Zenbakirik gabe bizi

Argitalpenak · Dibulgazioa

John Allen Paulos matematikariak egungo gizarteak matematika eguneroko bizimoduan ulertzeko dituen arazoak aurkezten ditu bere Zenbakirik gabe bizi (1988) liburuan. Bizi ote liteke inor letrarik gabe? Bai, jakina, baina bere izena du horrek: analfabetismoa. Zenbakirik gabe bizitzea, ongi begiratuz gero, are gogorragoa da, nahiz ez duen gure artean, eta sintomatikoa da hori, izen jakinik: bat behar eta, “matematika-ezjakintasuna” esaten zaio liburu honetan. Gabezia horren kalteak eta komeriak jorratzen ditu Paulosek saiakera zorrotz bezain jostagarri honetan.

Zenbakirik gabe
Irudia: Zenbakirik gabe bizi liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Izan ere, letra-ezjakintasunak ez du uzten gizakia hizkuntzaren tresnarik gabe, haren alderdi idatziari baino ez baitagokio, baina zenbaki-ezjakintasunak kalkulu-ahalmena bera oztopatzen du, eta hala uzten gaitu etorkizuna aurreikusteko eta begien aurrean duguna bera ongi ulertzeko baliabiderik gabe. Halako hutsen iturririk behinenak aurkezten dizkigu Paulosek, adibide hurbilez eta azalpen bixi-bixiz: portzentajeak, probabilitateak, joko-apostuak, zenbaki handiak, estatistikak, sineskeriak, inkestak, hauteskundeak…

Gutxieneko matematika-jakintzarik gabe, bada, egunkariko izenburuak taxuz irakurtzeko ere ez gara gauza. Eta eskolatzen ote gaitu eskolak alderdi horretatik ere? Ala, Paulosek aipatzen duen moduan, “matematika-larri” uzkur bat baino ez dio uzten askori, gehienoi, eta horrenbestez areagotzen -defentsa-erreakzioz edo- matematika bizitzarekin zerikusirik gabeko abstrakzio bihozgabe bat delako aurreiritzi arrunta?

Liburu txinpartatsu hau irakurtze hutsak ez dio inori sendatuko bertan salatzen den gaitza, baina bai begiak irekiko, irribarre kezkatiz, haren aurrean.

John Allen Paulos (Chicago 1945) matematika-irakasle dihardu Filadelfiako Temple unibertsitatean, eta zabalkunde handiko hedabideetan ere parte hartzen du sarri. Dibulgatzaile-kezka horren ildo berean, adierazgarri dira argitaratu dituen liburuen izenburuak: Matematika eta umorea, Pentsatzen dut; beraz, barre egiten dut, Matematikari bat egunkaria irakurtzen, Matematikari bat burtsan jokatzen… Arrakasta bero bezain zabala bildu zuen berehala Zenbakirik gabe bizi saiakerarekin, eta hari zor dio, batez ere, mundu guztian duen sona.

Argitalpenaren fitxa:

  • Izenburua: Zenbakirik gabe bizi
  • Egilea: John Allen Paulos
  • Itzultzailea: Josu Zabaleta Kortaberria
  • ISBN: 84-8373-869-4
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2006
  • Orrialdeak: 200 or.

Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Zenbakirik gabe bizi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.