Frances Chick Wood, kimikatik estatistika medikora

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Frances Chick Wood, lehenik, polimerizazioarekin eta mahatsaren hartzidurarekin zerikusia zuten gaietan hasi zen kimikari lanetan. Baina handik gutxira, estatistika medikoan jarri zuen arreta, eta diziplina horretan ekarpen nabarmenak egin zituen.

Frances Chick 1883ko abenduaren 25ean jaio zen, Londresen, familia metodista batean. Zazpi ahizpatatik seigarrena izan zen, eta hamabi neska-mutileko seme-alaba multzo baten barruan iritsi zen helduarora. Gainerako ahizpak bezalaxe, zorrotz hezi zuten, eta zientzien arloko hezkuntza arretatsuagatik ospetsua zen neskentzako eskola batera joan zen, Notting Hill High School-era.

Frances Wood
1. irudia: Frances Wood kimikaria eta estatistika medikoa. (Iturria: Mujeres Con Ciencia)

Bost ahizpak, Frances barne hartuta, goi mailako ikasketak egin, eta unibertsitateko graduak eskuratu zituzten. Haien artean, Harriette Chick (1875-1977) nutrizionista aintzatetsia zegoen.

Francesek Londresko University College-n ikasi zuen, eta, 1908an, graduatu zen Kimikan, ohorezko aipamena jasota. Urte hartan bertan, ikertzaile kimiko gisa lanpostu bat lortu zuen Medikuntza Prebentiboko Lister Institutuan, non Harriette ahizpa dagoeneko lanean ari zen.

1910ean, Lister Institutuak Major Greenwood (1880-1949) epidemiologo eta estatistikaria kontratatu zuen, erakundean Estatistika Saila inauguratzeko. Frances mediku hark emandako zenbait hitzalditara joan zen, eta, 1911tik aurrera, estatistika medikoan hasi zen lanean, lanaldi osoan. Besteak beste, familien bizi baldintzen eta Lehen Hezkuntzako eskoletako ikasleen garapen mentalaren arteko korrelazioa ikertzen hasi zen. Datuak bildu eta aztertzen hasteko astia baino ez zuen izan. 1914an, Lehen Mundu Gerra piztu zenean, Merkataritza Ganberara bidali zuten. Gero, Munizio Ministeriora lekualdatu zuten, eta 1919ko martxora arte egon zen han. Orduan, haurdun zegoenez, lanpostuari uko egin zion. 1911n, Sydney Wood-ekin ezkondu zen, Hezkuntza Batzordeko ikuskatzaile batekin. 1919ko irailaren amaieran, neskato batez erditu zen, Barbaraz. Frances handik bi astera hil zen, urriaren 12an, zesarea bidez erditu ondoren sortutako septizemia batengatik.

Estatistikari mediko gisa egindako ekarpenak

Frances Wooden ibilbide estatistikoa laburra izan zen, baina oso esanguratsua.

1913an, bi artikulu argitaratu zituen, bakarka. Lehenengoan, The course of real wages in London, 1900-12 izenekoan, xehe dokumentatu zuen Merkataritza Ganberak soldatetan, txikizkako prezioetan eta alokairuetan denborarekin izandako aldaketak neurtzeko erabiltzen zituen zenbaki indizeak (garai edo leku desberdinetan magnitude bat edo batzuk konparatzeko erabiltzen den neurri estatistikoa) ez zirela egokiak. Bigarren artikuluan, The construction of index numbers to show changes in the price of the principal articles of food for the working classes izenekoan, aurreko azterlana zabaldu zuen. 1916an berriro heldu zion gaiari, The increase in the cost of food for different classes of society since the outbreak of war argitalpenean. Lan horretan azpimarratu zuenez, klase ertainak elikagaien prezio igoeretara molda zitezkeen, dietaren osaketa edo kalitatea aldatuta, baina langile klaseek ez zuten malgutasun hori. “Argi eta garbi dago azken bi urteetan elikagaietan izandako prezio igoerak horri eusteko ahalmen gutxien duen klaseari eragin diola batik bat”, adierazi zuen ikertzaileak lan horretan.

