Sukaldeko trapu zikinak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zientzia Kaieran sarritan eguneroko bizitzan ikusten edo erabiltzen ditugun elementuetatik abiatuz zientziaz hitz egin daitekeela sarritan frogatu dugu. Elikagaiak hizpide izan ditut behin baino gehiagotan, baina, oraingoan sukalde guztietan dagoen elementu bat erabiliko dugu zientzian murgiltzeko: sukaldeko trapua. Sukaldeko trapuek eta komuneko toallek hainbat misterio gordetzen dituzte -misterio ez oso garbiak-. Ba al zenekien litekeena dela zure sukaldeko trapu zikinean milaka milioi bakterio egotea?

1. irudia: Sukaldeko trapuak bakterioz beteta egon ohi dira, ikerketen arabera. (Argazkia: Hans Braxmeier / Pixabay)

Hainbat ikerketek erakutsi dutenez bakterio heterotrofiko eta enteriko ugari aurki daitezke sukaldeko trapu, zapi, mostratxa eta antzekoetan. Trapu horietan dagoen ingurune umelari esker, mikroorganismoak hedatzeko leku hobeezinak dira. Hori aspalditik ezagutzen dugu: 1995ean egindako ikerketa baten arabera, hogeita hamar bakterio espezie baino gehiago maiztasun handiz aurkitu zituzten sukaldeetan. Horien artean, E. coli, K. pneumoniae, Ent. cloacae, Enterobacter spp., B. subtilis, Bacillus spp. eta Staphylococcus spp. izan ziren ugarienak eta, horietako batzuk, aztertutako sukaldeen %50 baino gehiagotan zeuden. Bakterio kopuruari dagokionez, Enriquez eta bere lankideek frogatu zuten kasu askotan milioi bat unitate kolonia-eratzaile (CFU) baino gehiago daudela sukaldeko trapuetatik erauzitako likido mililitroko. Bide batez, sukaldeko trapuen %14an Salmonella spp. aurkitu zuen Enriquezen taldeak.

Antzeko bidetik, Charles Gerbaren taldeak antzeko lana egin zuen sukaldeko trapuen kasuan eta antzeko emaitzak lortu zituzten. Garbiak diruditen sukaldeko trapuen eta toallen kopuru garrantzitsu batek, %20-40 ingurukoa, bakterioen kutsadura maila altua dute. Komuneko eta sukaldeko toallen kasuan azalpenak ematea erraza da; izan ere, hainbat faktorek laguntzen dute mikroorganismoen maila altu mantentzea. Alde batetik, eskuak ez badira ondo garbitzen, bertan dauden bakterioak toallara igaro daitezke eta bertan arazo handirik gabe hazten dira. Bestetik, aipatutako bide honetatik zein beste batetik toalletara iristen diren bakterioek hezeak dauden toallaren tolesturetan bizileku ederra dute. Hezeak, ilunak eta aireztapen eskasekoak, leku zoragarriak dira komunak bakterioentzat. Sukaldeetan aldiz, elikagaietatik bakterio ugari iristen dira gure etxeetara. Komunetan, gainera, Gerba berak aztertutako beste fenomenoa gertatzen da: geure hondakinak komun-zuloan hustu ondoren, ponpa tiratzean bakterioz betetako bioaerosola sortzen da eta komuneko leku guztietara hedatzen da –Jakinduriek mundue erreko dau saioetan sarritan azaldu izan dudan moduan-.

Charles Gerba mikrobiologoak eta bere ikerketa taldeak egindako azken lanen arabera -emaitzak oraindik ez dira argitaratu- komuneko toallen %90 bakterio koliformeekin kutsatuta dago. Bakterio koliforme horiek uraren eta elikagaien kutsadura mikrobiologikoaren adierazle dira. Hori gutxi balitz, toallen %14ak E. coli bakterioa du. Antzeko bidetik doaz sukaldeetan egindako ikerketen emaitzak -horiek bai, argitaratuta daude jada-. Ikerketa gauzatzeko 82 sukalde trapu aztertu zituzten. Toalla batzuk mila CFU besterik ez zituzten arren, beste batzuetan mila milioi CFU neurtu zituzten. Batez beste, 3,16´108 CFU zeuden aztertutako sukaldeko toalletan. Toallen %89an bakterio koliformeak zeuden eta %25,6ean E. coli identifikatu zen. Bestalde, trapuak zein maiztasunekin garbitzen diren bakterio kopuruarekin lotu ahal izan zuten, alegia, trapua zenbat eta maizago garbitu, orduan eta bakterio gutxiago daude. Hala ere, garbiketak ez ditu bakterioak guztiz kentzen eta, ondo egiten ez bada, bakterio kantitate nabarmenak egon daitezke bertan. Modu argigarrian azaltzen du Gerbak berak: bi egun baino gehiagoz esekita egon den toalla batekin aurpegia garbituta aurpegia komun-zuloan sartuta baino E. coli gehiago hartzen dira.

Ikertzaileen gomendioa toallak bi egunez behin garbitzea da eta sukaldeko trapuen kasuan ere, maiztasun handiz garbitzea aholkatzen dute. Sukaldeko trapuen kasuan, garbiketako metodorik eraginkorrena lixiba dela frogatu du Gerbaren taldeak. Oro har, trapu gehienak nahiko ondo garbitzen dira 4 g/L lixiba kontzentrazioa duen disoluzioan bi minutuz murgiltzen badira. Hala ere, ohartarazten dute, trapuaren materialaren arabera eta bakterio kopuruaren arabera, zenbaitetan oso zaila da garbiketa eraginkorra lortzea. Badaezpada ere, nik oraintxe garbituko ditut nireak…

Erreferentzia bibliografikoa

Gerba, C. P., Tamimi, A. H., Maxwell, S., Sifuentes, L. Y., Hoffman, D. R., & Koenig, D. W. (2014). Bacterial occurrence in kitchen hand towels. Food Protection Trends, 34(5), 312-317.

Informazio osagarria


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.