Asteon zientzia begi-bistan #24

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Galen Burow
Argazkia: Galen Burow

Esaera zahar batek dio “dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen”. Hori berori oinarritzat hartuta dute Kaliforniako Death Valley haraneko Racetrack Playa lakuko harriek. Lakua lehortzerakoan harriek hainbat metroko bidaia egiten dute, arrasto garbiak utziz. Inork ez zekien zelan lortzen zuten mugitzea baina Joxerra Aizpuruak kontatzen digu Argia aldizkarian, goizeko eguzkiak izotza urtzerakoan haizea egonez gero, harriak mugitu egiten direla: Death Valleyko harri ibiltarien misterioa argitua da… erdizka

Garbiñe Ubedak zientzialari ezagun baten lana dakarkigu, Marie Curie. Anti-Orena blogean Lehen Mundu Gerran zirujauei zaurituak osatzen laguntzeko, Marie Curiek bere alabarekin sortu zuen erradiografietarako gune ibiltaria aurkezten digu. Hainbat zailtasun gainditu ondoren 1914ko irailean, 20 Petite Curie edo erradiologia automobilak prestatu zituen, Irene alaba lagun zuela: Marie Curie eta Gerla Handia.

Gizakiok, ugalgaraitik harago bizi diren ugaztunak gara eta zahartzen goazen neurrian, oinarri genetikoa izan dezaketen hainbat gaixotasun agertzen zaizkigu parean: Huntingtonen, Alzheimerraren edota Parkinsonaren gaixotasuna. Baina toki askotako biztanleriak ez du izan, pobrezia, gosea eta izurriteak direla ugalgaraia baino gehiago bizitzeko aukera. Kasu horietan ez dira pairatu adinarekin bat datozen gaixotasunak. Koldo Garciak azaltzen digu Gehiago bizitzearen ordaina artikuluan.

Adinean aurrera goazenok, eta gazteak direnak ere, noizbait fisioterapiaren beharra izan dugu. Fisteus blogean fisioterapia dute hizpide. Terapiak eta lesioak baino, oraingoan Xabat Casadok saiakuntza klinikoak biltzen dituen PEDro datu-baseari buruz hitz egiten digu. Goi-mailako ikerketak ezagutzeko baliabidea: Ensaiu kliniko onenaren bila.

Estatu Batuetako animalia jatorriko proteina-ekoizpenaren ingurumen-inpaktua aztertu dute nazioarteko ikertzaileek. Emaitzen arabera, proteina-kilo bat produzitzeko elikagai, lur eta ur gehiago behar dute poliki hazten diren animaliek azkar hazten diren animali txikiek baino. Ondorioz, ingurumenean kalte handiagoak sortzen ditu poliki hazten diren animalien ekoizpenak. Elhuyar aldizkarian hurbiltzen dizkigute nondik norakoak: Behi ekoizpenak animali txikien produkzioak baino hamar aldiz gehiago kutsatzen du.

Ana Galarragak asteon eboluzioarekin zerikusia duten bi berri interesgarri landu ditu Elhuyar aldizkarian. Lehenak itsasora hurbiltzen gaitu. 1986an Tasmaniako itsasoan 400-1.000 metroko sakoneran Danimarkako Historia Naturaleko Museoko zoologo batek bi izaki berezi jaso zituen. Ia 30 urte beranduago zientzialariek ezin izan dituzte kokatu bizidunak sailkatzeko erabiltzen den sisteman: Sailkatu ezin dituzten bi itsas izaki aurkitu dituzte. Bigarren gaiak zuhaitzetara eramaten gaitu. Giboien kromosomek oso azkar eboluzionatu dute, berrantolaketa nabarmenak izanez eta honek ez zuen azalpenik. Zientzialariek genoma analizatuta dute eta ohartu dira honako berrantolaketa nabarmenak giboietan bakarrik gertatzen direla: Giboiaren genoma deskodetzea, lagungarria kromosomen biologia ulertzeko.

Unibertsoko bizitzaz ari garenean, bizitzak noraino eutsiko dion galdetzen badugu erantzun zailak edo errazagoak izango ditugu. Baina bizitza harrigarria da sabelean daramagun Escherichia coli bakterioa bezala. Bagenekien gogor samarra zela bakteriotxoa eta Antonio Cantók Zientzia Kaiera blogean azaltzen digunez horrela da, ur gabe eta gatzetan sartuta bizirauteko gai delako.

Eta harrigarria bada E. Coli bakterioa, harrigarria da ere espazioan dugun zabor kopurua. Gizakiok 6.600 satelite inguru jaurti ditugu azken 60 urteotan espaziora eta behin lana burutu eta energia gabe gelditu direnean, hor daude, espazioan. Amaia Portugalek kontatzen digu Zientzia Kaieran espazioan 10 cm-ko 29.000 zati, zentimetro 1eko 670.000 eta milimetro 1etik gorako 170 milioi zabor puska barreiaturik daudela. Zabor hau arriskutsua da oso eta zer egiten ari dira agentzia espazialak? Zabor espaziala artikuluan erantzuna.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.