Asteon zientzia begi-bistan #495

Zientzia begi-bistan


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

ibai-arroetan

Ingurumena

UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak antibiotikoak topatu ditu barazkietan eta zizareetan. EAEko zenbait puntutan hartu dituzte laginak, eta mikrobioen aurkako medikamentuak eta haien eratorriak topatu dituzte. Horretarako, metodo bat garatu dute mikrobioen aurkako medikamentuen gama zabal bat identifikatzeko kontzentrazio oso baxuetan. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Basoak lagungarri izan daitezke ibai-arroetan ur gehiago eta osasungarriagoa lortzeko. Hala dio Nahia Gartzia Bengoetxea Neikerreko ikertzaileak. Arroetan dauden landare espezieek edo landatzen direnek zuzenean eragiten dute ibaietan. Espezie batzuk ur gehiago xurgatzen dute, eta zuhaitz helduek ur gutxiago xurgatzen dute gazteek baino. Bestalde, uraren kalitatean ere eragiten dute. Datu guztiak Berrian.

Klimatologia

Ez da ur geza nahikoa isuriko Europako klima epeltzen duen Ipar Atlantikoko itsaslasterra geldiarazteko. Pentsatu izan da klima-aldaketagatik urtzen ari diren izozmendiek AMOC itsaslasterra geldiaraziko zutela, eta horrek, Europako klima hoztea eragingo zuela. Azken ikerketen arabera, ur geza horren askatzeak ez du halako eraginik izango. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Osasuna

Ur gogorrek (bereziki kaltzio-kontzentrazio handia dutenek) giltzurruneko kalkuluak sor ditzaketela hedatuta dago. Alabaina, ideia hori ez da zuzena, eta hala frogatu dute hainbat ikerketa epidemiologikok. Hala ere, prebentzio-neurri gisa, medikuek gomendatu ahal diete aurretik giltzurrunean harriak izan dituzten pazienteei konposizio espezifikoko urak edateko. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Arkeologia

Iruña-Veleiako aztarnategian zirku erromatar bat aurkitu dute. LiDAR teknologiarekin eta drone bidez hartutako irudiei esker egin du aurkikuntza Arabako Arkikus enpresak, eta 280 metro luze eta 72 metro zabal lituzkeen egitura baten aztarnak izango lirateke. Zirkuaz gain, erromatar garaiko beste hainbat eraikinen, kaleren eta bestelako azpiegituren aztarnak izan daitezkeenak ere ageri dira irudietan. Datu guztiak Berrian eta Alea aldizkarian.

Argitalpenak

Koloretako intsektuak liburu ilustratuak intsektuak beste era batera ikusten lagunduko digu. Marrazketa tresna bat da inguruan dugunari gehiago erreparatzeko, eta haren bidez, biodibertsitatea ezagutaraztea eta haren zaintza sustatzea da Maddi Astigarraga Bergara egilearen helburu nagusia. Liburu honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.