Konformistak edo asertiboak?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Askotan, ez dugu behar besteko konfiantzarik gure gaitasunetan. Gainerakoek guri buruz zer iritzi duten, halako balioa dugula uste dugu. Inoren aitorpenen eta onarpenen arabera ebaluatzen dugu geure burua. Gainera, ikus dezakegu bizi garen gizarteak ez duela behar beste balioesten ahalegina, talentua eta espiritu kritikoa ezagutzeko eta elikatzeko beharra.

Buruargiak direlako edo jakintza eta sormenarekin lotutako gaitasun bat dutelako nabarmentzen diren pertsonak jomugan daude, batik bat horrekin disfrutatzen dutela argi asko azaltzen dutenak. Hortaz, aurpegi txarrik nahi ez badugu, onena da oharkabean pasatzea, isilik egotea edo lorpenak disimulatzea. Kexen eta oinazeen, eta “hauxe daukagu” eta “orain hau tokatzen da” eta halako esaldien garai hauetan, ematen du zuhurrena ilusioak eta ezagutzak partekatzeko gogoa ezkutatzea dela.

konformismoa
1. irudia: Zein da gure jokabidea talde baten barruan guztiak bat datozenean eta guk ez dugunean iritzi berdina? Hainbat ikerketen emaitzek erakutsi dute gehiengoak eragina duela gure portaeran, hau da, gutxiengoa den norbanakoan. (Argazkia: congerdesign – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Baina, zein da konformismoaren arrazoia? Emakumeengan eragin handiagoa dute gainerakoen iritziek? Denok bilatzen dugu berdin gainerakoen onarpena?

Solomonen sindromea

1951n, Solomon Asch psikologo estatubatuarrak ikusmen pertzepzioko proba bat egin zuen zenbait unibertsitate ikaslerekin. Hori esan zien behintzat 123 parte hartzaile gazteei. Berez, giza portaeraren alderdi sozialei buruzko esperimentu bat zen. Esperimentua oso sinplea zen: zazpi ikasle bildu zituen –Aschen konplizeak ziren proban–. Beste ikasle bat, zortzigarrena, gelara sartzen zen, gainerako kideak ere jarduera berean parte hartzen ari zirelakoan. Oftalmologo baten plantak eginez, Aschek txartel bat erakusten zien, non lerro zuzen bertikal bat marraztuta zeukan. Jarraian, lehen txartel horren ondoan, beste bat jartzen zuen; horrek hiru lerro bertikal zituen, luzera ezberdinekoak, eta hiruretako bat lehen txartelean marraztutakoaren berdin-berdina zen. Aschek parte hartzaileei eskatzen zien ozen esateko hiru lerroetako zein zen lehenaren berdina. Dena ondo pentsatuta zeukan benetako parte hartzailea beti azkena izan zedin parte hartzen, gainerako gezurretako zazpi parte hartzaileen iritzia entzun ondoren.

Erantzuna oso nabaria eta erraza zen; ia ez zegoen huts egiteko aukerarik. Eta Aschek aukeratutako zazpi ikasleek banan-banan esaten zuten erantzun oker berbera. Hemezortzi aldiz errepikatu zen ariketa esperimentuan parte hartu zuten 123 boluntarioetako bakoitzeko. Denei gauza bera eskatu zitzaien: ordena ezberdinean jarritako lau lerro bertikal berberak konparatzeko. Parte hartzaileen % 25ek baino ez zioten beren irizpideari eutsi galdetu zitzaien aldi guztietan; beren buruarekin fidatu ziren eta erantzun zuzena eman zuten. Gainerakoek gutxienez behin jarraitu zioten beste parte hartzaileen erantzun okerrari. Benetako parte hartzaileek aldien heren batean baino gehiagotan eman zuten okerreko erantzuna gehiengoaren kontra ez joateagatik. Esperimentua amaitu ondoren 123 ikasle boluntarioek onartu zutenez, bikain bereizten zuten zein zen lerro zuzena, baina ez zuten ozen esan, taldean nabarmentzeko beldur zirelako. Ondorioz, bada, uste dugun baino baldintzatuago gaude irizpide propio bati eusteko, gure irizpidea oso sendoa bada ere. Pertsona askorentzat, gehiengoak esaten duenak oso eragin boteretsua du bere portaeran. Ez ditugu libreki hartzen erabakiak, baldintzatzaile asko ditugu, eta eragin handia dute gugan estereotipoek, ziurtasunik ezak eta beldurrek.

