Intsektuek eta beste animalia batzuek badute kontzientzia

Quanta Magazine

Biologo eta filosofoen talde nabarmen batek iragarri du badagoela “aukera errealista bat” adierazteko intsektuek, olagarroek, krustazeoek, arrainek eta bazter utzitako beste animalia batzuek kontzientzia dutela.

kontzientzia
1. irudia: zer dago erle baten gogoan? Adierazpen berrien arabera, badago «aukera errealista» bat kontzientzia badutela adierazteko. (Argazkia: Dmitry Grigoriev – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

2022an, Londresko Queen Mary Unibertsitateko Ekologia Sentsorialaren eta Erleen Portaeraren Laborategiko ikertzaileek behatu zuten erlastarrek portaera aipagarri bat zutela: izaki iletsu eta ñimiño horiek jolas gisa soilik deskribatu zitekeen jarduera batean parte hartzen zuten. Erleei zurezko bola txikiak ematean, bolak leku batetik bestera bultzatu eta biratzen zituzten. Portaerak ez zuen lotura argirik estalketarekin edo biziraupenarekin, eta zientzialariek ez zuten portaera hori saritzen. Hortaz, badirudi jostaketarako egiten zutela.

Erle jostalariei buruzko azterlana adituen talde nabarmen batek eginiko ikerketa-multzo baten parte da. Eta egin duten adierazpen berriak babes zientifikoa ematen dio formalki aitortutako animalien multzo zabalago batek kontzientzia baduela dioen ideiari. Hamarkadatan zehar zientzialariak ados agertu dira adieraztean gure antzeko animaliek (tximino handiek, esaterako) esperientzia kontzientea badutela, nahiz eta gurearekiko ezberdina den. Hala ere, azken urteetan, ikertzaileak aitortzen hasi dira gugandik oso bestelakoak diren animaliek ere kontzientzia izan dezaketela, gureak baino nerbio-sistema askoz sinpleagoak eta oso ezberdinak dituzten ornogabeek barne.

Adierazpen berriak, biologoek eta filosofoek sinatutakoak, ikuspuntu hori formalki babesten du. Honako hau dio: «Ebidentzia enpirikoaren arabera, badago gutxienez aukera errealista bat adierazteko ornodun guztiek (narrastiak, anfibioak eta arrainak barne) eta ornogabe askok (gutxienez molusku zefalopodoak, krustazeo dekapodoak eta intsektuak) esperientzia kontzientea dutela». Animalia horietan eta beste batzuetan portaera kognitiboak deskribatzen dituzten emaitza berrietan inspiratuta, dokumentuak adostasun berri bat plazaratzen du, eta iradokitzen du balitekeela ikertzaileek kontzientziarako beharrezkoa den konplexutasun neuronalaren maila gehiegi estimatu izana.

Lau paragrafoko Animalien Kontzientziari buruzko New Yorkeko Adierazpena apirilaren 19an ezagutarazi zen, New Yorkeko Unibertsitateko “Animalien kontzientziaren zientzia emergentea” izeneko konferentzia batean. Ontarioko York Unibertsitateko Kristin Andrews filosofo eta zientzialari kognitiboa, New York Unibertsitateko Jeff Sebo filosofo eta ingurumen-zientzialaria eta Londresko Ekonomia eta Zientzia Politikoen Eskolako Jonathan Birch filosofoa buru zituela, adierazpena 39 ikerlarik sinatu zuten; besteak beste, honako hauek: Nicola Clayton eta Irene Pepperberg psikologoek, Anil Seth eta Christof Koch neurozientzialariek, Lars Chittka zoologoak eta David Chalmers eta Peter Godfrey-Smith filosofoek.

