Asteon zientzia begi-bistan #425

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

intsektu

Ingurumena

One Earth aldizkarian argitaratu denez, basoen galeran nekazaritzak baino eragin handiago du bestelako produktuen nazioarteko merkataritzak. Produktu hauek dira, besteak beste, mineralak, metalak eta zurarekin lotutako produktuak. Ikertzaileek kalkulatu dute ukitu gabeko basoen galeraren % 60, nekazaritzakoak ez diren produktu horien kontsumoari dagokiola. Askotan, nekazaritzarako lur berriak sortzeari egozten zaio ustiatu gabeko basoen galera. Ikerketa honek, ordea, agerian jarri du nazioarteko merkataritzara bideratutako bestelako produktuek ere eragin handia dutela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Unai Ugalde biologoak intsektuen galeraz ohartarazteko hitzaldia eman du aste honetan Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Ugaldek azaldu zuenez, zenbait lanetan ikus daiteke intsektuen gainbehera azken 30 urteetan izan dela. Hegalariak ez diren intsektuen kasuan, bestalde, egoera larriagoa dela dirudi. Costa Rican egindako ikerketa baten arabera, hamarkada batean lurreko intsektuen %98 galdu dira. Ugaldek dio beherakada honen arrazoi nagusiak ekosistemen suntsipena eta zatiketa direla, eta itxurakeria albo batera utzi eta kontserbazioa lantzeko eskatu du. Informazio gehiago Berrian: «Ez dugu neurtzen egiten ditugun gauzek zer eragin duten inguruan».

Mikrobiologia

Mikrobioen artean ere biodibertsitatea azkar galtzen ari direla ohartarazi du zientzialari talde batek. Talde horren parte den Colin Averill SPUN onddo mikroskopioak babesten dituen elkarteko fundatzailekidea da, eta artikulu berri batean aldarrikatu dute mikrobioak babesteko ardura seriotasunez hartu beharreko zerbait dela. Mikroorganismoek, beren txikitasunetik, mundu makroan ezinbestekoak diren hainbat prozesu bideratzen dituzte, bai animalietan, bai landareetan zein ekosistema osoetan ere. Azterketan lurzoruko onddoetan zentratu dira, bereziki, eta ondorioztatu dute lurzoruko mikrobioma natiboak berrezarriz, batez beste landare biomasaren ekoizpena %64 azkartu daitekeela. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Mikroorganismoak? Bai, eskerrik asko!

Medikuntza

Giza fetuak erabat esterilak direla berretsi dute. Orain arte eztabaida zegoen ea fetuak esterilak diren edo baduten mikrobiomarik. Azken urteotan, ordea, bakterioak detektatu dituzte giza fetuen hesteetan eta beste organo batzuetan, eta fetuaren immunitate-sistema garatzeko ezinbestekoak direla ondorioztatu dute. Orain, berraztertu egin dituzte ikerketa horiek guztiak, eta ondorioztatu du fetuetatik laginak hartzerakoan gertatutako kutsadura besterik ez zela. Hortaz, fetuak esterilak direla berretsi dute. Alabaina, fetuak esterilak izateak ez du esan nahi immunologikoki garatu gabeak direnik. Immunitate-zelulak garapenean zehar sortzen dituzte, baina mikroorganismoekin lehenengo kontaktua jaiotzerakoan izaten dute umeek. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Genetika

Baleen tamainaren sekretua geneetan dago lau genetan dago. Baleak duela 5-10 milioi urte hasi ziren handitzen eta ikerketa berri batek erakutsi du aipatutako gene horiek, handitzea eragiteaz gain, handitzearen efektu kaltegarri batzuekiko babesa ere eman dietela baleei. Zetazeoen gertuko ahaideak diren zaldietan, behietan eta ardietan gorputzaren tamainarekin lotura duten 9 gene aztertu dituzte 19 zetazeo-espezietan azterketa egiteko, eta ikusi dute horietako 4 genek hautespen positiboa izan dutela zetazeoen eboluzioan. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

Nature Geoscience aldizkariak Marteko atmosferaren ezaugarrien berri eman du, NASAren Perseverance ibilgailuko MEDA tresnaren datuetan oinarrituta. Perseverance ibilgailua 2021eko otsailaren 18an iritsi zen Jezero kraterrera, eta intregraturik duen MEDA tresnak Marteko tenperatura, presioa, haizea, hezetasuna eta atmosferan beti esekita dagoen hautsaren propietateak neurtu ditu. Horrela jakin izan dute, besteak beste, airearen batez besteko tenperatura, urtaroetan zehar, zero azpitik 55 gradu ingurukoa da, eta gauaren eta egunaren artean asko aldatzen dela, 50 eta 60 gradu artekoa izanik alde tipikoa. Presio sentsoreek, bestalde, eguneko ziklo konplexu eta aldakor bat erakusten dute, atmosferako marea termikoek modulatua. Berri honen inguruko datu gehiago Zientzia Kaieran: Marteko meteorologia ezagutzen Perseverance ibilgailuarekin.

