Asteon zientzia begi-bistan #60

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

asteon zientzia begi-bistan 60

Ba al dago globo aerostatiko autonomorik? Guk ez dugu ezagutzen baina seguru Googlek buruan duela hau ere autonomo bihurtzea. Izan ere, Googlek iragarri du guztiz autonomoak izango diren ibilgailuak merkaturatzeko asmoa duela. Hori bai, bolantea eta galgak izango dituzte auto horiek eta asko jota 40 kilometroko abiadura izango dute. Juanma Gallegok ematen dizkigu xehetasunak Berria egunkarian: Ibilgailu autonomoen aroa.

Ez dakigu Googlek garatuko duen automobilak zenbat kutsatuko duen. Eduardo de la Torre kimika-ingeniariak EAEko trafikoaren kutsadura atmosferikoa aztertu du 2003-2012 bitartean. Puntu ugarietan kokatuta dauden trafikoaren intentsitatea neurtzeko gailuen datuak bildu eta gero, ibilgailuek sortzen duten kutsadura aztertu du eta Zientzia Kaieran kontatu duenez, emaitzek diote ibilgailuek igorritako isuri atmosferikoak murriztu egin direla.

Beste konpainia batek, Tesla ibilgailu elektrikoen konpainiak Powerwall izeneko bateria aurkeztu zuen. Eguzkiarenaz gain, edozein iturritako energia metatzeko gai izango da bateria eta etxe osoa energiaz hornitzeko moduko bateria izango litzateke. Argia aldizkarian Joxerra Aizpuruak ematen dizkigu datu guztiak: Baterien alorrean aro berria hasi da.

Ornitorrinkoaren existentzia XIX. mendean onartu zuten zientzialariek. Izan ere, adituek luzaroan esan zuten ez zela posible ornitorrinkoa benetako animalia izatea. Baina 1884. urtean William Caldwell enbriologo eskoziarrak animalia horietako bat arrautza erruten ikusi zuen Queenslanden eta ordutik aurrera onartu behar izan zuten animalia erreala zela. Nagore Irazustabarrenaren eskutik Argian: Zein animalia da benetakoa?

Zientzia-gaien bilduma hau irakurtzen bazabiltza, eten une bat eta erantzun ezazu honako galdera, irakurtzeko gaitasuna dugu jaiotzatik ala garatu egiten dugu hazi ahala? Jaiotzerako, haurrak prest daude lengoaiarako. Baina irakurketa eta idazketarekin kontrakoa gertatzen da, hartu egiten den ahalmena baita. Clara Martin eta Marie Lallier BCBLko ikertzaileek irakurketa prozesua nolakoa zen azaldu zuten Donostiako taberna batean Pint of Science ekimenean: gure garunean grabatuta dago aurrez, gure “hiztegi mentalean”, eta hura berreskuratu baino ez dugu egin behar hitza irakurtzeko. Amaia Portugal egon zen hitzaldian eta Zientzia Kaieran kontatu digu entzundakoa: Zientzia trago artean.

Egoitz Etxebestek kontatu digu asteon 3,3 milioi urteko 150 pieza inguru aurkitu dituztela Kenian, Turkana lakutik gertu dagoen Lomekwi 3 aztarnategian. Ez dakite zein espeziek eginak izan daitezkeen tresna horiek, baina ikertzaileek diote, tresna horiek egin zituztenek ere heltzeko eta manipulatzeko gaitasun handia zutela. Ikertzaileek iradoki dute ekintza horietarako behar zituzten gaitasun motorrak gertuago egon litezkeela egun primateek intxaurrak txikitzeko erabiltzen dituztenetatik, kultura olduvaitarreko tresnak egiteko erabilitakoetatik baino. Elhuyar aldizkarian: Homo generoa baino lehenagoko harrizko tresnak aurkitu dituzte.

Epilepsiaren aurkako terapia berriak bilatzeko lagungarria izan daiteken aurkikuntza egin dute Achucarro neurozientzien ikerketarako zentroko ikertzaileek eta euren blogean kontatzen digute: Epilepsia eta neurona berrien sorkuntzaren murriztea.

Munduan gutxi gorabehera 350 milioi gizaki daude diabetesak jota. Diabetesa (diabetes mellitus) odoleko glukosa mailaren handitzea dakarren gaixotasun kronikoa da eta egun, gizentasunaren eta bizi-itxaropenaren gehitzeak gaitz honen intzidentzia igoarazi du. Jon Irazusta fisiologia-irakasleak eta Ihintza Larrañaga medikuak Zientzia Kaieran azaldu dute ikerlariek frogatu dutela ariketa aerobikoek eta indarra lantzeko ariketek hobera eraman ditzaketela epe laburreko eta luzeko odoleko glukosaren kontrola eta intsulinaren ekintza. Eta, ariketa hauek lagungarriak direla diabetikoen bihotz eta odol-hodietako gaitzak izateko arriskua murrizteko: ariketa fisikoak osasunean dituen onurak: zein, zenbat, nola eta noiz? V. Odoleko glukosaren kontrola eta diabetesa.

1965. urteko apirilaren 19an, Gordon E. Moore fisikari eta kimikaria estatubatuarrak “Cramming More Components onto Integrated Circuits” artikulu famatua idatzi zuen, bertan, azaltzen zuen: “Mikrotxip baten sartzen diren transistore kopurua urtero bikoiztuko dela”. Aurten 50. urte bete dituen printzipioa 1975. urtean berrikusi eta doitu zen berriz, eta bi urtera luzatu zen mikrotxip baten sar zitezkeen transistore kopurua bikoizteko epea. Orduz geroztik nahiko ondo bete da aurreikuspen hau. Zientzia Kaieran azaltzen digu Xabier Díazek, BTEK-Teknologiaren Interpretazio Zentroko zuzendariak: Mooren legea, akuilu lana egin duen aurreikuspena.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.