Garai batean, milioika bisontek bazkatzen zuten Ipar Amerika barnealdeko larreetan –europarrak iritsi aurretik populazioa 100 milioi ingurukoa zela uste da–, baina ehizak haien gainbehera ekarri zuen. XX. mendearen hasieran ehunka baino ez ziren geratzen, zoologikoetan, in extremis. Beste espezie batzuek, hala nola uso migratzaileak (Ectopistes migratorius), ez zuten halako zortea izan, eta azkenean desagertu egin ziren.
Lehen kolonoak txundituta geratu ziren migrazio garaietan zerua estaltzen zuten milaka alek osatutako uso saldo handiekin. Batzuek hamalau ordu baino gehiago behar izaten zituzten eremu bat zeharkatzeko. Nork pentsatuko zuen Martha, espeziearen azken emea, 1914an hilko zela gatibutasunean? Azken kasu horrek ondo baino hobeto erakusten du espezie bat, munduko hegaztirik ohikoenetako bat izatetik desagertutako espezie izatera igaro daitekeela mende batean baino gutxiagoan. Historian maiz gertatu dira halakoak: gizakiak animalia eta landare asko desagerrarazi ditu, bere garaian oso ugariak izan zirenak, baliabide agorrezina zirelakoan. Kontserbazio biologiaren puntu ahulenetako bat ohiko espezieak gutxiestea izan da, eta uste baino gehiagotan gertatu da.
Horren harira, Rosalie Barrow Edge (1877-1962) ornitologo amateurra eta ingurumenaren defendatzaile aitzindaria izan zen. Espezieak babestearen alde egin zuen, eta arreta berezia jarri zuen guztiak babesteko beharrean, ohikoak ziren bitartean, arraroak bihur ez zitezen. Bere ikuspegiak kontserbazioari heltzeko modua eta haren inguruan pentsatzen zena goitik behera aldatu zuen. Izan ere, garai hartan balio ekonomiko kuantifikagarri bat zuten espezieak bakarrik babestu ohi ziren. Helburu hori lortzeko, Larrialdiko Kontserbazio Batzordea (Emergency Conservation Committee, ECC) sortu zuen 1929an. Erakunde oso aktiboa zen, eta hil zen arte zuzendu zuen.
Rosalie Barrow New York hirian jaio zen, eta John Wylie Barrowren bost seme-alabetatik gazteena zen. John Wylie Barrow inportatzaile britainiar dirudun bat zen, eta Charles Dickensen senidea. 1909an, Charles Noel Edge ingeniari zibilarekin ezkondu zen Japonian. Hiru urtez Asian zehar bidaiatu zuen harekin, behin betiko Estatu Batuetara itzuli aurretik. Itzultzean, Edge senarrarengandik banandu zen, eta emakumeen boto-eskubidearen alde borrokatzen zen erakundearekin batekin (Equal Franchise Society) bat egin zuen. Bertan, hitzaldiak emateko eta eztabaidetan parte hartzeko jaioa zela ikusi zuen. Ondoren, New Yorkeko Estatuko Emakumeen Sufragioaren Alderdiko idazkari-diruzain izendatu zuten.
Garai hartan, 1905ean sortutako National Audubon Societyk eta kontserbaziora dedikatutako beste erakunde batzuk hegaztiak ikusteko topaketak egiten zituzten Central Parken. Edgek bat egin zuen egunero leku horretara joaten zen ornitologo eta behatzaile afizionatuen taldearekin, eta naturaren babesaren inguruan interesatzen hasi zen, batez ere milaka hegazti inolako kontrolik gabe ehizatzen zituztela jakin zuenean. Ehiztariek hainbat motibo zituzten hegaztiak ehizatzeko: haien luma desiratuak lortzea, gero modako osagarri gisa erabiltzeko; haien haragia saltzea; edo bestela, kirola egitea. Sarraski horiek garai batean ugariak ziren espezieak desagerrarazi zituzten eta beste asko desagertzeko zorian utzi zituzten. Haien ondorioz, Edge kontserbazioaren aldeko aktibista bilakatu zen, eta Audubon Elkarteen Elkarte Nazionalaren (NAAS) antolaketa politikan parte hartu zuen, oraingo Audubon Elkarte Nazionalaren aitzindarian.
1934an, Rosalie Edgek hegazti harraparientzako munduko lehen erreserba sortu zuen. Garai hartan gupidarik gabe ehizatzen zituzten espezie horiek, eta desagertzeko zorian zeuden.
