Koskobilo muinoa, orein erraldoi eta makako galduen gordelekua

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Burunda bailara Sakanako korridoreko parte da, hau da, Arabako lautada Iruñearekin lotzen duen eta iparraldean Aizkorri mendigunearen bukaerak eta Aralar mendiak mugatuta eta hegoaldean Urbasa-Andiak mugatuta dagoen igarobide naturalaren parte. Izatez, Asturica Augustatik (Astorga) Burdigalarako (Bordele) galtzada erromatarra bide natural horretatik pasatzen zen, Iruña-Veleian eta Pompaelon barna (Iruñea), beste herri batzuen artean. Ingurune horretan, XX. mendeko Koskobilo muinoko (Olazti, Nafarroa) kareharri Albiarren ustiatzeak Nafarroako aztarnategi Kuaternario zaharrena agerrarazi zuen.

1940an, harrobiko lanek sima bertikal bat azaleratu zuten Koskobilon. Sima hartako sedimentuen artean, hainbat arrasto fosil agertu ziren eta harrobiko langileburuak Máximo Ruiz de Gaonari letagin handi bat helarazi zion. Irakasle eta mikropaleontologoa ez ezik, Máximo Ruiz de Gaona naturalista polifazetikoa izan zen eta ornodunen paleontologiaren eta arkeologiaren arloetan ekarpenak egin zituen. Aurkikuntza hori asko interesatu zitzaion eta Ruiz de Gaonak berak azaldu duenez, ia erabat suntsituta zegoen sima hartako sedimentuetako fosilez gain, Koskobiloko hegaletan kokatutako bi hondakindegietan ere beste asko berreskuratu zituen (1. irudia). Ruiz de Gaonak Zientzia Naturalen Museoko (Madril) Federico Gómez Llueca paleontologoari bidali zizkion fosil horiek, hark sailka zitzan. Hala, gutxienez 26 ornodun espeziez osatutako zerrenda bat lortu zuen; espezie horien artean, Iberiar Penintsulan aurkitutako lehenengo kastore aztarnak nabarmentzen ziren, baita errinozero eta hipopotamo arrastoak ere.

Koskobilo
1. irudia: Goian, Koskobiloko harrobiak 1945-1946an zuen itxura (pseudoortoargazkia, iturria: Nafarroako Gobernua). Pikardatu grisean, harrobiaren hedadura, pikardatu zurian hondakindegien kokapena («a» eta «b» hizkiak). Behean, harrobiaren ikuspegia, industria litikoa zuten sedimentuen jatorriaren, kobazuloaren, kokapen hipotetikoa (m-n lerroa) eta hondakindegien kokapena («a» eta «b» hizkiak), Ruiz de Gaonaren argazkiaren arabera (1952). (Argazkia: irudia jatorriz honako honetan argitaratu zen: Arlegi et al. (2018) – Creative Commons BY-NC-ND lizentziapean)

Hamar urte geroago, 1950eko apirilean, fosil gehiago berreskuratzeko asmoz, Ruiz de Gaonak harrobiko hondakindegiak berriz bisitatu zituen, baina bere aurkikuntza nagusia suharri industria litikoko multzo garrantzitsu bat izan zen, 5.000tik gora piezaz osatua. Horren azterketak Paleolitoko hainbat garaitako piezak zeudela adierazten zuen –horien artean, Solutre aldiko industriak nabarmentzen ziren– eta, gainera, suharriaren jatorria handik hurbil zegoela iradokitzen zuen, Koskobilotik 5 kilometrora, Urbasa mendiko azaleratzeetan. Aurkikuntza horrek J.M. Barandiaran aurrehistorialari ospetsuaren interesa piztu zuen eta berak, 1955ean, hondakindegietatik aztarna paleontologiko multzo txiki bat eta industria litikoko 1.146 aztarna berreskuratu zituen (2. irudia). Azken aztarna horiek Maria Amor Beguiristainek aztertu zituen 1974an. Haren arabera, multzo horrek paleolitikokoa zirudien eta hainbat kultura irudikatzen zituen. 1970eko hamarkadan, Ruiz de Gaonak Koskobiloko material ezezaguna ere erakutsi zuen, bere bilduma partikularrekoa eta zalantzarik gabe Paleolito garaikoa. Horren barruan, argi eta garbi Solutre aldikoak ziren bost punta hostokara zeuden, baita hiru aurpegibiko ere, eta azken horien tipologiak Goi Paleolitoaren aurreko industria batekoak direla adierazten du.

