Banbuaren karakterizazio mekanikoa eta kimikoa

Argitalpenak · Dibulgazioa

Azken hamarkadetan, ikerketa-talde askok bideratu dute haien lana eraikuntzan eta elementu mekanikoetan material jasangarriagoak garatu eta sustatzera. Banbuak, geometria tubularreko landareak, material sintetiko tradizionalen ordezko aukera interesgarriak aurkezten ditu eraikuntzaren sektorerako. Gainera, ingurumenaren aldetik jasangarria eta berriztagarria da.

Banbua kontinente guztietan hazten da modu naturalean eta landare honek hainbat abantaila ditu. Besteak beste, banbuak azkar hazten dira, eta ondorioz, zuhaitzek baino karbono gehiago xurgatzen dute, Lurraren berotegi-efektua modu eraginkorrago batean aurre eginez, lurzoruaren higaduraren aurka babesten dute, eta transformazio-prozesuan material gutxiago galtzen da errefus moduan.

Banbuak erresistentzia espezifiko eta zurruntasun espezifiko handiak eskeintzen ditu. Egurrarekin alderatuz, erresistentzia handiagoa eta ura xurgatzeko ahalmen txikiagoak dauzka. Beste ohiko eraikuntza-materialen erresistentzia pisuarekin alderatuz gero, hala nola egurrezko konposatuak, hormigoia eta altzairua, garaile ateratzen da. Eta beste materialekin gertatzen den bezala, espeziearen eta erabileraren arabera ezaugarri mekanikoen taula konparatiboak sortzeko beharra dago. Lan honek, gaur egun eraikuntzan ezezagunak diren baina tradizionalki oso erabiliak izan diren hiru espezie aztertzen ditu, kimikoki eta mekanikoki: Dendrocalamus strictus (DS), Arundinaria amabilis (AA) eta Phyllostachys aurea (PA).

Bere erabilera sustatzeko, beharrezkoa da banbuen propietate mekanikoak eta kimikoak ezagutzea. Azterketa kimikorako, TAPPI arauak erabili dira, eta ezaugarri mekanikoak konpresioan eta dinamometroarekin makurdura hiru puntutan neurtuta aztertu dira (1. Irudia). Erabilitako laginen tamainak 1. taulan agertzen dira.

banbuak
1. irudia: saiakuntza mekanikoen eskemak: ezkerrean, konpresio-proba; eskuinean, makurdura-proba. (Iturria: Ekaia aldizkaria)
banbuak
1. taula: saiakuntzetako dimentsioak, 1.irudiaren arabera. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Literatura berrikusketan beste 35 banbu-espezieen osagai kimikoekin konparatu dira lortutako emaitzak eta baita ere ezagunagoa den pinu gorriaren osagaiekin, 2. taulan ikusi daitekeen bezala.

banbuak
2. taula: DS, AA eta PA banbuen konposizio kimikoak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Hurrengo taulan berriz (3. taula) aztertutako hiru banbuen propietate mekanikoen laburpena aurkitu daiteke, eta bertan emaitzak pinu gorriaren propietate mekanikoekin alderatu daitezke.

banbuak
3.taula: DS, AA eta PA banbu espezieen eta Pinu Gorriaren (PG) propietate mekanikoak eta dentsitatea. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Alde batetik, kimikoki, orokorrean, banbuak ez du desberdintasun handirik erakusten pinu gorriaren konposizioarekin konparatzen denean. Beste aldetik, propietate mekanikoen emaitzek erakutsi dute banbuaren dentsitateak eragin zuzena duela bai erresistentzian, bai zurruntasunean. Aztertutako hiru banbu-espezieetan, dentsitatea zenbat eta handiagoa izan, erresistentzia eta zurruntasuna orduan eta handiagoak direla ikusi da pinu gorriarekin alderatuta. Banbuak erresistentzia handiagoa dauka baina zurruntasun txikiagoa.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Banbuaren karakterizazio mekanikoa eta kimikoa
  • Laburpena: Banbuak, geometria tubularreko landareak, material sintetiko tradizionalen ordezko aukera interesgarriak aurkezten ditu eraikuntzaren sektorerako. Gainera, ingurumenaren aldetik jasangarria eta berriztagarria da. Hala ere, bere erabilera sustatzeko, beharrezkoa da banbuen propietate mekanikoak eta kimikoak ezagutzea. Lan honek gaur egun eraikuntzan ezezagunak diren baina tradizionalki oso erabiliak izan diren hiru espezie aztertzen ditu, kimikoki eta mekanikoki: dendrocalamus strictus (DS), Arundinaria amabilis (AA) eta Phyllostachys aurea (PA). Azterketa kimikorako, TAPPI arauak erabili dira, eta ezaugarri mekanikoak konpresioan eta dinamometroarekin makurdura hiru puntutan neurtuta aztertu dira. Propietate mekanikoen emaitzek erakutsi dute banbuaren dentsitateak eragin zuzena duela bai erresistentzian, bai zurruntasunean. Aztertutako hiru banbu-espezieetan, dentsitatea zenbat eta handiagoa izan, erresistentzia eta zurruntasuna orduan eta handiagoak direla ikusi da.
  • Egileak: A. Elejoste, G. Mondragon, J.L. Osa, A. Arevalillo, A. Eceiza, J.M. Abascal, A. Butron, C. Peña-Rodriguez
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 273-291
  • DOI: 10.1387/ekaia.23049

Egileez:


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.