Mary Watson Whitney edo nola ireki zerua emakumeei

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

5 min

Mary Watson Whitney edo nola ireki zerua emakumeei

Mary Watson Whitney (1847-1921) bere garaiko astronomorik nabarmenenetako bat izateaz gain, Estatu Batuetan emakumeak protagonista zituen zientzia normalizatzeko bidean giltzarrietako bat izan zen. Maria Mitchell ospetsuaren ikaslea eta ondorekoa, Whitney nabarmena izan zen astronomo, hezitzaile eta mentore gisa. Bi hamarkadaz baino gehiagoz buru izan zen Vassar College behatokian eta nazioarteko ospea zuen ikerketa astronomikoko zentro bihurtu zen.

Mary Watson Whitney 1847ko irailaren 11n jaio zen Walthamen (Massachusetts, AEB) XIX. mendearen erdi aldera emakumeetan ohikoa ez zen hezkuntza akademikoa emateko adina baliabide ekonomiko bazuen familia batean. Haurtzarotik ikusi zen matematiketarako dohaina zuela eta Walthameko eskola publikoko maisuek goraipatu egin zuten. Baina Mary gazteak bere garaiko errealitateari aurre egin behar izan zion: anaia Harvardera joan zitekeen arren, berarentzako goi-mailako hezkuntzako ateak itxita zeuden. 1865an Vassar College sortu zen, emakumeentzako soilik zen unibertsitatea; horrek bere etorkizuna aldatu zuen eta erakundeko lehen promozioan sartu zen.

Watson Whitney
1. irudia: Mary Whatson Whitney ikertzaile bikaina izateaz gain, maisu handia eta emakume astronomoen mentorea izan zen. (Argazkia: Vassar University – domeinu publikoan. Iturria: Wikimedia Commons)

Astronomian hasi

Han ezagutu zuen Maria Mitchell, AEBko lehen astronomo akademikoa dela esaten dena, eta berehalako harreman sakona hasi zuten; Mitchellek behin esan zuen ez zekiela zein izan zen aurkikuntza handiagoa bere izena daraman kometa ospetsua aurkitzea edo Mary Watson Whitney «aurkitu» izana.

Prestakuntza aldia ez zen erraza izan, baizik eta oztopoz betetako bidea izan zen. Talentu nabarmena zuen arren, zientzian emakumeentzat aukera mugatuak zeuden eta askotan bigarren mailako egitekoetara mugatzen ziren. Whitney «Hexagonoa» izeneko talde bateko buru izan zen; talde horretan astronomiako sei emakumezko ikasle zeuden eta esaten zuten beren bizkar gainean zama bat zutela: erakustea emakumeak gai zirela eskakizun intelektualeko mailarik gorenenera iristeko. 1868an amaitu zuen lizentziatura, oinarri matematiko sendoa zuen eta zientzian trebatzen jarraitzeko asmo sendoa ere bai.

Watson Whitney
2. irudia: Maria Mitchellen astronomiako sei ikasleen lehenengo taldea, Hexagono izenekoa. Mary Whitney erdian eserita dagoena da. (Argazkia: Vassar Encyclopedia – domeinu publikoan. Iturria: Wikimedia Commons)

Garaiko mugei aurre egiten

Zeruko mekanikan sakondu nahi zuen –diziplina horrek zeruko gorputzen mugimenduak aztertzen ditu beste gorputz masibo batzuek eragintzen dituzten grabitate ondorioak oinarri hartuta– eta Harvardeko Unibertsitatera jo zuen trebakuntza bila. Unibertsitateak emakumeak onartu gabe jarraitzen zuen arren, Benjamin Peirce irakasleak Mary onartu egin zuen bere klaseetara gonbidatu gisa joan zedin. Bien bitartean Harvard Collegeko behatokian aritu zen boluntario gisa.

1872an maisutza titulua lortu zuen Vassar Collegen. Bikaina zen arren, astronomiako lan merkatuaren ateek itxita jarraitzen zuten emakumeentzat. Aldi batez Walthamera itzuli zen ama zaintzera eta hango bigarren hezkuntzako eskolan irakasle izan zen 1876 eta 1881 bitartean; urte haiek bere bizitzan gutxien gogobete zutenak izan zirela esaten zuen, bere prestakuntza aurreratua alferrik galtzen baitzen eskakizun txikiagoko egitekoetan.