Ruiz de Gaonak pieza litiko horien jatorria ulertu nahi zuenez, harrobiko langileekin hitz egin zuen eta, lekukotza horietan oinarrituz, aztarnategi suntsitua «irudimenaren bidez berreraikitzen» saiatu zen: 40 metro inguruko luzerako kobazulo bat izango zen, gutxi gorabehera horizontala eta ez oso zabala. Hezurren zatiketan oinarrituz, 1940an berak pertsonalki arrastoak atera zituen aztarnategia eta 10 urte geroago gizakien industria litikoko aztarnak aurkitu zituen kobazuloa lotuta zeudela ondorioztatu zuen Ruiz de Gaonak. Gizakiek kobazuloa erabiliko zuten, animalien hezurrak zatituko zituzten muina ateratzeko eta kobazuloaren ahotik gertu egongo zen simatik behera botako zituzten. Eztabaida historiografiko pixka bat izan zen arren, Barandiaranek eta Vallespík 1984an finkatu zuten «aztarnategi» horren ikuspegia, hiru kulturaren presentzia nabarmenduta: Acheul Trazidioko Moustier aldikoa (ATM), Périgord aldikoa (gaur egun, Gravette aldikoa deitzen zaio) eta Solutre aldikoa. Geroago, 1990eko hamarkadan, Jesús García Gazólazek Koskobiloko lau aurpegibikoz osatutako sorta bat Acheul aldiaren bukaerakotzat jo zuen –gaur egun, Erdi Paleolito Zaharrarekin lotzen da– eta kronologikoki Erdi Pleistozenoaren erdian kokatu zuen (duela 300-100 mila urte).

aztarna fosilak
2. irudia: J.M. Barandiaranek 1955ean Koskobilon berreskuratutako puntak. Ezkerrean, Solutre aldiko pieza hostokara baten aurreforma eta, eskuinean, Solutre aldiko pieza hostokara amaitu bat (baina segur aski ekoizpenaren bukaeran hautsia). (Argazkia: Asier Gómez-Olivencia – Creative Commons 4.0 lizentziapean)

Duela 15 urtetik, gure ikerketa-ildoetako bat Mendebaldeko Pirinioetako giza okupazio zaharrenen azterketarekin lotuta dago, hala nola bere baldintza paleoekologikoen azterketarekin. Horretarako, hainbat aztarnategi induskatu dira, adibidez Arlanpe (Lemoa, Bizkaia) eta hainbat bilduma paleontologiko berrikusi, adibidez, Luzero lurmuturrekoa (Zierbena, Bizkaia). Azterketa paleontologikoek adierazten dutenez, hipopotamoak azken interglaziarraren ondoren desagertu ziren Mendebaldeko Europatik, duela 117 mila urte inguru. Horregatik, Koskobilon espezie hori egotea bereziki interesgarria zen, Erdi Pleistozenoko aztarnategi baten aurrean geundela (gutxienez neurri batean) adieraz zezakeelako. Beraz, lan hipotesi hori buruan izanik, kontserbatzen ziren aztarnategi horretako bildumak berriz aztertzea pentsatu genuen, aztarnategia bera harrobiak suntsitu zuelako. Hiru lan lerro osagarri finkatu genituen: bilduma paleontologikoa berrikustea, aztarnategiaren ingurunearen eta hondakindegien prospekzio bat egitea eta ordura arteko bibliografia aztertzea.

