Gibel koipetsuak larriagotu egiten du koloneko eta ondesteko minbiziaren metastasia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

3 min

Gibel koipetsuak larriagotu egiten du koloneko eta ondesteko minbiziaren metastasia

Koloneko eta ondesteko minbiziaren ondorioz gibeleko metastasia pairatzen duten gaixoen pronostikoa ebaluatzean, medikuak tumoreen tamainan eta foku kopuruan zentratzen dira batez ere. VIB-KU Leuven Minbiziaren Biologia Zentroan egindako ikerketa batek erakusten du gibelaren beraren osasuna (zehazki, bere koipe-maila) gaixotasunaren agresibitatearen faktore erabakigarria izan daitekeela, eta ikuspegi-aldaketa bat ekar lezake horrek.

Koloneko eta ondesteko minbizia, mundu mailan intzidentziari dagokionez, ohikoena da biriketako eta bularreko minbiziaren ondoren. Urtean 2 milioi inguru kasu berri diagnostikatzen dira, eta ia milioi bat pertsona hiltzen dira minbizi mota honen ondorioz. Metastasia da heriotza gehienen jatorria, hau da, kolonetik edo ondestetik askatu eta odol edo linfa-hodien bidez beste organo batera egiten duten jauzia.

Gibeleko
Irudia: gibel koipetsuaren mikroinguruneko mekanismo identifikatuaren eskemak. Mekanismo horrek ordezkapen-metastasiei laguntzen die, MYCren bidezko prolinaren eta kolagenoaren metabolismoaren bidez. (Argazkia: Peng-Winkler, Yiming; et al. 2026)

Koloneko eta ondesteko minbiziak hainbat organo metastatizatzen ditu (adibidez, hezurra, birikak, burmuina, eta abar), baina gibela da guztietan esanguratsuena. Minbizi mota honek afinitate berezia du gibelarekiko, eta sortzen duen metastasien % 80 inguru organo horretan agertzen dira. Jakina da tumore mota bakoitzak organo zehatz batzuk metastatizatzeko joera duela. Fenomeno hori Stephen Paget mediku britainiarrak deskribatu zuen bere «seed and soil» (hazia eta lurra) teorian, XIX. mende bukaeran. Pageten aburuz, tumore mota bakoitzak organo zehatz bat kolonizatzeko joera du, hazi bakoitzak lur mota jakin bat behar duen moduan. Urteen poderioz, berretsi egin da Pageten teoria; izan ere, askotariko mekanismoak deskribatu dira afinitate horren eragile moduan, hala nola biologikoak, anatomikoak eta molekularrak.

Koloneko eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programei esker, metastasi-kasu asko saihestea lortu da, tumore oso txikiak hasierako fasean diagnostikatzea lortu delako; baina minbizi mota honek badu berezitasun bat. Diagnostikatzen diren koloneko eta ondesteko minbizien erdietan gibeleko metastasiak agertzen dira; metastasi sinkronikoak deritze, tumore primarioa eta metastasikoa aldi berean ikusten direlako. Hori horrela izanda, argi dago koloneko eta ondesteko metastasiak sortutako gibeleko metastasia erronka bat dela osasun-sistemarentzat, eta VIB-KU Leuven Minbiziaren Biologia Zentroko Sarah-Maria Fendt irakasleak zuzendutako nazioarteko ikerketak berebiziko garrantzia izan dezake eritasun horri aurre egiteko.

Aipatutako taldeak, koloneko eta ondesteko minbiziaren ondorioz gibeleko metastasia pairatzen duten gaixoak sakonki aztertu ondoren, ikusi du gibel koipetsua zutenek metastasi agresiboagoak izaten zituztela; eta behin tratatuta, gehiago berragertzen zirela. Gibel koipetsua, gibeleko esteatosia bezala ere ezaguna, gibeleko zelula nagusietan —hepatozitoetan— gantz gehiegi pilatzean gertatzen da. Gaixotasun isila da, hasierako faseetan ez duelako sintomarik agertzen. Gehiegizko koipe-pilaketak arazoak sortzen ditu luzera hepatozitoen metabolismoan, eta gibela gaixotzea dakar. Gibel koipetsua bizi-ohiturekin lotzen da gehienbat. Gehiegizko alkohol-kontsumoa eta dieta desegokia (koipe gehiegi eta barazki eta fruta gutxi) aipatzen dira sorburu nagusi moduan.

Gibel koipetsuaren eta metastasi agresiboen arteko korrelazioa ikusteaz harago, ikertzaileak gai izan dira biokimikoki ere deskribatzeko gertaera hori. Hepatozitoetan pilatzen den gehiegizko gantzak MYC proteinaren ekoizpena handitzen du, eta proteina horrek, aldi berean, kolagenoaren produkzioa areagotzen du. Gibela kolagenoz betetzeak minbizi-zelulei ezarpena errazten die, eta horrela sortzen dira metastasi oldarkor horiek. Nolabait, Pagetek aipatzen zuen lurra prestatzen da tumore-zelulak erosoagoa egoteko.

Aurkikuntza horrek berebiziko garrantzia du hainbat ikuspuntutatik. Lehenik eta behin, MYCi975 izeneko MYC proteinaren aurkako inhibitzailea entsegu kliniko aurreratuetan dago, eta horrek etorkizunean terapia eraginkor moduan balio lezake gibeleko metastasi batzuei aurre egiteko. Eta bigarrenik, hainbestetan aipatzen den bizi-estiloa —dietari dagokionez, batez ere— lotzen duelako minbiziaren bilakaerarekin; eta bigarren kasu horretan guztion eskuetan dago bizimodu osasungarriago bat egitea.

Erreferentzia bibliografikoa:

Peng-Winkler, Yiming; Liu, Xiao-Zheng; Verheul, Sanne M. L. et al. (2026). Steatosis shapes prognosis-defining liver metastasis heterogeneity in CRC. Nature, 656, 207–215. DOI: 10.1038/s41586-026-10686-2

Global cancer observatory. https://gco.iarc.who.int/en


Egileaz:

Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.