Antropologo bat Marten

Argitalpenak · Dibulgazioa

Antropologo bat Marten liburua, Oliver Sacks neurologoak idatzitakoa, 1995 argitaratu zen. Liburuan zazpi kontakizun paradoxiko topatu ditzakegu, kasu kliniko banatan oinarriturikoak. Giza garunak gobernatzen dituen funtzioen zenbait akats edo matxura nabarmen ikergai, bere neurologo-esperientziatik abiatzen da Sacks doktorea, zorroztasun sakonez eta bihotz samurrez, zuzenean tratatu dituen kasuok bere baitan hausnartu eta guri biziaraztera.

Antropologo bat
Irudia: Antropologo bat Marten liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Lehenbiziko paradoxa: argi berezia emango digute huts horiek psikearen beteaz. Bigarrena: nolabaiteko akastun diren gizakiok, sanoen aldean dituzten galera edo eskasiekin batera, badituzte maiz, ordainetan, hainbat dohain miresgarri.

Hala, pertsona da hemen, bere osotasunean, protagonista, bere aldarte, borroka eta gorabehera guztiekin, eta ez gaixoa edo haren gaitza soilik. Eta pertsonaia biziak ditugu zazpiak ere, gogoangarriak. Toles eta ñabarduraz beteak, ez azalpenen aitzakia huts. Bere jakintza-esparrutik giza izatearen zabalera jauzi eginez, trebeki bilakatzen ditu Sacksek kasuok literatura: aberasgarri bezain atsegin. Literatura eta zientzia eskutik joatea ez da, hemen, paradoxa.

Oliver Sacks-ek (Londres 1933 – New York 2015) neurologiako irakasle eta aholkulari gisa lan egiten zuen idazten zuen aldi berean. Gizakiaren arazo psikikoez arduratzen zen, giza garunaz eta gogamenaz. Sacks doktorearen liburuak bestseller bihurtu dira mundu osoan. Unibertsitatean sarri erabiltzeaz gainera, zinemara eta antzerkira ere eraman izan dira batzuk: Iratzarraldiak, Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona…

Argitalpenaren fitxa:

  • Izenburua: Antropologo bat Marten
  • Egilea: Oliver Sacks
  • Itzultzailea: Xabier Olarra Lizaso
  • ISBN: 84-8373-563-6
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2003
  • Orrialdeak: 324 or.

Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Antropologo bat Marten

2 iruzkinak

  • Erdarazko bertsioa irakurri nuen duela urte batzuk, eta izugarri gustatu zitzaidan. Egia esan, Oliver Sacks-en liburu mordo bat daukat eta ezin izango nuke esan zein izan dut gustokoena.

  • […] Zientzia Kaieran 1995ean argitaratutako liburu bat aurkeztu dute, Oliver Sacks neurologoak idatzitako Antropologo bat Marten liburua. Liburuan zazpi kontakizun paradoxiko topatu ditzakegu, kasu kliniko banatan oinarriturikoak. Sacks doktorea bere neurologo-esperientziatik abiatzen da zuzenean tratatu dituen kasu horien inguruan hausnartzeko […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.