2. irudia: Adostasuna neurtzen zuen Aschen esperimentuan erabilitako karta-pare bat. Ezkerreko kartak erreferentzia-lerroa du, eta eskuinekoak, berriz, konparatzeko hiru lerro. (Argazkia: Wikimedia CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

Solomonen sindromea daukagu, taldean ez nabarmentzeko jarrerak hartzen ditugunean, esan dezakeguna baliagarria izan daitekeela jakin arren. Jarrera horretara iristeko, ezinbestekoa da norberaren buruari boikot egitea, harik eta pertsona grisak garela uste izateko profezia betetzen den arte. Helburua da nola edo hala taldekide gisa onartuak izatea. Horretarako, gutxiago izatearen edo norberarenaz bestelako iritzien mendeko izatearen jarrera hartzen da (sumisio jarrera bat); hau da, konformistek gainerakoen egoa zaintzen dute, ez dute haien ezjakintasuna azaltzen, desadostasunak eta tirabirak saihesteko.

Generoaren araberako konformismoa

Kolektibo jakin batzuetan pentsatzen ari gara? Entzun dugu inoiz emakumeengan eragin handiagoa dutela besteen kritikek? Horri buruzko azterlanak analizatuta, agertu agertzen da generoaren araberako desoreka hori, baina oso eztabaidagarriak dira esperimentuen kalitatea, erabilitako metodologia, testuinguruak, eta abar. Ikerketa berriagoetan baztertu egiten da emakumeengan besteen iritziak eragin handiagoa duten ideia hori. Aldagai askok esku hartzen dute jarrera konformistan, tartean, nork bere buruaz iritzi ona ez izatea eta ingurumen baldintzak; esaterako, taldearen osaera, aginpidea, onartua izatearen garrantzia, konpromiso indibiduala eta zaurgarritasun baldintzak.

Batzuetan, ez nabarmentzeko hartzen den estrategia inkontzientea da, eta automatizatua dagoela ematen du oso asertiboak ez diren pertsona askotan eta besteen erreakzioaren beldur direnetan. Espiritu kritikoz egindako autokontzientzia ariketa tresna ona da gutako bakoitzaren inertziak eta konformismoak aurkitzeko. Nolanahi ere, kontziente izatea ez da nahikoa asertiboak izateko; deigarriegi agertzearen beldur gara, are gure ekarpenak argudio onekin oinarritu ditzakegunean ere.

Askotan, mota horretako portaeren atzean, gure gizarteak aurrera egiteko dituen oztopo handienetako bat dago: inbidia. Erraz ulertzen da zer dela-eta geldiarazten duen sentimendu horrek aurrerapena edozein arlotan. Batetik, nabarmendu nahi ez dutenek, beren ekarpen onak geldiarazten dituztenek, beren gabeziei erreparatzen diete, bere akatsei, egiten ez dakiten horri edo ondo egiten ez duten horri, eta ondorioa argia da: hutseratu egiten dituzte beren pentsamenduak eta ilusioak, inbidiarik ez eragiteko. Autoestimu baxua sortzen du horrek eta, azkenean, akabo; itzali egiten da pertsona horien sormena. Bestalde, ekarpen posibleak, are ideia bikainak ere, esan gabe uzten dira, oso tolerantea ez den eta ezagutzen ez duenari iseka egiten dion inguru batek isilarazita.