Orain 250 ikusten diren tokian, mende amaieran bospasei izar ikusiko ditugu gaueko zeruan. 2011 eta 2022 bitartean, gauez zeruan dagoen argitasuna %9,6 handitu da urtero, uste baino zortzi puntu gehiago. Horrela, lehen 250 izar ikusten ziren leku batean hemezortzi urte geroago 100 ikusten direla ondorioztatu dute. Skyglow deitu diote kutsadura horri ingelesez, argiaren kutsaduraren ondorioz, hainbat lekutan zerua ez baita jada erabat iluntzen. Ikerketa hau gauzatzeko, mundu osoko herritarrei eskatu zieten alderatzeko zeruan ikusten zituzten izarrak planisferio batean aurkitu daitezkeenekin. Izan ere, orain arte satelitez egiten ziren neurketak, baina hauek ez dituzte antzematen LED argien emisio urdinak. Horregatik, sateliteen neurketen arabera urtean %2 igotzen zen argiaren kutsadura, baina ikerketa berri honek erakutsi du kutsadura hori askoz ere nabariagoa dela. Informazio gehiago Berrian.

Geofisika

Pekingo Unibertsitateko Geofisika Teorikoko eta Aplikatuko Institutuko ikertzaileek argitaratu berri duten artikulu batek medioen arreta bereganatu du. Izan ere, lerroburu nagusia Lurraren nukleo solidoaren errotazioa moteltzen ari dela izan da. Ondorio hori plazaratu dute Nature Geoscience aldizkariak, 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadara bitartean Hegoaldeko Sandwich uharteetan jazotako hainbat lurrikara periodiko aztertu ondoren. Lurrikara horiek sortutako uhinak bi puntutan neurtu zituzten ikertzaileek: hego polo aldean jasotakoak, eta, Lurra zeharkatu ondoren, ipar polotik gertu erregistratutakoak. Horrela ikusi zituen Lurra punta batetik bestera zeharkatzean, uhinen erritmoa azkartu egiten zela nukleoaren errotazioa azkarragoa zen heinean. Alabaina, azken 30 urteotako astinaldien datuak aztertuta, erritmo hori moteldu dela dirudi. Azalpenak Berrian.

Fisika

XIX. mendearen amaieran diapasoia oraindik ez zegoen prest laborategian tresna gisa erabiltzeko, kolpatu ondoren soinua azkarregi desagertzen zelako. Rudolph Koenig fisikari alemaniarra izan zen irtenbiderik praktikoena eman zuena. Koenig-ek mekanismo bat asmatu zuen arazo hori konpontzeko, eta, gainera, harekin bibrazio maiztasuna zehaztasunez neur zitekeen. Koenigek ospe handia lortu zuen akustiko eta zehaztasuneko diapasoien fabrikatzaile gisa, baita beste gailu fisiko batzuk egiteagatik ere. XIX. mendearen amaieran, munduko laborategi akustiko guztietan aurki zitezkeen bere diseinuak. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Gure denbora neurtzen duten diapasoiak.

Albaitaritza

2022ko urrian Galiziako bisoi-haztegi batean hegazti-gripearen agerraldi bat izan zen, eta orain argitaratu diren agerraldiaren emaitzek kezka berpiztu dute. Haztegiko bisoiak neumonia-sintomak izaten hasi ziren, eta hasiera batean, SARSCoV2-aren eraginez izango zela uste zuten. Hegazti-gripea izan zen hurrengo susmagarria, eta probek susmoa baieztatu zuten. Ikertzaileek zehaztu dutenez, (HPAI) A(H5N1) gripearen andui oso patogeniko bat izan zen bisoien agerraldiaren eragilea, eta bisoietara iritsi bazen ere, ez da erraz transmititzen ugaztunetara. Artikuluan deskribatutako agerraldia, beraz, berezia da, andui horrek ugaztunetara jauzi egiteaz gain, haien artean transmititzeko gai izan baita. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Elikadura

Lekaleak elikagai oso osasuntsuak dira eta hainbat mantenugai eskaintzen dizkigute: karbohidratoak, proteina ematen dituzte, baita zuntza, bitaminak eta mineralak ere. Hori hala, Nerea Segura nutrizionistaren esanetan gomendio orokorra da lekaleak astean bitan edo lautan jatea, baina, egunero jan beharko lirateke haren iritziz. Lekaleak egokiak dira zenbait patologia dituztenentzat, esaterako, kolesterol txarra jaitsi egiten dutela, baita hipertentsioa ere; aproposak dira diabetesa dutenentzat, eta II motako diabetesa prebenitzen laguntzen dute, besteak beste. Lurrarentzat ere osasungarriak dira lekaleak. Izan ere, atmosferako nitrogenoa lurrean finkatzea eragiten dute, eta kalitatezko materia organikoa askatzen dute lurzoruan. Lekaleen abantailei buruzko informazio gehiago Berrian aurki daiteke: Lekaleak: zakukada bat osasun.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.