Ikustea, entzutea, informazioa eta lengoaia prozesatzea edo gure bihotzak taupada etengabeak egitea, besteak beste, organismoko zelulen arteko komunikazio-gaitasunaren ondorio da. Seinaleztapen hori zelula-mintzetan dauden kanal ionikoak ireki eta ixteak sortutako mezu elektrikoei esker egin daiteke. Irekitzeak eragiten duen estimuluaren arabera, hurrengo mota hauetan sailka daitezke: boltai mendeko kanalak, mekanikoki aktibatuak eta ligando mendekoak.
Potasio-kanalak (Kv) mintz plasmatikoaren boltai-aldaketen ondorioz irekitzen dira eta potasioa haien zehar pasatzen uzten dute. Organismoko hainbat ekintza kritikotan parte hartzen dute, hala nola bihotzaren ekintza potentzialean. hERG potasio-kanala (edo Kv11.1 izenekoa), boltai mendeko kanal bat da, bentrikulu-korronte birpolarizatzaile nagusia (IKr korrontea, korronte zuzentzaile berantiar azkarra) sortzeaz arduratzen dena. Korronte hori funtsezkoa da bentrikulu kardiakoak behar bezala birpolarizatzeko eta, beraz, bihotzak behar bezala funtzionatzeko. IKr korronte hori gutxitzen denean, bihotz-birpolarizazioaren iraupena luzatzen da. Elektrokardiograman, QT tartea, bentrikuluen despolarizazioa hasten den unearen eta birpolarizazioa amaitzen den unearen arteko denborari dagokiona, luzatuta agertzen da, eta horrek hilgarriak izan daitezkeen arritmia larriak izateko joera dakar.

QT luzearen sindromeak (ingelesezko sigletan, LQTS) bi motatakoak izan daitezke: hartutakoa eta sortzetikoa. Hartutako LQTSan QT tartea luzatu egiten da, hainbat egoeraren ondorioz: iskemia miokardiakoa, alterazio ionikoak, hipotermia eta hainbat medikamentu ematea. Sortzetiko LQTSek, kausa genetikoengatik QT tartea luzatzea dute ezaugarri.
Gaur egun, hamasei mutazio genetiko desberdin ezagutzen dira, eta horrek LQTSaren hamasei forma desberdin sortzen ditu. “Nagusiak” izenekoak (1., 2. eta 3. motak) kasuen % 90 dira. Horien artean, 2. motako sortzetiko QT luzearen sindromea (ingelesezko sigletan, LQTS2) kasuen % 30-40 da, eta farmakoen bidez sortutako QT sindromeen artean ohikoena da. Sindrome-azpimota hori KCNH2 genearen mutazioek eragiten dute, eta, ondorioz, IKr gutxitua sortzen duten hERG kanal mutatuak sortuz. Korronte-murrizketaren intentsitatearen arabera, koadro klinikoa larria izan daiteke, arritmiak ohikoak eta larriak direnean, edo arina, koadro arritmikoa arina denean edo sintomarik gabeko pazienteak direnean. Azken horietan, batzuetan, bat-batean hilgarria den sinkope bat agertzen da eta, beraz, sintoma hori da lehena eta bakarra. Horregatik, LQTS2 sindromeaz diagnostikatutako paziente guztiak (sintomarik gabekoak edo sintomatologia arina dutenak ere) tratatu behar dira, ezin baita aurreikusi gaixotasunaren larritasuna.
Gaur egun, klinikan, LQTS2a tratatzeko betablokeatzaileak erabiltzen dira, hauen artean ohikoenak nadolola eta propranolola izanik. Farmako horiek bihotz-maiztasuna gutxitzen dute, eta arritmia gutxiago sortzen dira. Hala ere, pazienteen % 30ean, tratamendua ez da eraginkorra eta arritmiak ez dira desagertzen. Horregatik, azken urteotan, sindrome hori tratatzeko diana terapeutiko berriak eta eraginkorragoak detektatzeko eta gaixotasun horren erikortasuna eta hilkortasuna murrizteko ikertzen ari dira.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 46
- Artikuluaren izena: Bihotzeko QT luzearen sindromea, hERG kanaleko mutazioek sortutako kanalopatia.
- Laburpena: KCNH2 geneak KV11.1 edo hERG kanala, IKr potasio-korrontea ahalbidetzen duena, kodifikatzen du. Korronte hori funtsezkoa da gizakien bentrikuluen birpolarizaziorako eta, beraz, bihotzak funtzionamendu egokia izan dezan. Gene honen mutazioek hERG kanal eraldatuak sor ditzakete, eta horrela IKr korrontearen murrizketa eragin. IKr korrontearen murrizketa honek bihotz-birpolarizazioaren iraupena luzatzea eragiten du, eta, beraz, QT tartea luzatzea, elektrokardiograman ikus daitekeen bezala. QT tartearen luzapen horrek 2. motako QT luzearen sindromea deritzon bihotz-patologia eragiten du, arritmia larriak izateko arriskua handitzen duena, baita hilgarriak direnak ere.
- Egileak: Leyre Echeazarra, Beatriz Sáenz-Díez, Oscar Casis eta Mónica Gallego
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 315-325
- DOI: 10.1387/ekaia.26002
Egileez:
Leyre Echeazarra, Beatriz Sáenz-Díez, Oscar Casis eta Mónica Gallego UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Fisiologia Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.