konformismoa
3. irudia: Edozein egoera publiko edo pribatutara erraz egokitzen denaren praktika da konformismoa. (Argazkia: Cole Stivers – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Solomonen konplexua gainditzeko lehen urratsa hau da: ulertzea zeinen zentzugabea den gainerakoen iritziak sortzen digun ondoeza. Arretaz pentsatzen badugu, ideia onak proposatzeari uzten diogu gutxi batzuek –ia beti beren ezjakintasunak sortzen dien egonezinak bultzatuta– beren gabeziak konpentsatzeko guri buruz esan dezaketenaz beldur garelako.

Senak esaten digu jarrera hori oso garrantzitsua dela ikasgeletan. Hezitzaileak oso erne egon behar dugu autoestimu baxua duten ikasleek disimulu taktika horiek baliatzen dituztenean. Haurrei, nerabeei eta gazteei adierazi behar diegu beren ekarpena beti ongi hartzen dela. Irakasleak ikasgelan ekarpenak egiten dituenari eskuzabaltasuna aitortu behar dio, baina ona litzateke, halaber, gainerako kideek ere jakitea zeinen interesgarria den beste ikasle batek ekarritako ikuspuntua izatea. Beti da ona norbera nabarmentzea norberak zer pentsatzen duen, zintzotasunez, taldeari jakinarazteko denean. Parte hartzeko parada horiek aprobetxa ditzakegu, kide batek ikasi duena partekatzeko egiten duen ahalegina balioesteko, eta are espantu egin gabe hitzez adieraz dezakegu, inoiz aipatu gabe gainerakoek zer ez dakiten edo zer landu ez duten.

Ikasle askok eskolako arrakasta gainerako kideek haiek baztertzearekin lotzen dute, eta hori aintzat hartzeko beste puntu bat da. Nota onak izatea edo onartuak izatea: bata balantzaren alde batean eta bestea bestean. Eragin handia dute haiengan burlek eta inbidiek, eta ez parte hartzera eramaten dituzte, ekarpen baliagarria badute ere. Hori saihesteko, kideen arteko loturak indartu egin beharko dira ikasgelan, eta giro ireki eta tolerante bat sortu.

Pentsa neska-mutil lotsatiak eta zailtasun edo behar bereziren bat duten ikasleetan; aukera gehiagotan pentsa dezakegu, adibidez, irizpide propioari eusteko zailtasunak dituzten kolektiboetan. Halaber, egoera jakin batzuetan ia ezinezkoa da asertiboa izatea. Konformismoak –bai inkontzientea bada, bai estrategia bat bada– pentsamendu propioak, erabakiak eta portaerak aldatzea eskatzen du, zertarako eta gehiengoaren iritziarekin bat etortzeko. Konformismoak gizarte baten aurrerapena geldiarazten du, hobetzeko aukerak galtzen baititu. Konformismoak konformisten zoriontasuna apaltzen du, eta bai gizonen, bai emakumeen autoestimua, indibidualtasuna eta konpromiso pertsonala arriskuan jarri.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Asch, S.E. (1951). Effects of group pressure on the modification and distortion of judgments. H. Guetzkow (ed.)-tan, Groups, leadership and men (orr. 177–190). Lancaster, Erresuma Batua: Carnegie Press.
  • Maupin, H.E., Fisher, R. J. (1989). The effects of superior female performance and sex-role orientation on gender conformity. Canadian Journal of Behavioural Science / Revue canadienne des sciences du comportement, 21 (1), 55-69. DOI: 10.1037/h0079777

Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko urtarrilaren 26an: “¿Conformistas o asertivas?“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] Marta Bueno Sazek, Salamancako Unibertsitatean Fisikan eta Pedagogian graduatu eta neurozientzien arloko ikerlariak idatzi, EHUko Euskara Zerbitzuak itzuli eta Zientzia Kaiera ataritik jasoa. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.