Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Ingurumen-kalterik sortzen ez duten material eta produktuak ekoiztea da gaur egungo erronka nagusienetarikoa. Joxerra Aizpuruak Argia aldizkarian kontatzen digu Norvegiako ikerketa laborategi handienak, SINTEFek, ildo hori jorratuz ordu gutxian uretan disolbatzen diren txipak garatzen ari dela. Txip hauek itsasoko azterketak egiten dituzten droneetako osagaiak lirateke. Eta, helburua da, droneak euren lana amaitu ondoren itsasoan disolbatzea hondakinak gutxituz: Txip biodegradagarriak sortzen.
Ingurumena zaintzea beharrezkoa bada, gure osasuna zaintzea ezinbestekoa dugu ere. Maialen Unanue kazetariak Berrian osasunarentzat garrantzitsuenak diren aspektuak landu dituen argitalpena dakarkigu: Antonio Palomar medikuaren “Elikadura adimenduna, sukaldaritza osasungarria” liburua. Palomarren esanetan, elikadura ez da jaten dena soilik eta sarritan elikadura eta nutrizioa sinonimotzat hartzen baditugu ere, nutrizioa da giza organismoari gertatzen zaiona jan edo edaten dugunean. Datu guztiak Burutik hasten da nutrizioa artikuluan.
Elikadura garrantzitsua da osasunarentzat eta gaixo gaudenean, sarritan, botikak hartzen ditugu osatzeko. Enara Herran ikertzaileak, alzheimerraren eta parkinsonaren aurkako tratamenduak hobetzen dihardu. Neuronen galera eragozten eta berriak sortzen laguntzen duten sendagaiak garatzen dabil eta Ana Galarrak bere lanaren berri eman digu Zientzia Kaiera blogean: “Esperimentu bat ondo ateratzen denean, dena ahazten zaizu.”
snRNA, snoRNA, asRNA, miRNA, piRNA… letra-zopa berezi baten osagaiak dira, azido erribonukleiko motak hain zuzen ere. Koldo Garcia biologoak diosku Edonola blogean, RNA perrexila bezalakoa dela hainbat saltsatan baitago: RNAren hizki-zopa.
Hitzak, esaldiak, hizkuntza da Itziar Gonzalez Dios ikertzaileak duena haren ikerketako oinarri. Alemaniar filologia ikasi zuen eta egun, UPV/EHUko IXA ikerketa-taldean dihardu tesia egiten. Euskararen egituren konplexutasuna sinplifikatzeko modu automatikoa ikertzen ari da, adibidez, euskara ikasten ari direnei eta euskaraz irakurtzeko zailtasunak dituztenei testuak modu sinpleago batean emateko. Unibertsitatea.net atarian eman digute honen berri: “Gizarteari zer ikertzen ari garen eta zer lortzen dugun adieraztea zor diogula ezin dugu ahaztu.”
Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian Nature aldizkariak egindako azterketa bat plazaratzen digu. AEBko energiari buruzko informazio-sailak (EIA) eta Texasko Unibertsitateak haustura hidraulikoa erabilita erauztea espero zuten gas-kantitateari buruzko aurreikuspenak alderatu ditu aldizkariak. Azterketan ondorioztatu du EIAren aurreikuspenak puztuta daudela: Haustura hidraulikoaren bidezko gasaren aurreikuspenak, ez hain onak.
Zientzia Kaiera blogean Amaia Portugalek atzera begiratu du eta Jochen Knies itsas geologo norvegiarrak zuzendu duen ikerketa baten berri eman digu. Itsas hondoko sedimentuak aztertuta, duela lau milioi urte Ipar poloaren bueltako uretan izotzik ez zegoela ondorioztatu du ikertzailearen taldeak. Izan ere, gutxienez duela 2,6 milioi urte arte, bertako izotz masa ez zen guk ezagutu dugunaren parekoa: Izotzik gabeko Ozeano Artikoa.
Ingurumenarekin eman diogu hasiera asteko zientzia-gaien errepasoari eta horrekin amaituko dugu atala ere. Antonio Cantó dibulgatzaileak Zientzia Kaieran blogean gogoratzen digu, gure erantzukizuna dela planeta zaintzea. Izan ere, gutaz gain inor ez baita arriskuaz jabetuko, eta inork ez baitu prozesua geldiaraziko. Basogabetzearen eragina zein den azaltzen ditu Antoniok. Jada, oihan tropikalen %71a suntsitu ditugu zuhaitz-mozketekin. Gutxi gorabehera, bost futbol-zelairen parekoa desagertzen da minutuko. Eta hau, legez kanpo egiten da. Ikaragarria! Hondamendi ekologikoa 12.000 urtetan.
–—–Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua