Ikusteko moduko harana

Dibulgazioa · Kolaborazioak

William Shatner eta Patrick Stewart aktoreen arteko harremanari buruz galdetzen badut, zientzia fikzioaren fanatikoek argi eta garbi erantzungo dute: Star Trekeko USS Enterprise izarrarteko espazio-ontziko kapitainak dira. Baina Arnold Schwarzenegger aktorea ere tartean sartzen badut, kontua konplikatu egiten da. Hala ere, galdera nik neuk egiten badut, erantzun hau ere nahiko agerikoa da: geologia.

Baina ez geologia oro har, baizik eta kokaleku oso zehatz baten geologia. Star Trek: Generations filma ikusi baduzue, zehazki Kirk eta Picard kapitainek Veridian III planetan duten interakzioa, bai eta Total Recall (Desafío Total Espainian) filma ere, zehazki Quaid Marten paseoan dagoenean, agian konturatuko zineten paisaia berbera dela. Kanpoalde horiek Nevadako Suaren Harana Parke Nazionalean grabatu ziren.

harana
1. irudia: A) Star Trek: Generations filmeko fotograma: bi protagonistak gaiztoari aurre egiten Veridian III planetan. (Argazkia: Paramount Pictures – Copyright lizentziapean. Iturria: Cuaderno de Cultura científica) B) Total Recall fimeko xehetasuna, protagonista Marteren gainazalean paseatzen ari dela. (Argazkia: Columbia Pictures / Tri-Star Pictures – Copyright lizentziapean. Iturria: Cuaderno de Cultura científica)

Jokoaren munduko hiriburutik (Las Vegas) 80 kilometrora ipar-ekialdera, eta Mojave basamortuan bertan, Suaren Harana dago. Leku aparta da, tonu gorrixka, laranjatu eta marroixka duten bandadun arrokaz eratutakoa. Koloreek izugarrizko distira dute, eta kolorea aldatzera ere iristen dira; izan ere, eguzkiak bete jotzen duenean, badirudi harana sutan dagoela. Ezaugarri horrek eman dio haranari izena, hain zuzen ere. Bada, horrek guztiak zinema plato eder bihurtzen du, eta ez soilik western estilokoetarako, baita aurretik adierazi ditugunen antzeko zientzia fikziozko ekoizpenetarako ere. Eta ezaugarri horiek guztiak geologiari zor dizkio.

harana
2. irudia: Suaren Haraneko (Nevada, Estatu Batuak) harrien itxura, bereizgarri dituen koloretako bandekin. (Argazkia: Nevada State Parks. Iturria: Cuaderno de Cultura científica)

Suaren Haraneko harri gehienak hareharri azteka (Aztec Sandstone, ingelesez) izeneko formazio geologiko baten parte dira. Izenak berak adierazten duen moduan, kuartzo‑pikorrezko hareharriak dira nagusiki, baina beste arroka detritiko batzuk ere badaude, hala nola pikor xeheko konglomeratuak eta lutitak; bai eta kareharriak bezalako harri karbonatatuak ere. Material horiek duela 150 milioi urte baino gehiago eratu ziren, Jurasikoan; orduan, eremuaren itxura asko aldentzen zen egungokotik. Garai hartan, eremua basamortu erraldoia zen, Sahara gaur egun dena baino askoz handiagoa. Haize boladek kuartzo‑pikorrak mugitzen zituzten, eta duna zelai erraldoiak sortzen ziren horrela, etengabe mugitzen eta aldatzen zirenak. Duna horiek hareharrietan preserbatu dira; egun, oraindik mantentzen dute haien egitura, bai eta barne-lineazioa ere, gailurren kokalekua eta kuartzo-pikorrak irristatzen ziren malda handieneko eremuak markatzen dituena.

harana
3. irudia: hareharri jurasiko gorriaren xehetasuna; jatorrizko dunetan kuartzo-pikorren mugimenduaren eraginez eratutako barne lineazioa ikus daiteke. (Iturria: Nevada State Parks. Iturria: Cuaderno de Cultura científica)

Beste alde batetik, dunen arteko eremu lauek ura pilatzeko aukera ematen zuten, eta putzu txikiak eta ingurune hezeak sortzen ziren. Leku horiek oasi edo urmael efimero bihurtzen ziren, landare gutxi batzuez inguratuta, eta, egun, hareharrien arteko harri karbonatatu edo kareharrien maila isolatu bihurtu dira. Arroila txikiak ere bazeuden, zeinetatik ura ibiltzen zen, eta errekak ere sortzen ziren denboraldi ekaiztsuetan. Lokatza eta harea arrastan eramaten zituen urak, eta indarra galtzen zuenean, material horiek inguruan pilatuta geratzen ziren. Azken inguru hori da egungo konglomeratuen eta lutiten aurrekaria. Baina basamortua bazen ere, horrek ez du esan nahi bizitzarik ez zegoenik. Izan ere, artropodo, narrasti hegalari eta dinosauroen oinatzen fosilak aurkitu dira, eremu hezeetara edatera joaten zirenean sortutakoak.

Baina leku berezi horren historia geologikoa ez da hor amaitzen. Eratu ondoren, harriek prozesu tektoniko handiak jasan zituzten egungo Iparramerika sortuko zuten plaka litosferikoen mugimendua dela eta. Hasteko, Aro Mesozoikoaren amaieran, konpresio- edo bultzada-indarren pean egon ziren; eta indar horiek failak sorrarazi zituzten eta materialak tolestea eragin zuten. Hori gutxi balitz, duela 17 eta 14 milioi urte artean, hedapen-indarrak ere jasan zituzten, hau da, kontrako indarrak. Ondorioz, haustura are handiagoa sortu zen harrietan. Baina, horrez gain, azken ehunka mila urteetan, egurats zabalean egon dira, eguraldi txarrak modelatu eta zizelkatuta, eta higadurak askotariko morfologiak eratu ditu: arkuak, arrailak, haitzuloak… denek ala denek piztu dute jendearen imajinazioa, horietan pareidoliak bilaraziz: elefanteak, erle abaraskak, eta abar.

Nolanahi ere, hau da galdera nagusia: nondik atera dira kolore horiek? Badirudi hareharri horiek gorriak zirela jada Jurasikoan dunak sortu zirenean; izan ere, hematiteek estalitako kuartzo-pikorrak aurkitu dira. Mineral hori burdin oxido bat da (Fe2O3) eta kolore gorrixka distiratsua du. Ezaugarri horrek ematen dio izena, gainera (termino grekoaren itzulpena “odolaren antzekoa” litzateke). Hortaz, harana betetzen duten harri gorri horiek ondoko prozesu tektonikoen menpe egon zirenean, hainbat jariakin —bai lurrazpikoak bai gainazalekoak— ibili ziren horien artean zirkulazioan, kolorazioak aldatuko zituzten erreakzio kimikoak eraginda eta tonu horixkak, arrosak edo laranjatuak sortuta, kareharrien grisen gainean nabarmentzen diren bandadun sekuentzietan. Azkenik, egungo prezipitazioek patina marroixka bat jarri dute hareharri askoren gainazalean, herdoiltzearen eraginez. Eta patina horiek mihise gisa erabili zituzten gerora zenbait kulturak (adibidez, anasaziena): pazientzia handiz patinak kentzen zituzten, harrien kolore gorria berriro gailentzen zen arte, eta, horrela, petroglifo izugarriak marrazten zituzten.

harana
4. irudia: Suaren Haraneko hareharri jurasikoan kontserbatutako petroglifoak, gainazaleko oxido patina arraspatuta sortutakoak. (Argazkia: Clément BardotCC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Horrela sortu zen ikusteko modukoa den harana, Hollywoodeko superekoizpen handi baten berezko historia geologikoa duena. Nolanahi ere, azalpen hauek egundoko film horren trailerra besterik ez dira.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko maiatzaren 9an: Un valle de película.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.