1914an, hiru artikulu argitaratu zituen, Greenwoodekin batera. Lehenengoa, On changes in the recorded mortality from cancer and their possible interpretation, minbiziaren ondoriozko heriotza tasari buruzkoa zen. Minbizia gorabidean zegoen gaixotasun bat zen susmoari erantzuten saiatu ziren. Ondorioztatu zutenaren arabera, hala zen, gaixotasun horrek gora egin zuen, baina galderak zailtasun metodologikoak planteatzen zituela onartu zuten. Bigarren artikuluan, The relation between the cancer and diabetes death-rates izenekoan, minbiziaren eta diabetesaren ondoriozko heriotza tasak alderatu zituzten, elkarri oso lotuta zeudelako. Hirugarren artikuluan, A study of index correlations izenekoan, heriotza tasen arteko korrelazioaren auzia formalizatu zuten.

2. irudia: Royal Statistical Society elkarteak Frances Wood Memorial Prize saria sortu zuen, arazo ekonomiko eta sozialekin lotutako ikerketa estatistiko onenak saritzeko asmoz. (Argazkia: geralt – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

1915ean, Frances enpleguaren arloko estatistiken ikertzaile lanetan hasi zen Merkataritza Ganberan, eta bere lanak aitortza handia jaso zuen. 1916ko urrian, Munizio Ministerioaren Estatistika Sail Nagusira joan zen lanera, zeina Greenwooden ardurapean baitzegoen. Ez dakigu zer eginkizun izan zituen zehatz-mehatz, baina badakigu armen eta munizioen kontratuekin lotuta zeudela.

1920an, Woodek (ordurako hilda zegoen), J.W. Brown-ek eta Greenwoodek The fertility of the English middle classes: a statistical study lana argitaratu zuten. Lan horretan, 1915ean hasitako beste bat deskribatu zuten, unibertsitateko hezkuntzak klase ertainaren ugalkortasunean zuen inpaktuari buruzkoa. Emakume unibertsitarioen eta ez unibertsitarioen ugalkortasuna adinarekin eta ezkonduta zeramaten denborarekin lotu zuten datuen taula eta erregresio ekuazio ugarik.

Woodek 1913an eta 1914an bildutako familien bizi baldintzei eta ikasleen garapen mentalari buruzko datuak ere hil ondoren argitaratu ziren, 1923an.

Legatua eta aitortzak

Frances Wood estatistikan aitzindaria izan zen emakumeentzat. Lister Institutuaren Estatistika Saila, 1910ean sortua, estatistika medikoaren arloko lehenengo sailtzat jotzen da. Greenwood, Estatistika Saileko zuzendaria, lehenengo estatistikari medikoa izan zen; Frances, berriz, diziplina horretan aritu zen lehenengo emakumea.

1913ko otsailaren 1ean, Royal Statistical Society elkarteko kide egin zuten Wood. Elkarte horren Kontseiluko kideen artean lehenengo emakumea izan zen, baita Batzorde Exekutiboan parte hartu zuen lehenengoa ere.

Britainiar Inperioko Ordena jaso zuen 1917an, eta Ordenako ofizial izendatu zuten 1918an.

1921ean, Royal Statistical Society elkarteak Frances Wood Memorial Prize saria sortu zuen, arazo ekonomiko eta sozialekin lotutako ikerketa estatistiko onenak saritzeko asmoz. 2011n, estatistikariaren omenez Wood domina eratzeko erabili zen sari horren funtsa.

Iturriak:


Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko azaroarenren 21ean: Frances Chick Wood, de la química a la estadística médica.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] Frances Chick Wood zientzialariak estatistika medikoan diziplina horretan ekarpen nabarmenak egin zituen. Bere hastapenetan polimerizazioarekin eta mahatsaren hartzidurarekin zerikusia zuten gaietan hasi zen kimikari lanetan, baina 1911tik aurrera, estatistika medikoan hasi zen lanean, lanaldi osoan. Frances Wooden ibilbide estatistikoa […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.