Espaziora egindako bidaiak mintzagai direnean, Julio Verneren Lurretik ilargira eleberria gogoratzen dute askok. 1865. urtea zen, abenduaren lehena, egun gogoangarria, jaurtigaiak hamarrak eta berrogeita sei minutu eta berrogei segundotan abiatu behar zuen. “Bagoi itxurako” ibilgailu hartan, espazioa zeharkatu eta Ilargia ezagutzeko ametsa zuten hiru gizon zihoazen. Horietako batek, aldez aurretik, etorkizunean bidaia horiek gauza arrunt bilakatuko zirela iragarri zuen: “Laster tren moduko jaurtigaiak sortuko dituzte, eta horiei esker, Lurretik Ilargirako bidaia erosotasunez egingo da. Ez dugu talken, astinaldien eta errailetatik irteteko beldurrik izango, eta berehala iritsiko gara helmugara, nekerik gabe, lerro zuzenean; eta hogei urte igaro baino lehen Lurraren erdiak Ilargia bisitatuko du”.
Planetaren erdia oraindik ez da Ilargia bisitatzeko gai izan, baina askok espaziora bidaiatu ahal izan dute, baita bertan paseoan ibili ere. Ezaguna da Valentina Tereshkovaren balentria. 1963an jaurtitako Vostok 6-an espaziora bidaiatu zuen lehen astronauta eta lehen zibila izan zen. Ezagunak dira ere kosmonautak esan zituen hitzak, ahoskatu bezain laster ospetsu bihurtu zirenak.
“Hemen Chaika, hemen Chaika.
Zeruertzean marra urdin bat ikusten dut: gure Lurra da. Bai ederra! Dena primeran doa.”
Gertaera historiko honen ondoren, 19 urte beranduago hain zuzen, beste bat agitu zen, aurrekoa bezain ikusgarria izan zena: 1982an, Svetlana Savitskaya pilotu eta kosmonautak espaziora bidaiatu zuen, hori lortu zuen bigarrena izan zen. Emakume errekorduna da zalantzarik gabe; espazioan hiru ordu eta 35 minutuz paseoan ibili zen eta bi bidaia burutu zituen lehen emakumea izan zen –1984an jazo zen bigarrena–. Savitskayak berak esan zuenez, protagonista bakarrak gizonezkoak diren diziplina batean, lehen hegaldiaren ostean “inork ez zuen galderarik, inork ez zuen esaten kosmonautika gizonezkoentzat zela soilik. Jada ez zuten hori esan nahi, ez ziren ausartzen, baina jakina, guztiak ez zeuden ados”.
Hegan egin nahi zuen neskatila
Svetlana Savitskaya Moskun jaio zen, 1948an. Haren aita, Yevgueni Savitski, Sobietar Batasuneko aireko armadaren komandantea izan zen. Txikitatik liluratu egin zen aitaren lanbidearekin, zeruak erakartzen zuen hor
nonbait. Hala, hegazkinak gidatuko zituela erabaki zuen. Halaber, hamasei urte zituela, parakaidismoa praktikatzeari ekin zion, gurasoen baimenik gabe. Izan ere, euren alabak ezkutuan egiten zuena ezagutzeko urtebete behar izan zuten. Savitskaya oso trebea zen eta hori nabaria zen: hiru munduko errekor lortu zituen estratosferatik egindako jauzietan, eta hamabost errekor erreakzio-hegazkinetatik egindakoetan.
Zeru-goian marrazten zuen trebetasunari eta haren kemenari men eginez, 1972an, Moskuko Abiazio Institutuan eman zuen izena. Ikasketak amaitu ostean, begirale gisa lan egin zuen. Horren ondotik, hegazkin-pilotuen eskolan ikastaro bat egin zuen eta SESBeko Aire Industriako Ministerioaren eskutik proba-pilotu titulua jaso zuen. Bertan, hogei hegazkin mota baino gehiago gidatzen ikasi zuen. Geroago, 1980an, berriki sortu zen emakume kosmonauten taldean sartu zen. Bertan, Soyuz motako espazio-hegaldietarako prestakuntza ikastaro bat egin zuen. Haren lehen hegaldi espaziala Soyuz T-6 ontzian izan zen, 1982an; zazpi egun, 21 ordu, 52 minutu eta 24 segundo iraun zuen. Kosmonauta ikertzaile gisa joan zen misio honetara eta estazioan hainbat esperimentu egin zituen.
Bi urteren bueltan, haren bigarren hegaldia egin zuen Igor Volk eta Vladimir Dyanibekovekin batera Soyuz T-12 espazio-ontzian. Estazio-espazial bat sortzea zuten helburu. Kasu honetan, Ontziz kanpoko ibilaldia (Extra Vehicular Activity-EVA, ingelesez) egin zuen aurreneko kosmonauta izan zen: 3 ordu eta 35 minutu iraun zuen paseoak. Haren eginkizuna estazioko energia hornikuntzarako material batzuk moztea eta soldatzea izan zen.
Kosmonautikatik politikara
Lurreratzeko garaia iritsi zenean, Savitskayak politika hautatu zuen. 1989tik 1991ra Sobietar Parlamentuan diputatua izan zen. 1993an, kosmonauten taldea utzi zuen. Horren ostean, Estatu-Duman, Errusiako Biltzar Federaleko behe ganberan, eta Defentsa Batzordean sartu zen. Egun, Errusiar Federazioko Alderdi Komunistaren ordezkari gisa dihardu eta Moskuko Abiazio Institutuan ere dabil irakasle lanetan.
Haren ibilbidean zehar lortutako sariei dagokienez, bi aldiz aukeratu zuten Sobietar Batasuneko Heroi gisa, eta, gainera, Leninen Ordena bi aldiz jaso zuen. Horretaz gain, Ohorezko Intsigniaren Ordena esleitu zioten. Era berean, FAIren (Nazioarteko Aeronautika Federazioa) urrezko domina eta 18 diploma irabazi ditu, eta SESBeko 16 kirol-domina jaso ditu. Sari berezi bat erdietsi zuen ere Savitskayak, alegia, espazioan egoteko marka gainditzeagatik.
Iturriak:
- El País, Svetlana Savitskaya, la primera mujer que “pasea” por el espacio, trabajó cuatro horas en el exterior de la nave, 1984ko uztailaren 27a.
- Mujeres con ciencia, Svetlana Savítskaya, cosmonauta, 2014ko abuztuaren 8a.
- RTVE, 50 aniversario de la salida de la primera mujer al espacio, 2013ko ekainaren 16a.
- Rusopedia, Mujeres rusas en el espacio: Svetlana Savítskaya.
Egileaz:
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
2 iruzkinak
[…] Uxue Razkin / 2020-10-16 / 667 hitz […]
[…] Uxue Razkinek Zientzia Kaieran. […]