Antibiotikoak barazki eta zizareetan

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak EAEko zenbait puntutan mikrobioen aurkako medikamentuak eta haien eratorriak topatu dituzte barazkietan eta zizareetan.

antibiotikoak
1. irudia: Irantzu Vergara bere lantokian. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Irantzu Vergara UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeko ikertzaileak aldi berean zenbait antibiotiko-familia analizatu ahal izan ditu barazkietan eta zizareetan. “Antibiotikoak eta antimikrobianoak pertsonengan eta animalietan modu masiboan erabiltzearen ondorioz, substantzia horiek espero ez zen ingurumeneko laginetan agertu dira”. Gorputzean guztiz metabolizatzen ez diren medikamentuak ingurumenera heltzen dira zenbait bidetatik (adibidez, simaurretik, ongarritarako erabiltzen diren araztegietako lohiaetatik, etab.). Handik zoruetara iragazten dira, eta laboreetara eta zizareetara ere igaro daitezke, zeinak elikatze-kateko oinarria baitira.

Antibiotikoak nonahi

Vergarak azaldu duenez, “Ez da frogatu epe laburrean toxikoak direnik gizakientzat, baina dietaren bidez antibiotikoak nahi gabe kontsumitzeak arazoak eragin diezazkieke alergikoei, eta epe luzeko esposizioaren eraginak ez dira ezagunak oraindik. Hala ere, kutsadura horren ondoriozko arazo nagusia bakterio multirresistenteak ugaltzea da; zaila da haien aurkako tratamendu efektiboa lortzea infekzioak daudenean, eta urtean 33.000 heriotza eragiten dituzte Europan”.

Arazo horri aurre egiteko, barazkietan eta zizareetan antimikrobiano-kontzentrazio oso baxuak detektatzen dituzten bi analisi-metodo garatu ditu IBeA ikerketa-taldeak: Vergarak dioenez, “Simaurrean medikamentu-kontzentrazio handiak izatea espero da, baina substantzia horiek barazkietara edo zizareetara igaro ondoren, kontzentrazio askoz baxuagoak espero dira. Beraz, kontzentrazio horiek detektatuko dituzten metodo sentikorrak behar dira”.

Analisi oso zehatza

Vergarak Euskal Herriko Unibertsitateko laborategietan garatu dituen metodoei esker, mikrobioen aurkako medikamentuen gama zabal bat zehaztu daiteke, baita haiek eraldatzetik eratorritako zenbait produktu ere. Ikertzaileak azaldu duenez, “medikamentuak jatorrizko forman iraitz daitezke, edo eraldatuta iraitz daitezke, metabolizatu ondoren (gure organismoaren barruan aldaketa batzuk izan ondoren). Gainera, konposatu sentsibleak dira oso, eta tenperaturaren, hezetasunaren, argiaren eta bestelako faktoreen ondorioz, ingurunean oso erraz degradatu eta eraldatzen dira”.

Metodo horiek aurrerapen garrantzitsuak ekarri dituzte. Izan ere, “orain arte ez genuen barazkietan eta zizareetan antimikrobiano-gama zabal bat aldi berean aztertzeko metodo analitikorik; gainera, ez ziren zentratzen eraldatutako produktuen analisian. Antibiotiko-familia bakoitzak propietate fisiko-kimiko desberdinak ditu, eta analisi-metodo berak haiek guztiak analizatzeko balio izatea oso garrantzitsua da. Gainera, detekzio-muga nahiko baxuak lortu ditugu. Horri esker, substantzia horien kontzentrazio oso baxuak detekta ditzakegu ingurumenean.

Barazkien laginak EAEko zenbait puntutan

Barazkien kasuan, ikerketa-taldeak hauen laginak hartu ditu Euskal Herriko zenbait puntutan, bai nekazaritza ekologikoko laginak, bai nekazaritza ez-ekologikokoak. Gaineratu duenez, “Gure helburua zen antibiotikoen arazoa EAEn zenbaterainokoa zen neurtzea. Egindako analisi-azterketako datuek erakutsi dutenez, mikrobioen aurkako medikamentuak eta haien eratorriak daude barazkietan: egiaztatu dugu antimikrobianoak eta haien degradazio-produktuak igarotzen direla zorutik barazkietara. Hau da, antimikrobianoen kutsadura arazo bat da Euskadin”.

Zizareei dagokienez, esposizio-kondizio kontrolatuetan egin dute saiakuntza; hau da, “diseinatutako azterketa bat da, eta laborategian egin da zizareak erabiliz. Egiaztatu nahi genuen, zoru kutsatuak izanez gero, zoru horietan elikatzen diren zizareek beren organismoetan antimikrobianoak metatu zitzaketen”. Azterketan ikusi da antimikrobiano horiek organismoan metatzen direla eta orain arte erregistratu ez diren mota askotako produktu eraldatu ugari sortzen dituztela.

Antimikrobianoekin eta antifungikoekin bizitzen

Vergarak nabarmendu duenez, beharrezkoa da “diziplina anitzeko ikuspegiarekin ikertzen jarraitzea ildo honetan, arazo honek gizarte guztiari eragingo baitio datozen hamarkadetan”. Ura tratatzeko instalazioek gaur egun ez dute tratamendu guztiz eraginkorrik farmako-hondakinak erabat ezabatzeko, eta ur horiek ureztatzeko erabiltzen dira askotan. Ikertzaileak adierazi duenez, “Antimikrobiano ugari sartzen da etengabe ingurunean, eta bakterioak haiekin bizitzera ohitzen eta haien aurkako erresistentzia sortzen ari dira. “Hala, kasu batzuetan ez dago bakterio multirresistenteekin kutsatzen diren pertsonentzako tratamendu eraginkorrik. Garrantzitsua da ikertzen jarraitzea, arazoa minimizatzeko eta epe laburrerako eta ertainerako soluzioak bilatzen hasteko”.

Informazio osagarria:

Azterketa hau Irantzu Vergara egiten ari den doktore-tesikoa da. Euskal Herriko Unibertsitateko IBeA ikerketa-taldean egiten ari da tesia, eta Ailette Prieto eta Maitane Olivares dira zuzendariak.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Barazki eta zizareetan antibiotikoak detektatzeko metodo berritzaileak garatu dituzte.

Erreferentzia bibliografikoak:

Vergara-Luis, I.; Rutkoski, C. F.; Urionabarrenetxea, E.; Almeida, E.A.; Anakabe, E.; Olivares, M.; Soto, M.; Prieto, A. (2024). Antimicrobials in Eisenia fetida earthworms: A comprehensive study from method development to the assessment of uptake and degradation. Science of The Total Environment, 922. DOI: 10.1016/j.scitotenv.2024.171214

Vergara-Luis, I.; Jin, M.; Baez-Millán, J.C.; González-Gaya, B.; Ijurco, I.; Lacuesta, M.; Olivares, M.; Prieto, A. (2024). Multitarget and suspect-screening of antimicrobials in vegetables samples: Uptake experiments and identification of transformation products. Food Chemistry, 444. DOI: 10.1016/j.foodchem.2024.138643

1 iruzkina

  • […] UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak antibiotikoak topatu ditu barazkietan eta zizareetan. EAEko zenbait puntutan hartu dituzte laginak, eta mikrobioen aurkako medikamentuak eta haien eratorriak topatu dituzte. Horretarako, metodo bat garatu dute mikrobioen aurkako medikamentuen gama zabal bat identifikatzeko kontzentrazio oso baxuetan […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.