Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.
Hona hemen gure hirugarren ariketa: Katetoen neurrien bila.
ABC triangelu zuzenaren AB hipotenusan P puntua hartu dugu. Distantzia hauek ditugu: PA = 3 cm, PB = 1 cm eta PC = 2 cm. Aurkitu katetoen neurriak eta utzi zuen erantzuna iruzkinetan!
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Ariketak “Calendrier Mathématique 2022. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
1 iruzkina
Nire kalkuluen arabera, katetoen luzerak erro sei eta erro hamar. Azalpena irudi baten bitartez doa, ea ulertzen den:
https://drive.google.com/file/d/1vrA4V-7XBp6Aj1tTDIPfMmiNs_Ihatsw/view?usp=sharing