COVID-19 arriskua gutxitu eta susperraldia bizkor dezaketen barazki eta fruten fitokimikoak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

COVID-19ari aurre egiteko gakoa gure hozkailuan egon al daiteke? Nazioarteko azterlan batek baietz iradokitzen du eta Euskal Herriko Unibertsitateak partaidetza handia izan du bertan. Frontiers in Nutrition aldizkarian argitaratutako lanak agerian utzi duenez, fitokimikoak, fruta eta barazkietan topa ditzakegun konposatu naturalak, gaixotasun horren aurkako aliatu boteretsuak izan daitezke.

“Imajinatu kolore askotako dieta bat: azenario laranjak, brokoli berde bizia, mahats moreak… Elikagai horiek, zaporeaz eta nutrizio balioaz gain, beste sekretu bat dute ezkutuan: fitokimikoak. Konposatu horiek (betakarotenoa, resveratrola, polifenolak eta isotiozianatoak kasu), erantzun immunea modulatu eta COVID-19aren larritasuna murriztu lezaketen propietate bioaktiboak dituztela frogatu da”. Horrela azaldu du Paloma Rohlfs Domínguezek, azterlanaren egileetako batek eta EHUko irakasleak.

barazki
Irudia: barazki, belar, espezia eta hartzitutako elikagai askoko dietak zituzten populazioek sendatzeko denbora laburragoak izan zituzten. (Argazkia: ubert – pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Ikerketak 1.500 pertsona baino gehiago aztertu zituen sei herrialdetan (India, Iran, Italia, Japonia, Errusia eta Espainia) 2021etik 2023ra bitartean. Emaitzak barazki, belar, espezia eta hartzitutako elikagai askoko dietak zituzten populazioek, Indian eta Japonian kasu, sendatzeko denbora laburragoak izan zituztela aurkitu zuen.

“Gure aurkikuntzek iradokitzen dute fitokimikoek erantzun immunearen modulatzaile gisa jardun dezaketela, organismoari birusaren aurka defendatzen eta azkarrago osatzen lagunduz”, dio Rohlfsek.

Ikerlariak konposatu horien garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Azenarioetan eta beste barazki laranja batzuetan topa dezakegun betakarotenoak propietate antioxidatzaileak eta antiinflamatorioak ditu. Tearen polifenolak eta brokoliaren isotiozianatoak dira COVID-19ari aurre egiteko ahalmena duten fitokimikoen beste adibide batzuk”.

Azterlan honek elikadura osasungarriaren garrantzia sendotzeaz gain, fitokimikoek gaixotasun infekziosoen prebentzioan eta tratamenduan betetzen duten zereginari buruzko ikerketa bide berriak ireki ditu.

“Funtsezkoa da ikertzen jarraitzea konposatu horien ekintza mekanismoak hobeto ulertzeko eta COVID-19aren aurkako borrokan modu eraginkorragoan nola erabil ditzakegun jakiteko”, adierazi du Rohlfsek.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: COVID-19 arriskua gutxitu eta susperraldia bizkor dezaketen barazki eta fruten fitokimikoak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Koyama, Sachiko; Joseph, Paule V.; Shields, Vonnie D.C.; Heinbockel, Thomas; Adhikari, Poonam; Kaur, Rishemjit; Kumar, Ritesh; Alizadeh, Rafieh; Bhutani, Surabhi; Calcinoni, Orietta; Mucignat-Caretta, Carla; Chen, Jingguo; Cooper, Keiland W.; Das, Subha R.; Rohlfs Domínguez, Paloma; Guàrdia, Maria Dolors; Klyuchnikova, Maria A.; Laktionova, Tatiana K.; Mori, Eri; Namjoo, Zeinab; Nguyen, Ha; Özdener, Mehmet Hakan; Parsa, Shima; Özdener-Poyraz, Elif; Strub, Daniel Jan; Taghizadeh-Hesary, Farzad; Ueha, Rumi; Voznessenskaya, Vera V. (2024). Possible roles of phytochemicals with bioactive properties in the prevention of and recovery from COVID-19. Frontiers in Nutrition, 11. DOI: 10.3389/fnut.2024.1408248

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.