Ingurumen erradioaktibitatea zaintzen

Ekitaldiak

Ingurumenaren zaintza erradiologikoa funtsezko prozesua da ingurunean dagoen erradioaktibitatearekiko esposizioa kontrolatu eta minimizatzeko. Esposizio horren jatorria naturala edo instalazio nuklearren eta erradioaktiboen operazioetatik eratorritakoa izan daiteke. Herritarrentzako seguruak diren erradiazio-mailak mugen barruan mantenduko direla bermatzeko, airearen, uraren, lurzoruaren eta biotaren -flora eta fauna- analisiak eta neurketak egiten dira erradioaktibitate-iturritik hurbil dauden lekuetan.

Kontrol mota horrek garrantzi berezia hartzen du instalazio nuklearrak ixtean, ezinbestekoa baita prozesua zorroztasun handienarekin gainbegiratzea, material erradioaktiboaren edozein jariori aurrea hartzeko. Gaur egungo eta hurbileko adibide bat da Garoñako (Burgos) zentral nuklearraren eraisketa. Bertan, UPV/EHUk aktiboki laguntzen du garapen seguru eta gardena bermatzeko.

Gai honetan sakontzeko, Raquel Idoetak, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Energia Ingeniaritzako irakasle eta UPV/EHUko Segurtasun Nuklear eta Erradiologikoko (SEGNUC) taldeko kideak “Vigilando la radioactividad ambiental” (Ingurumen erradioaktibitatea zaintzen) hitzaldia emango du apirilaren 9an, asteazkena, 19:00etan Bilboko Bidebarrietako Liburutegian.

Bere hitzaldian, Idoetak ingurumenaren zaintza erradiologikoa zertan datzan azalduko du eta ingurumenean erradioaktibitatea kontrolatzeko erabiltzen diren teknika batzuk ere aurkeztuko ditu. Garoñako zentral nuklearraren kasu zehatzari ere helduko dio eta, bereziki, UPV/EHUko Segurtasun Nuklearreko eta Erradiologikoko ikertaldeak (SEGNUC) zentral nuklearraren eraisketan betetzen duen papera ere plazaratuko du.

Hitzaldi-solasaldi hau UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak antolatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren saioa da. Hitzaldia aurrez aurre, eta streaming bidez ere ikusi ahalko da KulturguneaTB kanalean. Aretoko sarrera doakoa eta librea izango da lekuak bete arte.

Hizlaria

Raquel Idoeta Hernandorena Ingeniaritza Energetikoan doktoratu zen UPV/EHUn eta Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetikoa saileko irakaslea da. Horrez gain, Segurtasun Nuklear eta Erradiologikoko (SEGNUC) ikerketa-taldeko kidea da erakunde horretan.

Ingeniaritza nuklear eta erradiologikoaren arloarekin lotutako 50 artikulu baino gehiago argitaratu ditu inpaktu indize handiko aldizkarietan, eta 25 urte baino gehiago daramatza ingurumenaren zaintza erradiologikoari lotuta. Bestalde, Espainiako Sozietate Nuklearreko (SNE) eta Babes Erradiologikorako Espainiako Elkarteko (SEPR) kidea da.

Ingurumen erradioaktibitatea zaintzen

Data
Ordutegia
19:00etatik 20:30etara
Tokia
Bidebarrieta Kulturgunea
Helbidea
Bidebarrieta kalea, 4, Bilbo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.