Gizakiak historian zehar, bi aldiz pentsatu gabe hartu ditu erabaki asko. Hau da, erabaki horien ondorioak askotan ez dira aintzat hartu, eta gutxiago gizakiari zuzenean eragiten ez badiote. Gizartearen garapenerako eta bizimodu modernorako beharrezkoak suertatu direnez ez dira gainontzeko inpaktuak aintzat hartu. Horien artean izango genituzke ikerketek erakutsi dituzten ondorio negatiboak, esaterako, azpiegitura linealek biodibertsitatean sortutakoak.
Azpiegitura linealak informazio kartografiko antolatua eta sailkatua dutenak dira. Hau da, trazadura edo ibilbidearen informazio lineala duten azpiegiturak dira, hala nola, errepideak eta trenbideak, zubiak, hormak, tunelak, uraren, argiaren eta gasaren eraginpeko zerbitzuak.
Azpiegitura linealek eragin oso negatiboa dute biodibertsitatean, hainbat ikerketak erakutsi dutenez. Begi-bistakoena den inpaktua basa animaliek azpiegitura horien kontra izandako talkak dira, eta, askotan, ondoriozko heriotza. Errepideak eraikitzerakoan, gutxitan hartzen da kontuan bertako animalien banaketa espaziala, eta are gutxiago duela urte batzuk, errepide gehienak eraikitzen hasi ziren aldian. Espezie bakoitzak bere banaketa du, hau da, maiztasun handiarekin okupatzen duen espazioa, eta gune horren barnean egiten ditu bere eguneroko mugimenduak; elikagai bila joan, harrapariengandik ezkutatu edo babeslekura joan, besteak beste. Banaketa honen barnean errepide bat, trenbide bat edo linea elektriko bat eraikitzean, alabaina, zatitu egiten dira habitat hauek, eta tranpa hilgarri bat topatzen dute animaliek beren ohiko bideetan.
Lurra gure oinen arrastoz bete dugu, oin horiek zapaltzen zutenaz ohartu gabe, gehienetan. Gizakia izango da, seguruenik, bere presentziaren arrasto nabarienak uzten dituen animalia. Etxeak, tenpluak, urtegiak, kanalak, fabrikak… Eremu batzuetan, zementuak erabat estali du garai bateko natura. Baina egitura solteez gain, Lurra estaltzen duen sare artifizial bat ere eraiki dugu: errepideak, trenbideak eta linea elektrikoak, besteak beste, azpiegitura lineal deritzon taldean sartu hori dira, eta hauek ere badira gizakiaren aztarnen parte. Bada, beste aztarnen moduan, sortu zirenean kontuan hartu ez ziren inpaktuak eragiten dituzte, bai ingurune fisikoan (pentsatu ohi den bezala), bai eta, gainera, basa bizitzan.
Errepideen ekologia
Inpaktu hau ezagutzera eman zuen lehenetarikoa Richard T. T. Forman izan zen, Harvard Unibertsitateko ekologoa. 1998an Roads and their major ecological effects (Errepideak eta beren eragin ekologiko nabarienak) artikulua argitaratu zuen, eta “errepideen ekologia” delako ekologiaren diziplina berria jaio zen berarekin batera. Jada garai haietan, Forman-ek zenbaki beldurgarriak plazaratu zituen artikulu hartan. Urtero 159 000 ugaztun eta 653 000 hegazti hiltzen ziren Herbehereetako errepideetan; Bulgarian, berriz, 7 milioi hegaztira igotzen zen zifra, eta hildako 5 milioi igel eta narrasti estimatu zituzten Australian. Estatu Batuetan, azkenik, errepideetako harrapatzeen ondorioz, egunero milioi bat ornodun hiltzen zirela kalkulatu zen. Gaur egun, errepideen mundu-mailako dentsitatea handitzen doala kontuan izanik, ziurtasun osoz esan dezakegu datuek okerrera egin dutela.
Arazo larri horretaz jabetu ginenetik, ordea, ahaleginak egin dira errepideen eta animalia basatien arteko elkarrekintzak ahalik eta gehien murrizteko. Helburu hau dute, adibidez, animalientzako pasabideek. Animalientzako pasabideak azpiegitura lineal batek bananduta dauden bi habitat lotzen dituzten egiturak dira, landaretzaz atonduta. Zubiak izan daitezke, gehienetan animalia handientzat (orkatzak, basurdeak, abereak…) ezarriak, eta baita anfibio eta ugaztun txikientzako (trikuak, azkonarrak, saguak etab.) tunelak ere. Baina, noizbehinka animaliek pasabide hauek erabiltzen badituzte ere, zaila izan daiteke egitura hauen kokaleku egokia erabakitzea.
Animalien banaketa espaziala aldatzen doa denborarekin, eta hasiera batean eraginkorra zen pasabide bat alferrikako egitura bilakatu daiteke urte gutxian. Gainera, hilkortasun datuen handitasuna aintzat hartuta, orain arte eraiki diren animalientzako pasabideak ez dira nahikoa errepideen inpaktuari aurre egiteko. Ahaleginak ahalegin, errepideetako basa bizitzaren hilkortasuna ez da inolaz ere deuseztatu pasabide artifizial hauekin.