Adierazpena kontzientzia motarik oinarrizkoenean zentratzen da: kontzientzia fenomenikoa. Oro har, izaki batek kontzientzia fenomenikoa badu, izaki hori izatea “zerbait bezalakoa izatea” da. Ideia hori Thomas Nagel filosofoak partekatu zuen 1974an “What Is It Like to Be a Bat?” (Nolakoa da saguzar bat izatea?) izeneko saiakera famatuan. Izakia gugandik oso bestelakoa bada ere, idatzi zuen Nagelek, “organismo batek gogo-egoera kontzienteak ditu organismo hori izatearen antzeko zerbait badago soilik. … Esperientziaren izaera subjektibo modura izenda dezakegu hori”. Izaki bat fenomenikoki kontzientea bada, mina, plazera edo gosea bezalako sentimenduak esperimentatzeko gaitasuna izango du, baina agian ez ditu gogo-egoera konplexuagoak izango, esaterako, autokontzientzia.

«Espero dut adierazpenari esker arreta gehiago eskainiko zaiela giza-kontzientzia ez diren gaiei, eta gizakiez askoz haratago esperientzia kontzienteen aukerak dakartzan erronka etikoei», idatzi du Seth-ek, Sussexeko Unibertsitateko neurozientzialariak, mezu elektroniko batean. «Espero dut eztabaida sortuko dela, animalien ongizatearen arloko politiketan eta jardunbideetan aintzat har daitezela, eta uler eta onar dezagula askoz ere gehiago dugula komunean beste animalia batzuekin ChatGPT bezalako gauzekin baino».

Kontzientzia kontziente bat

Adierazpena aurreko udazkenean hasi ziren prestatzen, Sebo, Andrews eta Birchen arteko elkarrizketen ondorioz. «Azken 10-15 urteetan animalien kontzientziaren zientzian gertatutako guztiaz ari ginen hirurok», ekarri du gogora Sebok. Orain badakigu, adibidez, olagarroek mina sentitzen dutela eta txibiek iragan espezifikoko gertakarien xehetasunak gogoratzen dituztela. Arrainetan eginiko azterlanek erakutsi dute Labroides dimidiatus espeziekoek “ispiluaren proba”ren bertsio bat gainditu dutela, eta horrek autoantzemate maila jakin bat adierazten du. Bestetik, zebra-arrainak kuriositate seinaleak azaltzen ditu. Intsektuen munduan, erleek jolas portaerak erakusten dituzte, eta Drosophila fruta-euliek lo-patroi ezberdinak dituzte beren ingurune sozialak baldintzatuta. Bien bitartean, ibai-karramarroek antsietatearen antzeko egoerak izaten dituzte, eta egoera horiek botika antsiolitikoekin alda daitezke.

kontzientzia
2. irudia: animalien gogoen inguruko ikerketa berriei buruz hausnartu ondoren, Jeff Sebo, Kristin Andrews eta Jonathan Birchek (ezkerretik eskuinera) zientzialariak eta filosofoak biltzea erabaki zuten, kontzientzia animalia gehiagora zabaltzeko adierazpena sinatzeko. (Argazkiak, ezkerretik eskuinera: Kate Reeder; Ben Wulf; María Moore/LSE – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)

Denbora luzez kontzientetzat hartu ez diren animalietan egoera kontzienteen seinale horiek eta beste batzuk ikusteak liluratu eta desafiatu zituen biologoak, zientzialari kognitiboak eta gogoaren filosofoak. «Jende askok onartu du duela asko, adibidez, ugaztunak eta hegaztiak kontzienteak direla edo hala izateko probabilitate handia dagoela, baina arreta gutxiago eskaini zaie ornodunen taxon batzuei, eta bereziki ornogabeei», azaldu du Sebok. Elkarrizketa eta bileretan, adituak ados zeuden, neurri handi batean, animalia horiek kontzientzia izan behar zutela. Hala ere, adostasun berri hori ez zen publiko orokorrari zabaltzen, ezta beste zientzialari batzuei eta politika formulatzaileei ere. Horiek horrela, hiru ikerlariek erabaki zuten adierazpen argi eta labur bat idaztea eta beren kideen artean zabaltzea, haiek ere onets zezaten. Adierazpenak ez du zehatza izan nahi, baizik eta “esparruaren egungo egoera zein den adierazi eta nora zuzen gaitezkeen ikusi”, esan du Sebok.

