Psikologia eta ekonomiako zenbait arlotan, pertsonen prosozialtasun maila baloratzen duten esperimentuak egin ohi dira. Esperimentu horietan eskuzabaltasunak, altruismoak edo lankidetzak nolabaiteko kosturen bat dakarte.
Prosozialtasunaren kostuen artean daude denbora, dirua edo ahalegina, besteei mesede egiteko edo haiek zigortzeko. Hala ere, bizitzako portaera batzuek, prosozialtzat jo badaitezke ere, ez dakarkiete inolako kosturik edo ahaleginik haiek gauzatzen dituztenei, edo, asko jota, eragozpen txikiren bat soilik eragiten diete. Eguneroko keinu horiek besteekiko nolabaiteko onginahia edo adeitasuna adierazten dute, eta bizikidetza atseginagoa egiten dute, onura jasotzen dutenen bizi kalitatea nabarmen aldatzen ez badute ere. Gai hauek landu dituztenek horri social mindfulness deitzen diote, kontzientzia soziala edo horrelako zerbait.
Keinu txikiak
Imajina ezazu egoera hau: berandu iritsi zara festa batera, eta badakizu beste pertsona bat iritsiko dela zertxobait beranduago, eta kopa bat ardo zuri eta zenbait kopa ardo beltz baino ez dira geratzen. Kopa bat ardo beltz edo kopa bat ardo zuri har dezakezu. Lehenengo kasuan, bigarren pertsonak, zuk bezalaxe, aukeratzeko aukera izaten jarraituko du; bigarrenean, ordea, ezin izango du aukeratu. Paseatzen ari zarela bufanda bat aurkitzen baduzu lurrean, dagoen lekuan utz dezakezu, edo, bestela, jarleku batean edo hesi batean jar dezakezu, ondo ikusteko moduan. Bigarren aukera ia ez zaizu ezer kostatzen, keinu bat besterik ez da. Bizitzan horrelako egoera ugari daude.
Bada, herrialde desberdinetan horrelako portaerak ebaluatzen direnean, bi pertsona berandu iristen diren festako baldintzak simulatzen dituzten esperimentuen bidez, desberdintasun oso handiak agertzen dira herrialde batzuen eta besteen artean, harritzeko moduko desberdintasunak, esango nuke. Gizabanakoen artean ere aldeak daude, noski.
Irismen handiko nazioarteko azterlan bat egin da hainbat kulturatako hogeita hamar herrialde industrializatutako zortzi mila pertsona baino gehiagorekin. Bertan, kontzientzia edo onginahi sozialaren eta hainbat ezaugarri demografiko, politiko eta ekonomikoren artean dagoen lotura maila ebaluatu dute. Oro har, bada nolabaiteko elkarrekikotasuna prosozialtasun nekezaren (ahalegin bat eskatzen duena) eta onginahi sozialaren artean, gizabanakoen zein herrialdeen artean, nahiz eta korrelazioa oso handia ez izan. Hala ere, ikerketa horren emaitzarik nabarmenena zera da, herrialdeen arteko alderaketa egiten denean, lotura handia ikusten dela kontzientzia sozial horren eta ingurumen jardunaren indizearen artean (indize horrek herrialdeek ingurumen politikako helburuekiko duten hurbiltasun maila adierazten du). Gainerako faktoreen balizko eragina desagertu egiten da faktore hori kontuan hartzen denean.
Lotura sendo horrek aditzera ematen du joera prosozialak beste pertsona batzuenganako joera eskuzabal edo onberetan agertzen direla, baina baita ingurunearen kalitatearekiko kezka zabalago batean ere. Ikerketa hori egin dutenen arabera, onginahi hori kapital sozial batetik dator, eta kapital hori ingurumena babesteko interesean ere proiektatzen da, ekintza kolektiboaren moduren bat islatuz, akaso. Ondorioa izango litzateke besteekiko arreta maila ez dela gure garaikideekiko ekintza atsegin edo eskuzabaletan soilik adierazten, gure ondorengoekiko interes aktiboaren forman ere adierazten da.
Ikerketa honen gauzarik harrigarriena da egileek ez dakitela zein diren ikusitako loturaren oinarrian dauden faktoreak; izan ere, badirudi beste aldagai sozioekonomiko edo kultural batzuek ez dutela eraginik.
Erreferentzia bibliografikoa:
Van Doeasum, Niels J. et al. (2021). Social mindfulness and prosociality vary across the globe. Proceedings of the National Academy of Sciences, 118(35) e2023846118. DOI: 10.1073/pnas.2105061118
Egileaz:
Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
2 iruzkinak
[…] Kontzientzia edo onginahi soziala ebaluatu dute, ezaugarri demografiko, politiko eta ekonomikoekin duen lotura maila aztertuz. Nazioarteko azterlan batean hainbat kulturatako hogeita hamar herrialde industrializatutako zortzi mila pertsona baino gehiago ebaluatu dira. Ikerketa horren emaitzarik nabarmenena zera da, herrialdeen arteko […]
[…] Altruismoa ez da primateengan soilik ematen. Desmodus rotundusa odolez elikatzen da; benetako banpiro bat da, hau da, saguzar hematofago bat. Gainera, lortzen duen odola bere taldeko beste banpiro batzuekin partekatzen du. Bereziki diseinatutako esperimentuen bidez egiaztatu denez, odola partekatzean […]