Katuen jatorria argitu dute, antzinako DNAren bidez

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Katuen jatorria argitu dute, antzinako DNAren bidez

Europan etxekotutako katuak duela bi milurteko iritsi zirela ondorioztatu du ikerketa genetiko batek, orain arte uste zena baino askoz beranduago.

Txakurrekin gertatzen den bezala, katuak (Felis catus) milioika pertsonen eguneroko lagunak dira. Munduan mila miloi katu baino gehiago daudela kalkulatzen da. Horrenbesteko gertutasuna izanda, logikoa da pentsatzea harreman hori oso aspaldikoa dela, eta zibilizazioaren oinarriak jarri zituen Neolito arotik bertatik abiatzen dela. Europaren kasuan, bederen, badirudi gauzak ez direla hala, gaiaren bueltan egin den azken azterketa batek ebatzi duenez.

Orain arte uste zen etxekotutako katuak Ekialde Hurbiletik iritsitako lehen nekazariekin batera heldu zirela Europara. Uste hori aztarna arkeologikoen azterketan oinarritu izan da, baina horrelako aztarnak urriak izan ohi dira, eta zaila izan da ere etxekotutako eta basa katuak bereiztea. Horien artean, nabarmentzekoa da Zipren K. a. 7.500 urtearen inguruan datutako aztarnategi bat. Bertan, giza hilobi batean katu bat agertu zen ehortzita, eta horregatik pentsatu da Ekialde Hurbileko lehen nekazaritza komunitateetan etxekotu zituztela katuak aurrenekoz.

katuen
1. irudia: orain arte uste zen etxekotutako katuak lehen nekazariekin batera iritsi zirela Europara, baina askoz geroago izan zela argitu dute orain. (Argazkia: Trà My / Unsplash)

Baina, horrez gain, ez dago katuen aztarna arkeologiko ugari, eta, txakurrekin ez bezala, felido hauen kasuan ez da erraza bereiztea basa katuak ala etxekotutakoak ote diren. Besteak beste, baliteke gizakiek katu horiek ehizatu izana, haragia edo larrua eskuratzeko, edota gizakien inguruan bizi izana —gaur egun kurloiak edo saguak bizi ohi diren moduan—, baina benetako etxekotzea gertatu gabe. Denborarekin, baina, eta maskota izan ez arren, seguruenera Neolito aroko zenbait lagunen maitasuna irabaziko zuten ingurura hurbiltzen ziren katu horiek.

Orain arte egindako azterketa genetikoak, bestalde, ez dira oso lagungarriak izan kontua ebazterakoan. Zenbait azterketak iradoki dute Afrikako basa katutik eratorriak direla etxekotutako katuak, baina beste zenbait ikerketa genetikok diote katuak egungo Turkiatik hedatu zirela, Neolito Aroko lehen nekazariekin batera. Duela 6.000 urte inguru gertatu zen zabalpena, baina, hemen ere, ez zegoen argi benetan etxekotutako katuak ala basa katuak izan ote ziren.

Bitxia bada ere, informazio genetiko gutxi dago katuen inguruan, eta hutsune hori betetzen ahalegindu dira Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Ikerketa berri honek ukatu du etxekotutako katuak horren goiz etorri zirenik; kontrara, Europan benetan duela bi milurteko etorri zirela babestu dute.

Ikerketa egiteko 87 genoma aztertu dituzte, bai antzinakoak —70 genoma, K.a. 9.000 urtetik XIX mende artekoak— zein gaur egungo basa katuenak —17 genoma—. Azken hauek Europakoak, Ipar Afrikakoak eta Anatoliakoak izan dira. Aintzat hartu behar da katuen kasuan orain arte egin diren antzinako genomen azterketa gehienak DNA mitokondrialean oinarritu direla, baina gogoratu beharra dago horiek ama bidezko lerroa baino ez dutela adierazten. Oraingoan, baina, nukleoko genoma osoa erabili dute. Horrek ikuspegi zabalagoa eman die zientzialariei, bereizmen handiagoa eskuratuz. Ikerketa honetako egile nagusi Claudio Ottonik berak 2017an ondorioztatu zuen etxekotutako katuak duela 6.500 urte inguru zabaldu zirela Ekialde Hurbiletik. Baina ondorio horretara iristeko DNA mitokondrialaz baino ez zen baliatu.