2016an, harrobi izandakoaren eremuan prospekzio batzuk egin genituen. Bertan, industria litikoaren ebidentzia berriak berreskuratu genituen, baina baita hezur arrasto batzuk ere. Industria litikoari buruzko argitalpenen berrikuspenak eta azken prospekzio horietan berreskuratutako aztarnen azterketak adierazten zutenez, Koskobiloko bilduman –Nafarroako Museoan gordea– hainbat kronologia zeuden irudikatuta. Bilduma paleontologikoaren aurreazterketak adierazten zuen, halaber, Erdi Pleistozenoko fauna zegoela (aurrerago aipatuko ditugun makakoa eta hartz beltz asiarra) hala nola Goi Pleistozenokoa (esaterako, leize-hartza; 3. irudia). Aztarna fosiletan irudikatutako espezieak ezagutzeaz gain, aztarna horiek aztarnategietan zer prozesuren bidez metatu ziren ere ezagutu nahi genuen: Ruiz de Gaonak proposatu zuen bezala, giza jardueren ondorio ziren?

Hezurren gainazalen azterketak bi multzo nagusi zeudela adierazten zuen. Alde batetik, Barandiaranek 1955ean berreskuratutako bilduma paleontologiko txikia eta guk 2016an berreskuratutako aztarnak, gehienbat, hezur luzeen diafisi zati identifikaezinez osatuta zeuden eta ebaketa eta manipulazio antropikoko markak zeuzkaten. Aldiz, Ruiz de Gaonak 1941ean berreskuratutako bilduma paleontologikoa gehienbat taxonomikoki sailkatu zitezkeen aztarna fosilez osatuta zegoen, ez zeukaten (salbuespen batek izan ezik) ebaketa markarik, eta haragijaleen jarduerak alteratu izanaren ebidentziak zeuzkaten. Eskura genituen ebidentziekin, Koskobilon egiazki gutxienez bi aztarnategitako arrasto arkeopaleontologikoak berreskuratu zirela eta horiek galeria sistema berekoak izan zitezkeela (edo ez) adierazi genuen. Alde batetik, 1940an aurkitutako sima egongo litzateke, Ruiz de Gaonak bilduma paleontologikoko zatirik handiena berreskuratu zuen sima: hango fosilek Erdi eta Goi Pleistozenoko hainbat aro irudikatuko lituzkete eta horien metaketan zenbait haragijalek esku hartuko zuten. Beste alde batetik, Goi Paleolitikoko aztarna litikoen zatirik handiena –hondakindegira bota ziren, 1940tik aurkitu ziren garaira, 1950era, bitarteko une zehaztugaberen batean–, hala nola ebaketa markak zituzten fauna arrastoen zatirik handiena, segur aski, harrobiko lanek erabat suntsitu zuten bigarren aztarnategi batekoak izango lirateke eta arrasto horiek zuzenean hondakindegietatik berreskuratu ziren.

aztarna fosilak
3. irudia: Goiko bigarren haginen ezpain-ikuspegia (goiko ilara) eta ikuspegi oklusala, eta horiekin batera, hartz beltz asiarraren (ezkerra) eta leize-hartzarena (eskuina) berreraikuntza (beheko ilara). Ikus daitekeenez, leize-hartzaren haginak, tamaina handiagoa izateaz gain –gorputz handiagoa izatearekin bat dator–, gailur patroi konplexuagoa du. Hartz beltz asiarraren arrastoak Erdi Pleistozenokotzat jo dira; leize-hartzaren arrastoak, berriz, Goi Pleistozenokotzat. (Ilustrazioak: Amaia Torres Piñeiro – @amaiatorresart)
Koskobilo
4. irudia: Errinozero baten espeleotemaz estalitako beheko hagin baten ikuspegi oklusala, uranioko serieen bidez datatua. (Argazkia: Virginia Martínez-Pillado)

