Osasuna
Erresuma Batuan identifikatu duten SARS-CoV-2aren aldaera berriari jarraiki, birusen mutazioak izan ditu mintzagai Berrian Ana Galarraga kazetariak eta modu berean horrek eragin duen izua.
COVID-19aren aurkako txertoei erreparatu die Ion Orzaiz kazetariak artikulu honetan. Txertaketa masiboa abiatuko du gaur Europako Batasunak baina oraindik galdera asko daude airean. Galderei so egin die kazetariak eta Miren Basaras eta Joseba Bikandi EHUko mikrobiologoen laguntzaz erantzunak ekarri ditu.
Science aldizkariaren arabera, txertoen garapen azkarra da 2020ko aurrerapen zientifikorik handiena. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.
Txertaketaren gaiari dagokionez, Downen sindromedunek lehentasuna izatea eskatu dute. Izan ere, infektatzen badira, gainerakoek baino 5 aldiz arrisku handiagoa dute ospitaleratu beharra izateko, eta 10 aldiz handiagoa, hiltzeko. Aitziber Agirrek landu du gaia asteon.
Genetika
COVID-19ak hankaz gora jarri du mundua, ez dago zalantzarik. Eta artikulu honetan ezagutuko dugu zertan lagundu duen genetikak koronabirusaren aferan. Gako batzuk eman dizkigu Koldo Garcia genetistak: sekuentzia, mutazioak, ostalaria… Ez galdu!
Rhesus makakoaren genoma osoa birsekuentziatu du AEB, Itaila eta Alemaniako ikerketa talde batek. Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez, giza gaixotasunak ikertzeko eredu hobea lortu dute. Adibidez, hiesaren birusa hobeto ezagutzeko eta gaixotasunaren tratamenduak garatzeko, ebolaren aurkako txertoa garatzeko eta autismoa zein bestelako gaitz neurologikoen tratamenduak sortzeko baliagarria izango da.
Biologia
Animalien erreinura egin dugu jauzi Juan Ignacio Pérezekin. Zhokov uhartean (Siberiako itsasoa) aurkitutako duela 12.500 urte inguruko aztarna arkeologikoek iradokitzen dutenez, ehiztari biltzaile talde batzuek lerei tira egiteko etxekotu zituzten txakurrak.
Eta bukatzeko, albiste oso bitxi bat ekarri digu Juanma Gallego kazetarik: Asiako erleek liztor erraldoiei aurre egiteko seinale bat asmatu dute. Badirudi liztor bat hurbiltzen denean abdomena mugitzen hasten direla. Horrekin zer esan nahi dute? Ba, argi dago: “Ausartu zaitez hona etortzen, eta modu honetan akabatuko zaitugu”.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.