Ezagutzeko egarriz, Europara iritsi zen. Ahizpari Suitzara lagundu zion Zuricheko Unibertsitatean medikuntza ikastera, eta bidaia aprobetxatuz hiru urteko egonaldia egin zuen herrialdean; matematikako eta zeruko mekanikako klaseetara joan zen Europako irakasle nabarmenengana, eta trebezia teknikoa indartu zuen.

Estatu Batuetara itzuli zenean Mary Watson Whitneyk irakaskuntza eta ikerketa astronomikoaz zuen gero eta interes handiagoa uztartu zituen. 1881ean jaso zuen nahi zuen deia: Maria Mitchellek Vassar Collegera itzultzeko eskatu zion bere laguntzaile izatera, osasun kaxkarra baitzuen ordurako. Mitchell 1888an erretiratu zenean, behatokiko zuzendaritza eta astronomiako katedra hartu zituen eta 22 urtez kargu horietan izan zen.

Lidergo zientifikoa eta mentoretza

Whitney agintean zela, Vassar College behatokiak aldaketa handia izan zuen: ikuspegi pedagogikoa nagusi zuen erakundea izatetik ikerketa zientifiko zorrotzean erreferente izatera igaro zen. Izan ere, Maryk bazekien zientzian errespetatuak izateko emaitzak ekoitzi behar zituztela emakumeek. Bera zuzendari zela 102 artikulu zientifiko argitaratu zituen behatokiak, zifra harrigarria garai hartarako, eta ondorioz, nazioarteko ospe ikaragarria lortu zuen Vassarrek.

Watson Whitney
2. irudia. Maria Mitchell eta Mary Whitney (1877). (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Bere ikerketaren ardatzak izar bikoitzak, izar aldakorrak, asteroideak eta kometak izan ziren. Aitzindaria izan zen azaleratzen ari ziren tresna teknologikoak erabiltzen –adibidez, argazki-plakak– neurketa astronomikoetarako. Whitneyk parte hartze aktiboa izan zuen zehaztasuna eta zorroztasuna behar zuten proiektuetan, izar aldakorren argiaren kurbak egin zituen, esaterako, funtsezkoak izarren distiraren bariazioa ulertzeko.

Mary Watson Whitney ikertzaile bikaina izateaz gain, maisu handia eta emakume astronomoen mentorea izan zen. Erabat sinesten zuen zientzian aukera profesional oso handiak eskaintzen zizkiela emakumeei, eta etengabe aritu zen lanean emakumeen talentua sustatzeko bekak ezartzeko. Beste behatoki eta profesional batzuekin zituen harremanei esker, bere emakumezko ikasle hainbatek Vassarretik kanpo lortu ahal izan zuten lana, eta goi-mailako erakunde zientifikoetan emakumeentzako lan-esparruak irekitzen lagundu zuen.

Ohoreak eta legatua

1902an, Maria Mitchell Association elkarteko lehenengo presidentea izan zen, irabaz asmorik gabeko erakunde pribatua da eta astronomoaren legatua gordetzeko sortua. American Assotiation for the Advancement of Science elkarteko kide izan zen eta American Astronomical Society elkartearen sortzaileetako bat; elkarte honetan emakumeen diziplina zientifiko aurreratuetan izan zezaketen egitekoaz ikuspegi kritikoa eskaini zuen. Whitneyren esanetan zientziak emakumeei lanerako aukerak eskaintzeaz gain, hainbat alderditatik gizarteari ekarpen esanguratsuak egiteko prestatzen zituen. Bere ikuspegi hori kimika industrialera, arkitekturara eta nekazaritzara ere hedatzen zen, oso baloratutako sektoreak eta ekonomikoki errentagarriak garai hartan.

1915ean erretiratu zen osasun arrazoien ondorioz eta 1921eko urtarrilaren 20a hil zen –73 urte zituela– pneumonia baten ondorioz. Bere testamentuan 5 000 dolar utzi zituen Vassar Collegerako emakumeen ikerketak babesten jarraitzeko, berak hainbeste ahalegin eginda irekitako bidea itxi ez zedin.

Iturriak:


Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko otsailaren 19an: “Mary Watson Whitney o cómo abrir el cielo a las mujeres“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.