako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU).


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko irailaren 21ean: El Grupo de los Cinco: ciencia o música para ganarse la vida

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.