Alemaniako ikertzaile talde batek berriki aztertu du tratamenduen eraginkortasunean zer eragin izan dezaketen tratamenduekiko aurreikuspenek eta albo-ondorioen presentziak. Ikerketaren emaitzak harrigarriak ─eta barregarriak─ dira eta, horrexegatik, 2024ko Medikuntzako Ig Nobel saria jaso zuten ikertzaileek.
Hedabide honen bilatzailea erabiliz ikus dezakegu duela hamar urte baino gehiago aipatu zirela lehen aldiz Ig Nobel sariak. Antonio Martínez Ron-ena da lan hori eta bertan dio, baita ondo esan ere, Ig Nobel sariak itxuraz barregarriak diren ikerketen erakusleihoa direla. Bada, harrezkero Ig Nobel sariak ematen jarraitu dute, urtero-urtero, hutsik egin gabe. Antolatzaileen arabera sarien helburua da lehendabizi barrea, eta, gero, hausnarketa eragitea. Igelei imanen bidezko lebitaraztea, basahateen nekrofilia homosexuala edo gazten kiratsa izan dira, besteak beste, Ig Nobel saria merezi izan duten ikergai batzuk.

Nik neuk ere behin baino gehiagotan hartu ditut Ig Nobel saria jaso duten lanak eredu gisa. Espagetiak zergatik ezin diren erdibitu kontatu nuen, eta hortik abiatuta espagetien inguruko ikerketen azken aurrerapausoen berri eman nuen. Aztergai izan nuen errusiar mendiak giltzurruneko harrien tratamendurako erabili ote daitezkeen, eta billeteetan hazten diren mikroorganismoen inguruko lanaren laburpena ere ekarri nuen hona. Komunzulotik irteten diren aerosolak eta tronuko nire gogoetak ere Ig Nobel sarietan oinarrituta zeuden.
Kasu honetan 2024an Ig Nobel saria jaso zuen lan interesgarri baten ondorioak azaltzera nator, lotura zuzena dutenak sasimedikuntzaren inguruan egin ditudan zientzia-dibulgazioko lanekin. Ikerketa-lana Hamburg-Eppendorf Medikuntzako Unibertsitate-zentroko ikertzaileek argitaratu dute; hain zuzen ere, Lieven A. Schenk, Tahmine Fadai eta Christian Büchel izenekoek. Ikerlana 2024an argitaratu zen Brain zientzia-aldizkari entzutetsuan. Ikerketaren egileek medikuntza-tratamenduen albo-ondorioak aztertu zituzten eta ondorio harrigarrietara iritsi ziren.
Uste orokorra da pentsatzea medikuntzako tratamendu idealak ez lukeela albo-ondoriorik eragin beharko. Era berean, gauza jakina da sendagai batek albo-ondorioak izan ditzakeela pentsatzeak probableagoak egiten dituela albo-ondorio horiek. Horrelakoxeak gara, antza. Bada, kasu honetan, Schenk-ek eta haren lankideek honako hipotesia formulatu zuten: gerta al daiteke albo-ondorio kaltegarriek tratamenduaren eraginkortasuna handitzea? Hipotesiaren planteamenduan kontuan hartu zuten susmo bat: albo-ondorioak egotea tratamenduarekiko espektatibak hobetzeko modua izan daiteke. Nolabait, gaixoak pentsa dezake albo-ondoriorik ez badago tratamendua desegokia dela edo ez dela baliagarria. Aurreko ikerketek bat egiten dute hipotesi horren oinarriarekin; izan ere, frogatuta dago plazebo aktiboek plazebo-efektu handiagoa dutela plazebo inerteek baino.
Hipotesia baieztatzeko edo ezeztatzeko, 77 lagun osasuntsu aukeratu zituzten eta sudurreko esprai bat probatzera jarri zituzten. Parte-hartzaileek sudurreko espraia erabili behar zuten, eta gero min termiko kontrolatua aplikatu zitzaien. Parte-hartzaile multzo bati esan zioten espraiak fentaniloa izan zezakeela ─minaren aurkako konposatua─ eta beste multzoari, aldiz, espraia plazeboa besterik ez zela. Ikertzaileek ez zuten fentanilorik jarri espraietan, eta, horren ordez, lehen multzoan kapsaizina jarri zuten. Kapsaizina piper pikanteek duten osagaia da, erredura-sentsazio arina sortzen duena. Kapsaizinaren bidez, albo-ondorio kaltegarri arinak sortu nahi izan zituzten ikertzaileek, ustezko tratamenduak sor zitzakeen desberdintasunak aztertzeko ─ikertzaileek bakarrik zekiten parte-hartzaile bakar batek ere ez zuela benetako sendagairik jasoko─.
Sudurreko espraia aplikatu ondoren, parte-hartzaileei min termiko kontrolatua aplikatu zieten. Horrela, tratamenduarekiko espektatibak eta albo-ondorio kaltegarrien eragina aztertu ahal izan zuten, Brain aldizkarian argitaratutako lanaren zehaztasunetan azaltzen den moduan. Ikusi zutenez, albo-ondorioen agerpenak tratamenduarekiko espektatibak hobetzen zituen eta, ondorioz, tratamenduaren eraginkortasuna hobetzen zuen ─hain zuzen: kapsaizina zuen espraia arnastu zutenek min gutxiago sentitu zuten bigarren atalean─.
Hortaz, ikertzaileek frogatu ahal izan zuten albo-ondorio kaltegarriak dituzten tratamendu faltsuak eraginkorragoak direla albo-ondorioak ez dituzten tratamenduak baino. Ikerketaren eztabaidari dagokion atalean Schenk-ek eta haren lankideek aipatzen dute ondorio kliniko garrantzitsu bat dagoela ikerketaren atzean; hain zuzen ere, tratamendu batekiko espektatibek eragin zuzena dutela haren eraginkortasunean. Nolabait, espektatiba horiek hobetzeko mekanismoak bilatzea garrantzitsua dela diote, hortaz. Era berean, albo-ondorio kaltegarri arinak onuragarriak izan daitezkeela diote. Agian urrutiegi joatea da, baina ikertzaileek proposatzen dute aukera bat izan daitekeela artifizialki albo-ondorio arinak sorrarazten dituzten osagaiak erabiltzea sendagaien eraginkortasuna hobetzeko.
Esan bezala, ikerketa honek Ig Nobel saria jaso zuen 2024an; alegia, barregarriak diruditen ikerketak izanik, hausnartzen jartzen gaituzten lanentzako saria. Bada, ea nork egiten duen barre parazetamolaren efektuak hobetzeko kakapirria eragiteko osagaiak gehitzen badituzte…
Erreferentzia bibliografikoa:
Schenk, Lieven A.; Fadai, Tahmine; Büchel, Christian (2024). How side effects can improve treatment efficacy: a randomized trial. Brain, 8, 147, 2643–2651. DOI: 10.1093/brain/awae132
Egileaz:
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.