Bagina zikinaren mitoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Negozio nitxo berriak sortzeko estrategia nagusietako bat kontsumitzaileei beharra sortzea da; lehen ez zuten behar bat sortzen zaie, produktu berriak erosi behar dituztela konbentzitzeko. Aire frijigailuak, kapsuletako kafea edo robot xurgagailuak dira horren adibide. Baina higienearen eta osasunaren alorrean metodo hori etikarik gabea izan daiteke, kontsumitzaileei iruzur egiten baitie eta arazo bat dutela pentsarazi, arazorik ez dagoen arren, «irtenbide» egokia saltzeko (egiaz ezer gutxi edo ezer ere konpontzen ez duen irtenbidea). Zentzu horretan, osagarri dietetikoen salmenta gehienak merkadotekniaren iruzurrezko forma horren bidez egiten dira, biztanleriari okerreko usteak sortarazi eta gero.

Higienearen munduan mendebaldeko gizarteetako emakumeetan funtsezko ideia bat sartu nahian ari dira buru belarri hamaika enpresa. «Zure bagina zikina daukazu eta usain txarra du garbitzen ez baduzu». Mezu hau igortzen duten enpresen asmoa bagina «garbitzeko» dituzten produktuen salmenta areagotzea da: irrigatzekoak, gelak, soluzioak, toallatxoak, kremak, xaboiak, lurrinak… Baina publizitate estrategia hau iruzurtia izateaz gain, emakumeen gorputzaren zati bat deabrutzen du eta emakume batzuei segurtasun eza eragin diezaieke, beren zona intimoetako egoera higienikoaz.

bagina
Irudia: bagina garbitzeko produktuak beharrezkoak ez izateaz gain, kalterako dira baginaren anatomia eta fisiologia kontuan badugu. (Argazkia: Karolina Grabowska – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com)

Kanadan psikologo talde batek urteak daramatza fenomeno honi arreta berezia eskaintzen, herrialde askotan aintzat hartzen ez den arren. Emakumeei egindako inkesten ondorio hauek dituzte: «Gure partaide askorentzat garbitasun eta freskotasun sentsazioa lortzea behar fisiko subjektiboa zen. Garbitasun eta freskotasun hori beharrezkoak ziren partaideentzat, eta ondorio sozialak hautematen zituzten baginan usaia eta fluxua izateagatik, besteak beste estigmatizazioa. Garbitasunari eta freskotasunari buruzko ideiek bagina garbitzeko produktuak erabiltzean eragina izateaz gain, mezu sozial hedatuagoak ere islatzen zituzten; hau da, emakumeen garbitasun genitala zerbait zikina dela, ihesak daudela eta lotsagarria dela. Baginaren higienerako produktuen marketinean garbitasuna eta freskotasuna terminoen erabilera orokorra enpresen mesederako da, genital femeninoei buruzko mezu negatibo horiek nazioartean emakumeetara hedatzean aberastu egiten baitira».

Bagina garbitzeko alferrikako produktuak

Bagina garbitzeko produktuak beharrezkoak ez izateaz gain, kalterako dira baginaren anatomia eta fisiologia kontuan badugu. Emakumearen zona intimo horrek bere mikrobiota du («flora» esate zaion arren, gaizki esanda dago) eta Lactobacillus generoko hainbat bakterio ditu nagusiki. Mikroorganismo horiek azido laktikoa sortzen dute, horrek giro apur bat azidoa eragiten du baginan, eta bakterio eta onddo patogeno gehiegi ez sortzetik babesten du hainbat mekanismoren bidez. Gainera, laktobaziloen espezie batzuek ur oxigenatua ere sortzen dute, eta hori ere mesedegarria da mikroorganismo kaltegarriak arrastoan sartuta izateko.

Laktobaziloen ondorioz, baginak usain apur bat izaten du, nahiko esanguratsua (apur bat hartzitutako esnearena) eta usaina aldatu egiten da menstruazioarekin, baina horrek ez du esan nahi higiene arazorik edo arazo medikorik denik. Gainera, baginak garbitzeko bere mekanismoa du, baginako fluxua, eta horren bidez kanporatzen dira gainerako zelulak eta mikroorganismoak, zona hori heze mantentzen du eta infekzioak saihesten laguntzen du.

Zenbaitetan baginako usaina aldatzeak zerbait ez dagoela ondo esan nahi dezake. Adibidez, arrain ustelaren usaina badu eta bagina fluxuan aldaketak badaude, hazkura eta erremina izateaz gain, baginako infekzioa izan daiteke eta medikuarengana joan behar da.

Bagina «garbitzearen» arriskuak

Baginako dutxak edo irrigazioak sarri eginez gero eta emakume osasuntsuen bagina «garbitzeko» beste produktu batzuk sarri erabiliz gero, ez dagoen arazo bat tratatzen ari gara, normala baita zona horrek usain apur bat izatea. Gainera, baginaren mikrobiota normala aldatu dezakete (laktobaziloak suntsitzean edo kanpoko mikroorganismoak baginaren barrura eramatean), eta, era berean, baginaren pH-a eta lubrifikazioa ere aldatu dezakete. Bestalde, emakumeen aparatu genitaleko zona horretako baldintza normalak aldatuz gero, lehortasuna eta onddo eta bakterioen ondorioz infekzio urogenitala agertzeko arriskua areagotzen da, eta horrek sexu transmisioko gaixotasunak eta pelbiseko gaixotasun inflamatorioa izateko arrisku handiagoa dakar. Are gehiago, produktu horien osagai batzuek (lurrinek, esaterako) bagina narritatu dezakete, bereziki sentikorra delako produktu horiekiko.

Kanadan baginako osasunari eta praktika higienikoei buruz egindako inkesta baten emaitzak argitaratu ziren 2018an eta inkesta horren arabera, emakumeen % 95k gutxienez produktu bat erabiltzen zuen baginarako edo inguruetarako. Ikertzaileek ikusi zutenaren arabera, gel desinfektatzaileak erabiltzen zituztenek onddo bidezko baginako infekzioa izateko 8 aldiz arrisku handiagoa zuten eta bakterio bidezko infekzioa izateko ia 20 aldiz handiagoa. Bagina dutxak edo zona horretan toallatxoak erabiltzea, besteak beste, infekzioak izateko arriskua nabarmen hazten zuten. Inkesta horrek ez ditu zergatiak eta ondorioak ezartzen, baina baginako higienerako produktua erabiltzea onuragarria izatetik urrun dagoela ondorioztatzen du.

Baginak ez bezala, bulbak bai behar duela higienea, baina gehiegizkoa ere ez: ura eta dutxako gel apur bat nahikoa dira zona hori garbi izateko. Gel intimoak gomendagarriak izan daitezke zona hori garbitzeko, baina inoiz ere ez lirateke erabili behar bagina barruan.


Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko ekainaren 19an: El mito de la vagina sucia que necesita limpieza.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.