Azken datuak eskura, ondorioztatu dute Europara K.a. 200. urtea baino lehenago bizi ziren antzinako katuak ez zirela gaur egungo katuen arbasoak. Argudiatu dutenez, garai goiztiar hauetan aurkitutako katuek ez dute adierazten etxekotutako katuen lehen zabalpen bat. Kontrara, K.a. 2.000 urte horren bueltan kokatu dute etxekotutako katuen agerpena Europan. Hots, sinetsita daude jatorria Ipar Afrikan egon zela, Ekialde Hurbilean beharrean.

katuen
2. irudia: egungo katuen zein antzinako DNA aztertu dute katuen jatorria argitzen saiatzeko. (Irudia: Patrizia Serventi / ERC-Felix proiektua)

Afrikako eta Ekialde Hurbileko katuen (Felis lybica lybica) genoma mitokondriala edukita ere, nukleoko eskalan Europako basa katuen (Felis silvestris) barruan kokatzen dira laginak. Horregatik, uste dute Europan eta Anatolian aurkitu izan diren lehen felidoak basa katuak zirela, eta ale horiek ez direla etxekotze baten emaitza. Lehen garai horietan basa katuetan mestizaia egon zela ikusi dute, eta hortik etorri zitzaien Anatoliako datuen informazio genetikoa DNA mitokondrialean. Baina etxekotutako katuak geroago etorri bide ziren.

Behin Afrikatik iritsita, Europan zehar zabalpen arina izan zuten. Hein handi batean, Erromako legioen eta merkatarien bitartez zabaldu zirela uste dute. Kasurako, ikusi dute horrela iritsi ahal izan zirela Bretainia Handira I. mendean. Feniziar eta kartagotar merkatariek Mediterraneoan zehar zabaldu zituztela uste da. Ezaguna da katuak iaioak direla saguak ehizatzeko orduan, eta, berez, balio handikoak izan ziren zereak aleak garratzean. Behin itsas portuetara iritsita, lur idorreko bideen bidez azkar zabaldu izan ziren.

Bestetik, erromatar zibilizazioarekin batera zabaldu ziren hiriek katuentzako inguru egokia ahalbidetu zuten, seguruenera. Besteak beste, Austria, Serbia eta Bretainia Handiko erromatar kanpaleku militarretan aurkitu dituzte katuen arrastoak. Europan geratu den etxekotutako katu baten arrasto zaharrena gure aroko lehen mendean kokatu dute: Mautern (Austria) hiriko erromatar kanpaleku batekoa da genomarik zaharrena.

Argudio hau indartzen duen datua da Sardiniako basa katuek —gaur egungoek zein antzinakoek— lotura handiagoa dutela Afrikako katuekin etxekotutako katuekin baino. Izan ere, Sardinian aztertutako alearen DNA bat dator Marokon aurkitutako beste batekin. Ez dirudi direnik, beraz, gerora basati bihurtu ziren etxekotutako katuen ondorengoak. Hori dela eta, egileak sinetsita daude ezagutza honek are beharrezkoago bihurtzen duela Sardiniako katu hauen kontserbazioa.

Txinaren kasuan, beste ikerketa batean ondorioztatu dute duela 1.400 urte inguru hara iritsi zirela, seguruenera Zetaren Bidetik.

Etorkizunean ikertzaileek Afrikan gertatu zen katuen etxekotzea aztertu asmo dute. Besteak beste, Antzinako Egipton momifikatutako katuen analisi genetikoa egin nahi dute, zibilizazio horretan katuek garrantzi handia izan zutela erakusten dutelako bertako arteak zein idazkunek.

Erreferentzia bibliografikoa:

De Martino, M.; et al. (2025) The dispersal of domestic cats from North Africa to Europe around 2000 years ago. Science, 390, eadt2642 . DOI: 10.1126/science.adt2642


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.