Fauna arrastoak modu xehean lantzeko, ikertzaile talde handi bat geneukan: hainbat espezialitatetako paleontologoak, geologoak eta arkeologoak, bildumari ahalik eta informazio gehien ateratzeko. Emaitzek merezi izan zuten. Bitxia bada ere, hasieran aztarnategiarekiko interesa piztu ziguten ustezko hipopotamo arrastoak azkenean basurde handi baten kanino baten (letagina) arrastoak ziren. Beste alde batetik, Stephanorhinus hemitoechus espezieko errinozero baten hortz bat estaltzen zuen espeleotema datatu ahal izan genuen. Emaitzaren arabera, hortz horrek gutxienez 220 mila urte zituen (4. irudia) eta, hedaduraz, baita bilduma paleontologikoaren zati batek ere. Bilduma horren osagaiak honako hauek ziren: 38 ugaztun taxon, errinozeroetatik hasita saguzarretara (4 hartz espezie barne), 6 hegazti taxon, Iberiar Penintsulan dagoeneko bizi ez den bat barne (lira oilarra, Lyrurus tetrix) eta hiru arrain orno (5. irudia). Azterketa xehatuak gure aurretiko emaitzak baieztatzen zituen: 1940an berreskuratutako arrastoen artean bai Goi Plestozenoko bai Erdi Pleistozenoko fosilak zeuden, baina kasu askotan, zenbait espeziek kronologia zabalak zituztenez, arrasto horiek ezin ziren aro horietako bakar batekotzat jo. Arrasto fosilen artean, hartz espezieetako birenak nabarmentzen ziren: leize-hartzen arbasoarenak (Deninger hartza, Ursus cf. deningeri) eta hartz beltz asiarrarenak (edo hartz tibetarra, Ursus thibetanus; 3. irudia). Beste espezie batzuetako arrastoak ere nabarmentzekoak dira, dolearenak (Cuon cf. priscus), Berberia makakoarenak (Macaca sylvanus; 6. irudia) eta Megaceroides generokotzat jotzen dugun orein erraldoiarenak.

Eskura ditugun datu biokronologikoen arabera, espezie horiek Erdi Pleistozenoan (MIS 7d-n edo lehenago) datatutako errinozero arrastoen garaikoak izan daitezke; horrek Mendebaldeko Pirinioetako fosilen erregistroan oso gutxi irudikatutako kronologia batzuetako datuak emango lituzke. Azken preneandertalekiko garaikideak izateak bihurtzen du garrantzitsu espezie horiek aztertzea giza eboluzioa aztertzeko, hominido horiek zer ekosistematan bizi izan ziren eta ustiatu zuten hobeto ulertzen laguntzen baitigu. Arrasto fosil horiek segur aski gaur egungo aroaren antzeko une interglazial batean metatu ziren, zeinetan faunak askotarikoak ziren eta lehoi, lehoinabar, dole, otso eta hienek zaldiak, oreinak, bisonteak, orein erraldoiak eta errinozeroak ehizatzen zituzten. Era berean, kastoreen presez betetako Arakilen ibaiertzetatik bi hartz espezie jaitsiko ziren ura edatera eta Koskobiloren kareharrizko hegaletan makako taldeak ikusi ahal izango ziren. Kronologia horietako aztarnategiak (edo mailak) oso urriak dira Mendebaldeko Pirinioetan; horien artean aipatzekoak dira, funtsean, Arlanpeko behe mailak (Dima, Bizkaia), Lezetxiki I eta Lezetxiki II aztarnategietako behe mailak (Arrasate, Gipuzkoa) eta Raneroko Santa Isabeleko (Karrantza, Bizkaia) lehoiaren eta Deninger hartzaren arrastoak.