Adierazpen berriak animalien kontzientziari buruzko adostasun zientifikoa ezartzeko esfortzu berriak eguneratzen ditu. 2012an, ikertzaileek Kontzientziari buruzko Cambridgeko Adierazpena argitaratu zuten. Bertan jasotzen zen gizakiak ez diren animalien multzo batek, besteak beste ugaztunak eta hegaztiak, «nahitako portaerak erakusteko gaitasuna» duela, eta «gizakiak ez direla kontzientzia sortzen duten substratu neurologikoak dituzten bakarrak».

Adierazpen berriak aurrekoaren irismena zabaltzen du, eta kontu handiagoz dago idatzita, adierazi du Sethek. «Adierazpenaren asmoa ez da zientzia idatziz ezartzea, baizik eta azpimarratzea animalien kontzientziari eta dagoen ebidentziari eta etikari buruz serio hartu behar ditugun alderdiak, egungo ebidentzia eta teoriak oinarri hartuta». Adierazi du “ez dagoela gutun irekien eta antzekoen olde baten alde”, baina, azkenean, “ulertu zuen adierazpenak babesa jasotzea merezi zuela”.

Godfrey-Smithek, olagarroekin luzez lan egin duen Sydneyko Unibertsitateko zientziaren filosofoak, uste du olagarroen portaera konplexuak (problemen ebazpena, tresnen erabilera eta jolas portaerak, besteak beste) kontzientziaren adierazletzat besterik ezin direla interpretatu. «Gauzekiko, gurekiko eta objektu berriekiko arretazko konexioa dute, eta horrek eramaten gaitu pentsatzera beren gogoetan gauza asko gertatzen ari direla», esan du. Halaber, adierazi du olagarroetan eta txibietan mina eta egoera onirikoak aztertzen dituzten artikulu berriek ere «norabide hori markatzen dutela… hau da, esperientzia izaki horien bizitzen parte erreala dela».

Adierazpenean aipatutako animalia askok gizakienen oso bestelako entzefaloak eta nerbio-sistemak dituzten arren, ikertzaileek esan dute horrek ez duela zertan kontzientziarako oztopo izan. Adibidez, erle baten burmuinak milioi bat neurona inguru besterik ez ditu; gizakionak, berriz, 86 mila milioi inguru. Baina erleen neurona bakoitza haritz bat bezain konplexua izan daiteke egiturari begira. Osatzen duten konexioen sarea ere bereziki mamitsua da, eta neurona bakoitzak beste 10.000 edo 100.000 neuronarekin kontaktatzen du beharbada. Olagarro baten nerbio-sistema, aldiz, konplexua da beste alderdi batzuetan. Antolakuntza banakatua du, eta ez hain zentralizatua; ebakitako beso batek osorik dagoen animaliaren portaera asko izan ditzake.

kontzientzia
3. irudia: animalien gogoei buruzko ikerketa berriek (ibai karramarroenak, olagarroenak, sugeenak eta arrainenak barne) iradokitzen dute kontzientzia gurearekiko “erabat bestelakoa dirudien arkitektura [neural] batean existi daitekeela”, adierazi du Peter Godfrey-Smithek. (Argazkiak, erloju-orratzen noranzkoan, goitik eta ezkerretik hasita: Svetlana123/iStock; Colin Marshal/Biosphoto/Science Source; MATTHIASRABBIONE/iStock; Jim Maley/iStock. Iturria: Quanta Magazine)
Eta horren emaitza da, Andrewsen hitzetan, «beharbada ez dugula kontzientzia izateko uste genuen beste ekiporik behar». Adierazi du, adibidez, agian garun-azala ere ez dela behar (ugaztunen garunaren kanpoko kapa, arretan, pertzepzioan, memorian eta kontzientziaren beste alderdi gako batzuetan ezinbestekotzat jotzen dena) adierazpenak aipatzen duen kontzientzia fenomeniko sinpleenerako.