Behin barruan, gertutik ezagutu zuen bere funtzionamendua, eta babestu behar zituzten espezieen aurka zihoazen praktika kaltegarriak zein ziren ikusi zuen. Edgek ikusi zuen naturaren alde egin behar zuten zenbait erakunde, Audubon kasu, isilik geratzen zirela gehiegikerien aurrean, eta are gehiago, batzuetan haien konplize ere izaten zirela interes ekonomikoak tarteko jartzen zirenean. Besteak beste, NAASeko presidenteak armaginen dohaintzak onartu izanak ehizaren aldeko politikak onartzearen truke edo elkartea ez jarri izanak gobernu federalak hildako hegazti harrapatzaileen ordainetan sekulako ordainsariak ematearen aurka, suminarazi egin zuten.
Edgek Audubon elkartearen bileretan buruzagi batzuen jokabidea gaitzetsi eta ustelak zirela salatu zuen, kirol tiroko klubekin, zur enpresekin eta abeltzainekin bat egiteagatik. Gerora, denak berdin jarraitzen zuela ikusi zuenean, NAAS auzitara eraman zuen, sufragista gisa ikasitakoa praktikan jarriz.
Bere aldeko epai batek erakundeko 11.000 kideen posta zerrendan sartzeko aukera eman zion, eta guztiekin harremanetan jartzen hasi zen zuzenean. Bere ustez basabizitzaren defentsari zegokionez egin ziren akatsak zein ziren azaldu zien. Neurri horri esker, bazkide askok baja eman zezaten lortu zuen, eta hala, buruzagiei zeharka presioa egin zien. Horietako batzuek dimisioa eman zuten. Eztabaida latz horrek NAASen eta Edgeren arteko haustura eragin zuen, eta emakumea hil baino aste batzuk lehenagora arte iraun zuen, 1962ko azarora arte, hain zuzen.
Bere helburuak lortzeko, talde bat sortu zuen, eta Larrialdiko Kontserbazio Batzordea (ECC) izena eman zion. Hasieran berak bakarrik osatzen zuen. Baina bere irmotasuna fruituak ematen hasi zen eta aurrerantzean izan zituen lorpenak izugarriak izan ziren, batez ere kontuan hartuta gehienak 1930eko eta 1940ko hamarkadetan gertatu zirela, hots, krisi ekonomiko sakoneko garaian.
Harraparientzako puntu beltzetako bat Appalache mendietako (Pennsylvania) mendixka bat zen, non hamarkadak zeramatzaten bertatik igarotzen ziren belatzak eta arranoak hiltzen. Kirol-ehizaldi horiek oso ezagunak ziren, eta milaka hegazti akabatzen zituzten urtero. Eta kontserbazionista batzuek, Richard Poughek adibidez, kanpaina batzuk egiten zituzten haiekin amaitzeko eta toki hura erosteko dirua biltzeko.
Edge sarraski horien jakitun zen, eta haien aurka egitea erabaki zuen, udazkeneko ehizari aurrea hartuz. Bazekien espezieak babesteko neurririk eraginkorrenetako bat lurrak erostea zela, jabe gisa lurrak zaintzeko kudeaketa egokia egin baitzezakeen. Uste zuen politikariei eta erakundeei hegaztien garrantzia ulertarazteko ahaleginak porrot egingo zuela, eta, ondorioz, bere ahalegin guztiak bere ikuspegiarekin bat zetozen pertsonek babesa eman ziezaioten bideratu zituen, eta, hala, lurren jabegoa eskuratzeko dirua lortu zuen.
Hasteko, zenbait naturalista konbentzitu zituen, 1.400 akreko Hawk Mountain (Belatzaren mendia) alokatzeko –erosteko aukerarekin–. Horrela jaio zen 1934an munduko basabizitzako santutegirik zaharrena. Ingalaterra Berriko Maurice Broun eta Irma Broun senar-emazte kontserbazionistek babestu zuten, eta orduz geroztik, migrazio ibilbideetan leku horren gainetik hegan egiten zuten hegaztien erroldak egiten hasi ziren. Urte baten buruan, ehizaldiak gelditzea lortu zuten, eta harraparien populazioa nabarmen suspertu zen. 1938an, Hawk Mountain Santutegia Elkartea irabazi asmorik gabeko erakunde gisa eratu zen, eta Edgek haren jabetza eskuratu zuen. Gerora, 2.500 akreraino hedatu zen, eta elkartearen jabetza izatera pasa da betiko.
Hawk Mountain ez da estatuaren jabetzakoa, eta ez du haren finantzaketarik jasotzen. Erabat autosufizientea izan da betidanik, eta halaxe izaten jarraitzen du gaur egun ere. Hegaztiak babesteko eta behatzeko bakarrik erabiltzen da. Behatokira sartzeko hamabost zentimoko sarrerei eta kontribuzio txikiei esker finkatu zen santutegia. Baina, batez ere, kontzientziazio gune bat da. Bisitari asko harraparien migrazioa ikustera soilik joaten ziren, jakin-minez, baina bertan ingurumenaren kontserbazioaren alderdi asko ezagutzen zituzten.