Koskobilo
5. irudia: Koskobiloko fauna arrasto sorta bat. Ezkerretik eskuinera eta goitik behera: basurde baten (Sus scrofa) letagin baten hainbat ikuspegi, hasieran hipopotamo txiki batena bezala deskribatua; estepako errinozero baten (Stephanorhinus hemitoechus) bi atzeko haginen ikuspegi oklusala; Megaceroides generokotzat jotzen den orein erraldoi baten beheko hirugarren atzeko hagin baten hainbat ikuspegi; lehoinabar baten (Panthera pardus) goiko letagin baten hainbat ikuspegi; leize-lehoi baten (Panthera spelaea) goiko hagin zarrastari baten zati bat; dole baten (Cuon cf. alpinus europaeus) masailezur zati bat; erbinude baten (Mustela nivalis) ezkerreko masailezurra.
Koskobilo
6. irudia: Koskobiloko Berberia makakoaren (Macaca sylvanus) eskuineko beheko hirugarren atzeko haginaren zati baten berregitea (ezkerrean) eta marrazkia, hainbat ikuspegitatik. (Ilustrazioak: Amaia Torres Piñeiro – @amaiatorresart)

Duela 80 urte, Ruiz de Gaonak bilduma paleontologiko garrantzitsu bat salbatu zuen Nafarroako Kuaternarioko aztarnategi zaharrenetik, Koskobilotik. Gaur egun, aztarnategiak suntsitu zituen harrobia utzita dago, baina Aranzadi Zientzia Elkarteak sustatutako eta Daniel Ruiz Gonzálezek zuzendutako lan arkeologiko berriek Burundako Historiaurreari buruzko informazio gehiago emango dute.

Gehiago jakiteko:

  • Arlegi, M., Rios-Garaizar, J., Rodríguez-Hidalgo, A., López-Horgue, M.A., Gómez-Olivencia, A. (2018). Koskobilo (Olazti, Nafarroa): nuevos hallazgos y revisión de las colecciones. Munibe Antropologia-Arkeologia, 69, 21-41. DOI: doi.org/10.21630/maa.2018.69.07
  • Arlegi, M., Rios-Garaizar, J., Rodríguez-Hidalgo, A., Gómez-Olivencia, A. (2018). Nuevos datos sobre la colección arqueo-paleontológica de Koskobilo. In: Badiola, A., Gómez-Olivencia, A., Pereda Suberbiola, X. (editoreak). Registro fósil de los Pirineos occidentales. Bienes de interés paleontológico y geológico. Proyección social (209-212 0r.). Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
  • Astibia, H., Murelaga, X., Pereda-Suberbiola, X., (1996). Máximo Ruiz de Gaona como prehistoriador y paleontólogo de vertebrados. Príncipe de Viana. Suplemento de Ciencias XVI, 14/15. zk., 65-76.
  • Barandiarán, I., Vallespí, E., (1984). Prehistoria de Navarra, Trabajos de Arqueología Navarra. Nafarroako Gobernua, Iruñea.
  • Gómez-Olivencia, A., Arlegi, M., Arceredillo, D., Delson, E., Sanchis, A., Núñez-Lahuerta, C., Fernández-García, M., Villalba de Alvarado, M., Galán, J., Pablos, A., Rodríguez-Hidalgo, A., López-Horgue, M.A., Rodríguez-Almagro, M., Martínez-Pillado, V., Rios-Garaizar, J., van der Made, J. (2020). The Koskobilo (Olazti, Navarre, Northern Iberian Peninsula) paleontological collection: new insights for the Middle and Late Pleistocene in Western Pyrenees. Quaternary International. DOI: https://doi.org/10.1016/j.quaint.2020.06.005
  • Ruiz de Gaona, M., (1941). Un yacimiento de mamíferos pleistocénicos en Olazagutía (Navarra). Boletín de la Real Sociedad Española de Historia Natural, 39, 155-160.
  • Príncipe de Viana. Suplemento de Ciencias, 1996. urtea, 14-15. zk. Honi eskainia: «Homenaje a Máximo Ruiz de Gaona: Naturalista y Paleontólogo (1902-1971

Egileez:

Asier Gómez Olivencia (@AsierGOlivencia) Ramón y Cajal ikertzailea da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Sailean eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurrea Saileko kide aktiboa. Joseba Rios-Garaizar (@jorios) ikertzailea da eta bilduma litikoen kudeatzailea Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalean (CENIEH). Mikel Arlegi (@ArlegiMikel) UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko doktoretza ondorengo ikertzailea da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.