Txori espezieen ordezkapena: udaberriko soinua aldatzen ari da 

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Naturako soinuek eta, bereziki, txori-kantek, naturarekin dugun harremana eta konexioa mantentzen dute. Alabaina, mundu-mailako txori-populazioen murrizpenak iradokitzen du paisaia naturaletako ezaugarri akustikoak aldatzen ari direla.

Susmo hori argitzeko asmotan, hainbat nazioarteko ikertzaile eta erakunde ornitologiko batu dira ikerketa bateratu bat egiteko. Haien artean, SEO Birdlife eta Bartzelonako Historia Naturaleko Museoa, besteak beste. Lorturiko datuekin, azken 25 urteetan Europa eta Ipar Amerikako 200.000 kokalekutako txori-kantetan gertatu den aldaketa kuantifikatu dute.

txori
1. irudia: Ikertzaileen iritziz, oro har, aniztasun akustikoa eta soinu-paisaia naturalen intentsitatea jaitsi egin ziren, hegaztien komunitateen osaera aldatu egin delako. (Argazkia: Christiane – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Analisi hau egiteko, lehenik eta behin, kokaleku bakoitzerako urte bakoitzean erregistratutako txori-kanten berreraiketa egin zuten. Horretarako, Xeno Canto izeneko online datu-base libretik deskargatu zituzten grabaketak. Honela, leku bakoitzean 25 urtean zehar entzun diren txori-espezieen erregistro bat lortu zuten eta, datu horiekin, urteetan zehar espezie horiek aldatu ote diren edo espezie jakin baten ugaritasuna aldatu ote den neurtu ahal izan zuten. Lortu zituzten emaitzak benetan kezkagarriak dira: oro har, txori-espezie kopurua nabarmenki murriztu da bai Ipar Amerikan bai Europan azken 25 urteetan, eta baita espezie bakoitzeko indibiduo kopurua ere. Datu hauek aditzera ematen dute paisaia naturaletako txori-kantak, homogeneoagoak izateaz gain, isilagoak direla.

Prozesu honek badu erlazioa mundu-mailan hauteman den beste aldaketa batekin, azken urteetako txori arrunten desagerpen azkarrarekin, hain zuzen. Zehazki Espainiar Estatuari begiratzen badiogu, 500 hegazti espezie baino gehiago ikus daitezke bertako zeruak zeharkatzen. Horietatik 280 gutxi gorabehera ez-migratzaileak dira. Azken hegazti multzo horren barnean hegazti “arruntak” daude, guztira 110 bat. Txori deritzen hegaztiak dira horiek, txikiak oro har, eta ugariak, horietako batzuk behintzat. Txori horietatik, gaur egun, 40 espezie gainbeheran daude, 44 espezieren populazioak handiagotzen ari dira eta gainontzeko 26 espezieek egonkor dirudite, oraingoz. Lehen taldetik 95 milioi banako galdu dira azken 20 urteetan, eta bigarren taldetik, berriz, 110 milioi gehiago ditugu. Balantzea beraz, positiboa da. Arazoa, ordea, galtzen ari diren espezie horietan dago.

Beherakada sumatu duten txori arrunt horietatik gehienak nekazaritza-inguruan bizi dira. Manuel B. Morales Madrilgo Unibertsitate Autonomoko lur-ekologiako ikertzaileak dio soroetako txorien desagerpena duela hainbat urte hasi zela. Prozesu horren zergatien bila aritu da ekologoa eta Scientific Reports aldizkarian argitaratutako artikulu batean ondorioztatu zuenez, horietako bat lugorriaren desagerpena izan daiteke. Ohiko lugorriak, lurrari atsedena emateaz aparte, txori espezie askori elikagaiak, babeslekua eta habia egiteko lekua bermatzen zien. Baina nekazaritza intentsiboak eta herbiziden erabilerak soroen funtzio ekosistemiko horren galera ekarri du.

txori
2. irudia: Urretxindorra txioka. (Argazkia: Peter Kasteren van – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Errealitatea guztiz bestelakoa da, bestalde, hirietan. Hiri-ingurunetako txorien populazioak handitu egin dira azken hamarkadetan, %12 kasu batzuetan. Handipen horren parte bat lehengo landa- eremuetako espezieen eskutik gertatu da, baina aparteko handipena espezie inbaditzaileen populazioek pairatu dute; usapal turkiarrak, adibidez. Era berean, duela urte batzuk nonahi ikusten ziren txorien populazioek -enarek, etxe-txolarreek eta sorbeltzek, besteak beste- gaur egun milioika banako galdu dituzte.

Datu hauekin, ez da harritzekoa, beraz, paisaia naturaletako txori-kantetan nabarmendu den narriadura kronikoa. Espero da, gainera, prozesu hau udaberrian agerikoagoa izatea, garai horretan txoriek gehiago egiten baitute kantuan. Aipatzekoa da, bestalde, ikerketa honetan bereziki txori-kantei erreparatu badie ere, litekeena dela soinu naturalak sortzen dituzten beste talde taxonomiko batzuetan ere prozesu bera nabarmentzea. Are gehiago, gainontzeko zentzumenek naturarekin ditugun harremanetan garrantzia badute ere, jatorri antropogenikoko kutsadura akustikoak naturarekin dugun lotura are gehiago eteten du eta, ikertzaileen ustetan, giza ongizatean eta portaeran eragin zuzena izan dezake horrek.

Eremu naturalak presiopean daude, mundu-mailako biodibertsitatearen galera dela medio, eta naturaren soinuen isiltzeak are gehiago okertu dezake egoera, atzeraelikadura negatiboa sortuz. Izan ere, naturarekiko kontaktua gehiago apurtzeak beragatik dugun miresmena galtzea eragin dezake, eta bera babesteko eta zaintzeko interesa erabat galtzeko arriskuan gaude. Horregatik, soinu naturalak berreskuratzea, biodibertsitatea zaintzeko zeharkako teknika izateaz aparte, giza ongizatea bermatzeko modua izan daiteke, eta baita ingurune natural osasuntsuak bermatzeko moduetako bat ere.

Erreferentzia bibliografikoak:

Morrison, C. A., et. al. (2021). Bird population declines and species turnover are changing the acoustic properties of spring soundscapes. Nature Communications, 12(6217), 1–12. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-021-26488-1

Criado, M.A. (2019). El campo español se está quedando sin pájaros, El País, 2019ko irailaren 29a.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

1 iruzkina

  • […] Nazioarteko hainbat ikertzaile eta erakunde ornitologiko batu dira oraingoan, denen artean txori-kantetan gertatu den aldaketa ikertzeko. Mundu-mailako txori-populazioen murrizpenak iradokitzen du paisaia naturaletako ezaugarri akustikoak aldatzen ari direla, eta hau aztertzeko, azken 25 urteetan Europa eta Ipar Amerikako 200.000 […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.