Nola jakin daiteke errealitatea ez dela nire buruak sortutako amets bat?
“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.
Bergarako Aranzadi Ikastolako 3. DBHko ikasleen galdera: Nola jakin daiteke errealitatea ez dela nire buruak sortutako amets bat?
“Eta guztia ametsa balitz?”
Guztiok egin diogu gure buruari galdera hori noizbait. Oso ohikoa den esperientzia batetik jaiotzen da: burua mundu osoak sortzeko gai da, “hor kanpoan” ezer ez badago ere. Horixe egiten du amesten dugunean, imajinatzen dugunean, gogoratzen dugunean edo oraintxe bertan gertatzen ez den zerbaiti buruz pentsatzen dugunean.

Guztiok izan ditugu amets biziak, zeinetan tokiak ikusi ditugun; pertsonekin hitz egiten dugun; beldurra, poztasuna edo sorpresa sentitzen dugun; eta aparteko gauzak egiten ditugun. Nire buruak benetakoak diruditen esperientziak sor baditzake lo egiten dudan bitartean, nola dakit orain ez dela gauza bera egiten ari?
Amestea errezeta gabeko plater bat kozinatzea bezala da
Lo egiten dugunean, gure burmuinak ez du etengabe jasotzen kanpoko munduari buruzko informazioa, esna gaudenean gertatzen den bezala, baina aktibo jarraitzen du, eta esperientzia osoak eta sofistikatuak sortzeko gai da. Horretarako, lehendik dituen osagaiak erabiltzen ditu: oroitzapenak, emozioak, ikasitako ideiak, filmetan edo bideojokoetan ikusitako irudiak eta munduaren funtzionamenduari buruzko istorioak eta ezagutzak.
Elementu horiek guztiak berrantolatu egiten dira, eta logika arrazionalari jarraitu gabe konbinatzen dira, emozioek eta lotura pertsonalek gidatuta, batik bat.
Esan liteke errezeta barik kozinatzea bezala dela: osagai asko ditut, baina inork ez dit esaten zenbat erabili horietako bakoitzetik. Beraz, nahi dudan moduan nahasten ditut. Platerak zapore arraroak izan ditzake, ametsek bezala, arraroak, aldakorrak, eta, batzuetan, bitxiak izaten baitira. Amestu dezakezu martetarrekin topo egiten duzula edo musika entzun dezakezu, zure gela isil-isilik egon arren.
Are gehiago, sabeleko mina baduzu, beharbada amestuko duzu norbaitek kolpe bat eman dizula: burmuinak gorputzaren edo kanpoko seinale biziak ere gehitu ditzake, eta istorioaren parte bihurtu.
Baina, zer zentzu dauka? Ametsak ez dira errealitatea ordezkatzen saiatzen. Karl Friston neurozientzialariak proposatzen du burmuina beti saiatzen dela gertatuko denari aurrea hartzen. Lo egiten dugun bitartean, hori egiten jarraituko luke, baina kanpoko informazio eta zuzenketa barik. Horrek aukera emango lioke egoerak “entseatzeko” eta ordura arte ikasi duguna doitzeko; horrela, etorkizunerako prestatzen lagun liezaguke.
Zer gertatzen da esna gaudenean?
Esna gaudenean, burmuinak beste modu batean funtzionatzen du. Orain gure inguruan gertatzen denak etengabeko eragina du gure esperientzian. Norbait zugandik hurbil erortzen bada, automatikoki begiratzen duzu.
Gainera, burmuineko hainbat aldek, bereziki kontrolari eta arretari lotutakoak, modu koordinatuan aktibatzen dira. Buruak, esperientzia sortzeaz gain, hura gainbegiratzen eta behar denean egokitzen du. Imajina ezazu lagun bati mezu bat idazten ari zatzaizkiola eta ohartzen zarela gogaitu dezakeen zerbait esan behar zeniola. Gelditu egiten zara, esaldia hobeto pentsatu eta aldatu egiten duzu. Kontrol hori ez da ia inoiz gertatzen ametsetan.
Esna gaudenean, gure pertzepzio mekanismoak ez dira estimulu isolatuak atzematera mugatzen, baizik eta munduaren eta gure buruaren irudikapen koherentea eraikitzen dute. Horrela, ez dut hautematen nire etxea zerutik zintzilik dagoela, fisikaren legeek ez dutelako ahalbidetzen.
Gainera, memorian gordetzen dugu esperimentatzen duguna, eta informazio hori ondoren zer egingo dugun erabakitzeko erabiltzen dugu. Gogoan dut, adibidez, nire laguna kanpoan egongo dela asteburuan, eta, beraz, ez diot galdetzen zinemara etorriko den. Ametsetan, aitzitik, agertokiak bat-batean aldatzen dira. Gertatu berri dena ahazten dugu eta istorioa aldatu egiten da gu harritu gabe.
Loaren paralisia: amets egitea eta esna egotea nahasten direnean
Noizbait esnatu zara eta ohartu zara ezin zinela mugitu? Besoa altxatzen edo laguntza eskatzen saiatzen zara… baina zure gorputzak ez du erantzuten. Segundo batzuk irauten duen arren, betiko dela dirudi. Loaren paralisia da.
Kontua da zure ohean zaudela jakitea ahalbidetzen dizun burmuinaren atala dagoeneko esna dagoela, baina beste zati batzuek REM (begien mugimendu azkarra adierazteko ingelesezko siglak) loaldian jarraituko bazenu bezala funtzionatzen dutela; une horretan gertatzen dira ametsik garbirik eta bizienak.

REM etapan zehar burmuinak muskuluen atonia izeneko segurtasun sistema aktibatzen du. “Etengailu” bat jaitsi balu bezala da, ihes egiten edo borrokan ari zarela amesten duzun bitartean muskulu guztiak itzaltzen dituena, salto egin, korrika egin edo inor jo ez dezazun. Ez die eragiten funtsezko muskuluei (hala nola arnas-muskuluei); horregatik jarraitzen dugu normaltasunez arnasa hartzen.
Loaren paralisian, etengailu hori ez da garaiz itzaltzen, zure burmuina esnatu den arren. Zure gorputzak “lo moduan” jarraitzen du. Hala ere, irudiak, emozioak eta eszenak sortzen dituzten burmuinaren alde batzuek aktibo jarraitzen dutenez, baliteke itzalak edo munstroak ikustea edo zarata arraroak edo urratsak entzutea. Ezin zarenez mugitu, zure alderdi kontzienteak arriskutsua izan daitekeen egoera bat detektatzen du, eta, oraindik lo moduan zaudenez, sentsazio horrekin bat egiten duten irudiak sortzen ditu.
Hortaz, esperientzia subjektiboa ez da guztia edo ezer ez: batzuetan, uste dugu erabat esna gaudela, eta, hala ere, gure burmuinaren zati batek ametsetan jarraitzen du.
Orduan, nola dakigu esna gaudela eta ez ametsetan?
Zientziak ez du behin betiko frogarik eskaintzen, baina erakusten du esna egotearen esperientzia desberdina dela: egonkorra, jarraitua eta gure nahiekiko erresistentea. Imajina dezakegu horma bat zeharkatzen dugula, baina hormak ez digu uzten. Gainera, gure inguruan gertatzen denak etengabe eragiten du egoera interpretatzeko dugun moduan.
Orain imajina ezazu amesten duzula institutuko txirrinak jotzen duela eta berandu heltzen zarela azterketa batera. Larri egiten duzu korrika korridoreetan zehar, zure ikasgela bilatzen duzu… Bat-batean, begiak zabaltzen dituzu. Soinuak entzuten jarraitzen duzu… baina orain zure logela ikusten duzu. Zarata zure iratzargailutik dator. Une horretan, guztia aldatzen da: honako hau pentsatzen duzu: “A, bale… ametsa baino ez zen. Oraindik etxean nago”. Bizitza errealean, esperientzia bat dator kanpoan gertatzen denarekin. Ametsetan, ostera, hori ez da gertatzen: burmuinak istorio bat sortzen jarraitzen du, dena bat etor dadin.
Horregatik, ez dakigu esna gaudela hala erakusten dugulako, baizik eta horrela bizitzen delako esna egotea.
Eta zientziak esperientzia horiek nola eraikitzen diren ulertzen lagundu arren, ez du galdera erabat ezabatzen. Zalantza hori izan du gizateriak mendeetan zehar, Pedro Calderón de la Barcak La vida es sueño lanean adierazi zuen bezala.
Azken finean, amestea eta esna egotea pertsona bakoitzak modu pertsonalean bizitzen eta sentitzen dituen bi esperientzia mota dira. Eta zientziarentzat oraindik zabalik jarraitzen du esperientzia kontzientea benetan zer den eta nola azaltzen den argitzeko arazoak. Gai horri kontzientziaren arazo zaila deritzogu.
Beharbada ezin dugu ziurtasun osoz frogatu bizitza ez dela ametsa. Baina zenbat eta gehiago ikasi gure buruaren funtzionamenduari buruz, orduan eta hobeto ulertzen dugu nola bizi, amesten eta jabetzen garen gure inguruko munduaz.
Eta horrek guztiak aukera ematen digu buruak amesteko, irudikatzeko eta munduak sortzeko duen gaitasun apartaz gozatzeko.
Egileaz:
María del Carmen Sanjuan Artegain Arreta, pertzeptzioa eta motibazioko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU).
Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Cómo puedo saber que la realidad no es un sueño creado por mi mente? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: kzk.komunikazioa@ehu.eus