«Eztabaida handia egon zen arrainen kontzientziari buruz; eta horretarako argudio handienetako bat zen ez dituztela ugaztunek badituzten egitura entzefalikoak», azaldu du. “Baina hegaztiei, narrastiei eta anfibioei erreparatzean, ikusten dugu egitura entzefaliko oso bestelakoak dituztela, baita presio ebolutibo ezberdinak ere; eta, hala ere, deskubritzen ari gara egitura entzefaliko horietako batzuek gizakiengan garun-azalak egiten duen lan mota berbera egiten dutela”.

Godfrey-Smith ados dago, eta adierazi du kontzientziaren adierazle diren jokabideak «egon daitezkeela ornodunen edo gizakion arkitekturarengandik guztiz bestelakoa dirudien beste arkitektura batean».

Harreman kontzienteak

Adierazpenak inplikazio argiak ditu animalien tratuari, eta bereziki animalien sufrimendua prebenitzeari dagokionez. Hala ere, Sebok adierazi du arretak minarengandik harago ere joan behar duela. Ez da nahikoa pertsonek saihestea gatibutasun-egoeran dauden animaliek mina edo gorputzeko deserosotasuna izan dezatela, esan du. «Animaliei beren instintuak adieraztea ahalbidetuko dien aberastasuna eta aukerak eman behar dizkiegu, sistema sozialetan parte hartzea eta beren inguruak miatzea ahalbidetu; hau da, berez badiren agente konplexuak izaten utzi behar ditugu».

Baina animalien gama zabalago bati “kontziente” etiketa jartzearen ondorioak —bereziki animalia horien interesak aintzat hartu nahi ez baditugu— ez dira hain sinpleak. Adibidez, gure intsektuekiko harremana «pixka bat antagonikoa da ezinbestean», adierazi du Godfrey-Smithek. Izurri batzuek laboreak jaten dituzte, eta eltxoek gaixotasunak transmiti diezazkigukete. «Eltxoekin adiskidetzeko ideia edo arrain eta olagarroekin adiskidetzekoa bestelakoak dira oso», esan du.

Era berean, arreta gutxi eskaintzen diogu Drosophila bezalako intsektuen ongizateari. Intsektu horiek ikerketa biologikoan asko erabiltzen dira. «Ikerketan abereen eta saguen ongizatean pentsatzen dugu, baina inoiz ez intsektuen ongizatean», esan du Matilda Gibbonsek (kontzientziaren oinarri neuronalak ikertzen ditu Pennsylvaniako Unibertsitatean, eta adierazpenaren sinatzaileetako bat da).

Organismo zientifikoek laborategiko saguen tratamendurako estandar batzuk sortu dituzten arren, ez dago argi adierazpen berriak intsektuen tratamendurako estandar berriak sortzea ekarriko duen. Baina aurkikuntza berriek, zenbaitetan, politika berriak ekartzen dituzte. Erresuma Batuan, adibidez, lege bat promulgatu dute olagarro, karramarro eta otarrainen babesa areagotzeko, London School of Economicseko txosten batek adierazi ondoren animalia horiek mina, angustia eta kaltea sentitzen dituztela.

Adierazpenak adimen artifiziala aipatzen ez badu ere, AAren kontzientzia posiblearen gaia ere animalien kontzientziaren arloko ikertzaileen burutik pasa da. «Egungo adimen artifizialeko sistemak kontzienteak izatearen probabilitate oso txikia dago», esan du Sebok. Hala ere, animalien gogoei buruz ikasitakoak «hausnartzera narama, eta gaia kontuz eta umiltasunez landu behar dela uste dut».

Andrewsek espero du adierazpenak orain arte bazter utzi diren animaliei buruzko ikerketa gehiago susta ditzala, animalien kontzientziari buruzko gure kontzientziazioa are gehiago zabaltzeko. «Ia unibertsitate guztietan daude zizare nematodoak eta fruta-euliak; bada, ikertu horien kontzientzia», esan du. «Hor dauzkazu. Zure laborategiko norbaitek proiektu bat beharko du. Bihur ezazu proiektu hori kontzientziari buruzko proiektu. Imajina ezazu!».


Jatorrizko artikulua:

Dan Falk (2024). Insects and Other Animals Have Consciousness, Experts Declare, Quanta Magazine, 2024ko apirilaren 19a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.