Gainera, historia zientifikoaren mugarri izan zen; izan ere, 1960an, Hawk Mountain Sanctuaryk Rachel Carsoni migrazioari buruzko datu esanguratsu batzuk eman zizkion, eta hark, datu haiei esker, harrapari gazteen biztanleriaren beherakada DDTarekin lotu zuen. Ikerketa horri buruz bere liburuan jardun zuen, Udaberri isila izenekoan.
Bere aktibismoa konprometitua eta beligerantea zen, eta arreta beti gatazketan jartzen zuen. Ondorioz, kontserbazioaren infernuko katemea bezala ezagutzen zen.
Bere aktibismoak parke nazionalak sortzeko eta zabaltzeko kanpaina ugari zuzentzera eraman zuen. Zeregin garrantzitsua izan zuen Olympic Parke Nazionalaren eta Kings Canyon Parke Nazionalaren sorreran, baita Yosemite Parke Nazionalarenean eta Sekuoia Parke Nazionalarenean ere. Eta, hori gutxi balitz, basabizitza eta ingurumena babesten zuten erakunde askoren fundatzaileengan eragina izan zuen.
Baina, gainera, Edge jarraitzaile gutxiko kausa askoren buru izan zen, eta toxiko eta pestiziden erabilera indiskriminatua salatzen ere lehenengotarikoa izan zen. DDTaren arriskuei buruz mintzatu zen. 1941aren amaieran, Edge kongresura joan zen, entzunaldi batera, intsektiziden kontrolik gabeko erabilerari aurre egiteko. Izan ere, Floridako zenbait lekutan, abereek izaten zituzten akainen infestazioak desagerrarazteko intsektizida horiek erabiltzen zituzten. Bertan, aplikazio masibo horiek fauna guztia pozoien eraginpean jartzen zutela ohartarazi zuen.
Bere aktibismo konprometitu eta beligeranteagatik eta arreta beti gatazketan jartzeagatik, kontserbazioaren infernuko katemea goitizenez ezagutzen zen, eta «zintzoena eta hezigaitzena» gisa definitu zuen The New Yorker aldizkariak 1948ko artikulu batean. Edge ez zen inoiz isildu: ez erakunde naturalistetako agintariak kritikatzeko garaian, haiengan praktika okerrak ikusten zituenean; ezta zientzialariei ahotsa ematerakoan ere, argia ikusteko bide zaila zuten gai korapilatsuak ikertzen zituztenean.
Hil baino aste batzuk lehenago, Audubon elkartearekin zuen sua behin betiko itzali zuen; 33 urtean gauza asko aldatu ziren, eta erakundea gauzak ondo egiten ari zen. Edge urteroko bileran izan zen, non estatubatuar kontserbazioaren figura garrantzitsuenetako bat bezala aurkeztu zuten; eta, milatik gora bazkideren txaloen artean, honako hau esan zuen: «Adiskidetu egin naiz Audubon elkartearekin».
Gaur egun bere izena gehienentzat ezezaguna bada ere, bere ondareak sekulako eragina du egungo mugimendu ekologistan. Rosalie Edge, Hawk of Mercy: The Activist Who Saved Nature from the Conservationists liburuak (Rosalie Edge, Belatz errukiorra: Natura kontserbazionisten eskuetatik salbatu zuen aktibista), Dyana Z. Furmanskyrenak, gogora ekartzen du eta omenaldia egiten dio ekosistemak babesten aitzindaria den eta modu bidegabean ahaztua izan den emakume honi.
Erreferentzia bibliografikoa:
- Furmansky, Dyana Z. (2009). Rosalie Edge, Hawk of Mercy: The Activist Who Saved Nature from the Conservationists. University of Georgia Press.
Iturriak:
- Furmansky, Dyana Z. (2010). Getting Over Rosalie, Audubon Magazine, 2010eko urtarrilaren 7a
- Rosalie Barrow Edge – Feminist, Naturalist and Conservationist, News Audubon Center for Birds of Prey
Egileaz:
Elena Soto (@EstabloPegaso) zientzian espezializatutako kazetaria da. B@leópolisen idazten zuen, Balear Uharteetako dibulgazio zientifiko eta teknologikorako eranskinean. Poeta ere bada, eta hainbat liburu argitaratu ditu.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko azaroaren 30ean: Rosalie Edge, la gata del infierno y el halcón misericordioso.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
1 iruzkina
[…] mendietan, munduko basabizitzako santutegirik zaharrena. Emakume honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur […]