Hartzen eta gizakien erresumek topo egiten dutenekoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Kanadako mendebaldean bizi diren hartzek azken lau hamarkadetan izan duten jarduna aztertuta, ondorioztatu dute hartz batek 14 urte behar dituela gizakiekin batera lurraldea partekatzen ikasi ahal izateko. Animalia hauen egoera hobetzeko hainbat proposamen landu dituzte.

Etxetik atera aurretik, ez ahaztu autoaren giltzak poltsikoratzeaz. Eta sakelako telefonoa eramateaz. Badakizu, kalera ateratzeko ahaztu behar ez diren gauzatxo horiek. Zorionez, gure ingurua ez da oso arriskutsua. Adibidez, inork ez du espero ataritik metro batzuetara basapizti batekin topo egitea. Baina gauzak bestelakoak dira Svalbard uhartedian. Bertan, kalera atera aurretik, elur-motorraren giltzak, sakelakoa, eta erriflea eraman beharra dago. Bai, erriflea. Izan ere, hartz polar batekin topo egiteko aukerak egon badaude, eta ustekabeko topaldia Disney-ko filmetan agertu ohi dena baino zertxobait problematikoagoa izan daiteke. Zorionez, normalean ez da erabili beharrik, baina, badaezpada, komeni da gertu edukitzea.

Artikoaren altzoan dagoen uhartedi horretakoa muturreko adibidea da, noski. Gizakiaren munduak eta mundu basatiak topo egiten duten horietakoa. Normalean eremuak oso ondo zehaztuta daude: gizakiona (munduko zatirik handiena) eta natura basatiarena (gero eta eremu urriagoa, hain justu). Mundu naturala behin betiko babestu ahal izateko, ekomodernismoak proposatu du bi eremu horiek, gizakiarena eta naturarena, banatzeko beharra; baina gure artean predikazio gutxi izan duen planteamendua da ekomodernismoarena, seguruenera errazagoa delako pentsatzea landa eremuaren despopulazioa arazo handi bat dela, eta aterabiderik ekologikoena dela lurralde osoa gure gain hartzen jarraitzea, sikiera natural-naturalak diren tomate ekologikoak mendiaren puntaren puntan ekoiztu ahal izateko. Zein izango da, ba, hain maltzurra etxe ondoko ortua lantzen pozik eta alai bizi nahi duten 7.000 milioi lagunei elikadura burujabetzaukatzeko?

Errealitatera bueltatuta, eta aterabide hobeagoen faltan, argi dago gaur egun zenbait eremutan bederen gizakiaren eta basapiztien arteko elkarbizitza kudeatu beharra dagoela. Gure artean, otsoaren inguruan piztu dira polemikak, batez ere Araban; eta Pirinio inguruetan ere hartzaren sarrerak eman du zer esatekorik. Halako egoeren kudeaketan aspaldi ari dira ere Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan, eta, seguruenera, bertako lurraldeen tamaina oso desberdina izan arren, hortik ere egongo da zer ikasterik.

1. irudia: Gero eta gehiago, hartzek gizakiekin partekatu behar dituzte haien habitatak. Espero bezala, harreman horretan hartzak izan ohi dira galtzaile ateratzen direnak. (Argazkia: Paxson Woelber/Unsplash)

Bertan pixkanaka hartzak berreskuratzen ari dira, hein handi batean, harrapakari hauen gaineko kontrola helburu zuten gobernu kanpainak bertan behera uzten ari direlako. Baina, modu berean, ondo dakite harrapakari handien basa populazioek gora egiten duten heinean, elkarbizitza zaila izango dela, eta ezinbestean kudeatu beharra dagoela. Irtenbide bila, ideologiei ez baizik datuetara jo dute. PNAS aldizkarian argitaratutako artikulu batean Columbia Britainiarrean eta probintziaren inguruan azken lau hamarkadetan hartzei buruz bildutako datuak aztertu dituzte. Zehazki, bertakoak diren Grizzly hartzei (Ursus arctos horribilis) erreparatu diete —izen zientifikoan bertan igartzen da nolakoa izan den historian zehar eurekiko izan den pertzepzioa—.

