Zazpigarren arteak sarri erakutsi dizkigu hipotermiak sor ditzakeen arazoak eta hilgarria izateraino hel daitekeela: ospetsuak dira Titanic (James Cameron, 1997), The Shining (Stanley Kubrick, 1980) edo La sociedad de la nieve (Juan Antonio Bayona, 2023); baina fikziotik haratago, besteak beste mendian edo itsasoan gertatzen diren istripuek giza gorputzean hipotermia sortzeko arriskua izaten dute. Zer gertatzen da, ordea, ikuspegi fisiologiko batetik eta zergatik izan daiteke hilgarria?
Salamancako Unibertsitateko hiztegi mediko-biologikoaren arabera, hipotermia gorputzeko tenperatura hozbero normaletik behera jaisten denean gertatzen den fenomenoa da. Tenperatura-jaitsiera 35ºC-tik behera jotzen da kritikotzat, eta momentu horretan hasten dira erantzun fisiologikoak homeostasiari eusteko ahalegin moduan.

Hasierako fasean gure gorputzeko tenperatura 35ºC-32ºC bitartean dagoenean, hipotalamoak ―gure gorputzeko termostatoak― nabaritzen du eta erantzunak bidaltzen ditu. Azaleko odol-hodietan basokonstrikzioa gertatzen da. Giza gorputz heldu batek batez beste 1,7-m2 ko azalera du; hortaz, azala, kanpoaldearekin kontaktuan, beroa galtzeko iturri garrantzitsu bat da. Barne-organoen beroa mantentzeko eta ahalik eta bero gutxien galtzeko, azaleko odol-hodiek txikiagotu egiten dute diametroa eta gutxitu egiten da odol-fluxua azalean. Katekolaminak jariatzen dira, estresaren hormona gisa duten zeregina betez, eta muskuluak nahi gabe uzkurtzen dira eta dardarka hasten gara; horrela mugimenduak berak beroa sortzen du. Nahi gabeko uzkurketa horrek bost aldiz handitu dezake tasa metabolikoa. Gorputza berotzeko beste estrategia bat bihotz-taupaden eta arnasketaren azkartzea izaten da. Baina tenperatura-jaitsierak jada sortuak ditu lehenengo ondorioak: nerbio-sistema zentralean eragiten du eta koordinazio-arazoak agertzen dira.
Tenperatura 32ºC-28ºC bitartera jaisten bada, egoera kritikoa bilakatzen da. Metabolismoa jaitsi egiten da, 1ºC bakoitzeko % 7 inguru, erreakzio biokimikoek zailtasunak dituztelako tenperatura baxuetan gertatzeko. Dardara-mekanismoa gelditu egiten da. Nerbio-sistema zentralean, batez ere garunean, areagotu egiten dira kalteak. Kasu batzuetan hainbestekoa da nahasmendua, non biluztu egiten baitira pertsona batzuk fase honetan. Poliki-poliki bradikardia progresiboa gertatzen da; hau da, mantsotzen doaz bihotz taupadak. Tenperatura hauetan oxigenoa indartsuago lotzen zaio hemoglobinari eta ehunetara heltzean ez da behar den beste askatzen; ondorioz, jaitsi egiten da ehunetan oxigeno kopurua.
Tenperatura 28ºC-tik jaistean asko jaisten da nerbio-sistema zentraleko aktibitate elektrikoa eta koma-egoeran geratzen da pertsona. Oxigeno eskuragarria jaistean, zelulek hartzidura laktikoaren bidez lortzen dute energia eta pilatu egiten da azido laktikoa: gorputza azidifikatzen du horrek. Presio arteriala gutxitu egiten da eta odola dentsoagoa bihurtzen da. 25ºC gradutik jaisten bada atzeraezina bihurtzen da egoera eta huts multisistemikoa gertatzen da; hau da, huts egiten dute gorputzeko organo guztiek. Momentu horretan “berotzearen paradoxa” gertatzen da. Gorputzak barnealdean duen odol beroa azalerantz bidaltzen du eta bero-sentsazio sendo bat gertatzen da hil aurreko momentu horretan. Medikuntzaren arlo honetan bada esaldi ospetsu bat honela dioena: “inor ez dago hilda bero eta hilda egon arte”.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Dicciomed.usal.es. Hiztegi mediku-biologikoa, historikoa eta etimologikoa, Hipotermia. https://dicciomed.usal.es/palabra/hipotermia
- Guyton, Arthur. C; eta Hall, John E. (14. edizioa 2021). Tratado de fisiología médica. Elsevier. ISBN:8413820138.
- Brown, Douglas J.A.; Brugger, Hermann; Boyd, Jeff; Paal, Peter (2012). Accidental Hypothermia. The New England journal of medicine, 367(20):1930-1938. DOI: 10.1056/NEJMra1114208
- Pölderman, Kees H. (2009). Mechanisms of action, physiological effects, and complications of hypothermia. Critical care medicine, 37 (7 Suppl):S186-S202. DOI: 10.1097/CCM.0b013e3181aa5241
Egileaz:
Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.