Errepideetan hildako animalien kopurua jakin nahian
Bada beste kontu bat, bestalde, errepideen ekologiari zailtasuna gehitzen diona: oso zaila da errepideetako harrapaketen ondoriozko egiazko hilkortasun-tasak kalkulatzea. Tasa hauek kalkulatzeko, zientzialariek gehienetan laginketak egiten dituzte aurrez erabakitako errepide-tarte batzuetan, eta ikusten dituzten animalia hilak zenbatzen dituzte. Prozesu hau maiztasun jakin batekin errepikatuz, hilkortasun-tasak kalkulatzen dira. Alabaina, laginketa-metodo honek hainbat errore dakartza, egiazko hilkortasuna kalkulatzea oztopatzen dutenak. Animalia batzuek (animalia handiak, gehienetan) talkaren ostean beren kabuz errepidetik irtetea lortzen dute, baina askotan basoan hilko dira gero. Errepidean hilik geratu direnetatik, batzuk (anfibioak, narrasti eta ugaztun txikiak…) egun gutxira deskonposatuko dira bertan eta behatzailearentzat ikusezinak izan daitezke. Azkenik, behatzaileak berak ere errore bat gehitzen dio laginketari, agian ez baita dauden animalia-hondar guztiak ikusteko gai izango.
Zailtasun hauei erantzuna eman nahi diete mundu-mailako hainbat ikerketa-taldek, eta horixe lortu nahi du SAFE proiektuak (Stop Atropellos de Fauna en España, gaztelerazko sigletatik). Espainiako MITECOk (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa) sustatzen du proiektua eta Doñanako Estazio Biologikoak burutuko du diseinu zientifikoa eta datuen tratamendua. Borondatezko langileen mobilizazioari esker, datu-base handi bat eraiki nahi da. Borondatezko langileek ibilbide bat aukeratuko dute eta gutxienez urtean behin bizikletaz edo oinez egingo dute, betiere ibilbidea aldatu gabe (ezingo dute parte hartu, hilabete batean edo bitan egin ezin badute ere). Harrapatutako animalia guztiak erregistratuko dituzte gailu mugikorretarako aplikazio bat erabiliz, bai eta horiek ibilbidean non dauden ere. Egunen batean harrapatutako animaliarik aurkitzen ez bada, 0 erregistratuko da.
Egitasmo honekin bi helburu bete nahi dituzte. Lehenik, aipatutako laginketako erroreak zuzentzen ikastea eta, ondoren, Espainiako errepideek eragiten duten basa bizitzaren egiazko hilkortasuna kalkulatzea. Hastapenetan dago oraindik ekimena; ikusiko dugu, beraz, zer nolako emaitzak lortzen dituzten.
Errepideen ekologia jaio zenetik 24 urte pasa dira, eta ia mende laurdenean jakintza asko eskuratu bada ere, lan asko dago oraindik aurrean. Azpiegitura linealen eragina, talken ondoriozko heriotzez gain, haratago doa. Animalien portaeran aldaketak egon daitezkeela aztertu da, azpiegiturak saihesten saiatzeagatik; horretaz aparte, paisaiak eta habitatak zatitzen dira, inbasio biologikoen arriskua handitzen da eta kutsadura atmosferikoak eta akustikoak animalien banaketa naturalari eragiten dio. Horrenbestez, etorkizuneko ikerketek animalien banaketaren informazioa, mugimendu-patroiak eta azpiegituren sareak, datu horiek denak integratu beharko dituzte, basa bizitzaren hilkortasun-tasaren ahalik eta ikuspegi errealistena lortzeko. Informazio hori gero aplikatu ahal izango da, errepideak, trenbideak eta linea elektrikoak hobeto kudeatzeko ingurumenaren mesedetan, eta haren babesa helburu izanik.
Erreferentzia bibliografikoak:
Ascensão, F., Kindel, A., Teixeira, F. Z., Barrientos, R., D’Amico, M., Borda-de-Água, L., & Pereira, H. M. (2019). Beware that the lack of wildlife mortality records can mask a serious impact of linear infrastructures. Global Ecology and Conservation, 19, e00661. DOI: https://doi.org/10.1016/j.gecco.2019.e00661
D’Amico, M., Ascensão, F., Fabrizio, M., Barrientos, R., & Gortázar, C. (2018). Twenty years of Road Ecology: a Topical Collection looking forward for new perspectives. European Journal of Wildlife Research, 64 (3). DOI: https://doi.org/10.1007/s10344-018-1186-x
Forman, R. T. T., & Alexander, L. E. (1998). Roads and their major ecological effects. Annual Review of Ecology and Systematics, 29, 207–231. DOI: https://doi.org/10.1146/annurev.ecolsys.29.1.207
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
2 iruzkinak
[…] eta ehizaren bidez egiten da populazio hauen kontrola. Izatez, ehiza da, gaur egun, basurdeen hilkortasun-kausa […]
[…] xedea zen ulertzea nola eragiten zieten saguzarrei eta haien harrapakinei korridore ekologikoek edo hesi berdeek, hau da, gune naturalak konektatzen dituzten bideek (nekazaritza-lurren arteko sastrakadiak […]