Guztira, 1979-2019 urte tartean, 2.669 hartzen bizimoduak aztertu dituzte, hainbat faktore kontuan hartuta: heriotza tasak, mugimenduak, habitataren erabilera eta demografia. Besteak beste, telemetria eta azterketa genetikoak ere baliatu dituzte ikerketa lanean.

Batez ere jakin nahi izan dute nola egokitzen ari diren hartzak, eta gizakiarekin lurraldea partekatzeak zer nolako ondorioak ekartzen dizkien. Eta, agerian utzi dutenez, esperientzia edukitzea hil ala biziko kontua izan daiteke, baita hartzentzat ere.

Ondorioztatu dute batez bestean hartzek 14 urte behar dituztela gizakiekin nola bizi ikasteko. Haatik, arazo da adin horretara iristea zaila dutela, gizakia jaun eta jabe den lurralde batean: soilik 30 hartzetik batek lortzen du adin horretara iristea. Giza presentzia txikiagoa den eremuetan berriz, 5tik batek lortuko du 14 urteren mugarri horretara iristea.

2. irudia: Aautoen harrapaketek kalte handia egiten diote faunari, baina, hartzen kasuan, arazoa handiagoa da: hildako animaliaren usainak erakartzen ditu errepide inguruetara. (Argazkia: Clayton T. Lamb)

Lau hamarkada mahai gainean izateak perspektiba eman die ikertzaileei. Horri esker, beste ondorio interesgarri bat ateratzeko moduan egon dira: hartzen jarduna, gero eta gehiago, gautarra da, iluntasuna nagusi den tarte horretan gizakien presentzia urriagoa delako. Progresiboki, adinean aurrera egiten duten heinean, horrek abantaila txikia ematen die hartzei. Esku artean izan dituzten kalkuluen arabera, harrapakari handi hauek hiru urte dituztenetik urte bakoitzeko %2-3 handitzen dute gaueko jarduna, eta, modu horretan, bizirik irauteko aukerak handitzen dituzte. Ikerketa hau hartzei soilik dagokien arren, beste ikerketa batean ondorioztatu zuten hartzak ez direla gauera egokitzen ari diren ugaztun bakarrak, eta ia prozesu orokorra dela esan daitekeela.

Egileek uste dute harrapakariarekiko “tolerantzia soziala” handitu beharra dagoela: eremu zehatz batzuetan animalia hauen presentzia onartzea ezinbestekotzat jotzen dute; modu berean, gizakiok eta hartzek bestelako bizitokiak ditugula kontuan hartzeko eskatu dute. Elkarbizitza hau sustatu aldera, hainbat irtenbide proposatu dituzte ikerketan. Horien artean, garrantzitsuenetako bat da hartzaren habitata zeharkatzen dituzten errepideetan zirkulazioa gutxitzea. Izan ere, urte bakoitzeko Kanadako probintzia horretan basapiztia handiekin 10.000 talka inguru gertatzen dira.

Talka horiek ekiditeko, animalientzako pasabideak eraikitzea proposatu dute. Horrez gain, hain ezagunak ez diren proposamenak ere landu dituzte. Horietako batek aurrean aipatutako arazoarekin du zerikusia: orain, errepideetako talken ondorioz hilda geratzen diren animalia asko bazterbidean edo inguruetan geratzen dira, eta horien usainak hartzak erakartzen ditu. Bada, horien kudeaketa egokia egiteko proposamena egin diote Kanadako Garraio Ministerioari: animalien zerraldoak hesiz babestutako toki berezietan lurperatzea. Dagoeneko, horri bideratutako hainbat azpiegitura martxan jarri dituzte, antza, emaitza positiboekin. Agian ez dira izango bi espezieen arteko elkarbizitza erraztuko duten aterabide magikoak, baina, behintzat, norabide horretan egindako pauso txikiak izan daitezke. Erriflea eraman behar izan gabe.

Erreferentzia bibliografikoa

Lamb, Clayton T. et al. (2020). The ecology of human–carnivore coexistence. PNAS, 117 (30), 17876-17883. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.1922097117


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.