Ibai-ibilguen sorrera ulertzen

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Nola sortzen dira ibaiak? Zergatik dira batzuk ibilbide bakarreko ibaiak eta beste batzuk hainbat ibilgutan banatzen direnak? Orain, Science aldizkarian argitaratutako artikulu berri batek ibaien inguruko aspaldiko dilema bat argitu du, betidanik ontzat eman diren zenbait kontzeptu desmuntatuz. Aurkikuntza berriak etorkizuneko ibaien azpiegitura- eta birnaturalizazio-proiektuak bideratu ditzake.

Askotan, gizakiok eraikitako presek eta dikeek ibilgu ugariko ibaiak ibilgu bakar batean bideratzera behartu dituzte. Uholdeak aurreikusi eta saihesteko, ezinbestekoa da leheneratze eraginkorra egitea. Horretarako, ibai baten jatorrizko egoeraren azpian dagoen sorrera-mekanismoa ezagutu behar da eta, berriki argitaratutako artikulu honek lagundu egin dezake ibilgu anitzeko ibaien eraketa prozesuak ulertzen.

Ibai
Irudia: Islandiako ibilgu anitzeko ibaia. (Luca Ronchi / iStock)

Ikertzaileek 36 urtean zehar 84 ibai kartografiatu zituzten satelite-irudiak erabiliz. Irudiak aztertzean aurkitu zuten ibilgu anitzeko ibaien sorrera uraren ibilbideak sedimentuetan eragiten duen higaduraren ondoriozko desoreka dela. Lortutako emaitzek normalki uholdeak saihesteko egiten den higaduraren aurkako lanaren desegokitasuna erakusten dute; izan ere, ibaiertzetako higadura ahalbidetzea eraginkorragoa izan daiteke ibai eraldatuak beren egoera naturalera itzul daitezen, eta horrela, uholdeak ekiditeko.

Ikerketaren lehen egile den Austin Chadwick-en hitzetan, “jasotako datuak aztertzean ibilgu anitzeko ibaiek ezaugarri berdina erakusten dutela aurkitu genuen. Ibaiaren ibilbide-ertzetako batean gertatzen den higadura beste aldeko sedimentuen pilaketa baino azkarragoa bada, denborarekin ibilgu berria irekitzen da eta ibaia adarkatzen hasten da”.

Adarkadura mota ezberdinetako arteriak

Munduko ibai eta errekak lurreko kontinenteak zeharkatzen dituzten arteriak direla esan ohi da. Arteria itxurako fenomeno geomorfologiko hauek orografia bakoitzera moldatzen dira eta, aldi berean, orografia bera ere moldatzen dute; horregatik, itxura eta egitura desberdinak erakusten dituzte. Batzuek ibilgu bakarra sortzen dute; beste batzuk, berriz, hainbat ibilgu gurutzatutan banatzen dira.

Historikoki, zientzialariek ibai mota bakoitza bere aldetik ikertu izan ohi dute. Oro har, lurreko ibai gehienek ibilgu ugari dituzte, batez ere ur-masa handiak mugitzen dituztenek. Alabaina, badago salbuespen handi bat: Mississippi ibaia. Ipar-Ameriketako hamar estatu igarotzen dituen ibai erraldoi honek ibilgu bakarra du eta berezitasun horrek arreta piztu die aditu askori.

Hala ere, argitaratutako ikerketan bi motatako ibaiak ikertu dituzte Kaliforniako zientzialariek. Erraztasun logistikoa zela eta, landa-ikerketa gehiena ibilgu bakarreko ibaietan oinarritu zen. Laborategiko ahaleginak berriz, ibilgu anitzeko ibaien azterketara bideratu ziren; izan ere, aurkitu baitzuten oso zaila zela ibilgu bakarreko ibaiak laborategiko esperimentuetan tankeekin birsortzea.

Hain zuzen ere, Chadwick, Minnesotako Unibertsitateko laborategian tankeekin ibilgu ugariko simulazio bat egiten ari zela, ubideak etengabe zabaltzen eta banatzen ari zirela ohartu zen: “ez nuen ulertzen zergatik, nire neurketen arabera higadura prozesuak sedimentazio prozesuak baino azkarragoak ziren. Hori ez zen eskolan erakusten zigutena”, dio ikertzaileak. Gertakari horrek informazio-iturri berriak bilatzera bultzatu zuen, sedimentazioa baino ibaiertzen higadura handiagoa erakusten adibideak bilatzeko. Denborarekin, naturan horrelakorik benetan gertatzen ote zen jakiteko jakin-mina piztu zitzaion zientzialariari.

Sedimentazio-higadura prozesuen desoreka

Ikertzaileek satelite-irudiak aztertu zituzten fluidoetako partikulen mugimendua neurtzen duen laborategi-algoritmo baten egokitzapena erabiliz. Ibilgu bakarreko ibaietan sedimentazio-higadura prozesuen oreka ikusi zuten ikertzailek. Horrela, ibai mota horiek egitura geomorfologiko definituak eratzen dituzte, zabalera konstanteko eta sigi-saga itxurakoak. Ordea, sedimentazio-higadura prozesuen desoreka gertatzen denean ─hau da, higadurak sedimentazioa gainditzen duen ibilgu ugariko ibaietan­­─ guztiz ezberdina da egitura geomorfologikoa. Kasu horietan, ibilgu jakin bat denborarekin zabaldu egin zen, bitan zatitu arte. Horren ondorioz, ibilgu anitzeko ibaiek beren egitura berrantolatzen dute, meandro deituriko sigi-saga definituak eratu aurretik.

Aztertutako meandroen eraketak eta berrantolaketa prozesuak ibaiak egoera egonkorrean daudenean aztertu dituzte ikertzaileek. Hau da, “ez da ibilgu anitzeko ibaiak ura irabazten ariko balira bezala. Ur kantitate bera garraiatzen jarraitzen dute denboran zehar, baina aldatu egiten dute etengabe ibilgu bakoitzaren tamaina”, azaldu zuen ikerketaren egile nagusi den Vamsi Ganti-k. Oro har, geografoek aldagai ugariren arabera ulertu dute ibai-ibilguen dinamika, hala nola ibaien malda, emaria, sedimentu mota eta ibaiertzen egonkortasuna. Ikerketa honek aurkezten duen eredu berriak deposizioaren eta higaduraren arteko orekaren arabera soilik azaltzen du ibilgu mota bakoitzaren sorrera. Hala ere, zenbait faktore geografikok eragiten diote oreka horri, eta horrek azaltzen du zergatik inguru jakin batzuek bultzatzen dituzten zenbait ibai mota.

Higadura sustatu uholdeak saihesteko

XX. mendean zehar ibai asko ibilgu estuetan harrapatuta geratu dira, beren egitura geomorfologiko naturaletatik guztiz deskonektatuta. XXI. mendean, iraganean sortutako arazoak konpontzeko asmoz, etengabe hazi dira ibaiertz-birnaturalizazio proiektuak. Askotan, giza ekintzak egindako ibai-ibilguaren aldaketa desegin gabe ibaiertzeen higadura ekiditea da helburua. Ordea, naturan oinarritutako zaharberritze-ahaleginen eskakizun izan ohi da ibaiak giza aldaketen aurretik zuen ibilgu naturalaren zabalera zehaztea, bai eta horretarako beharko duen denbora ere. Ibai-ibilguen dinamika ulertzeko modu berriarekin, ikertaldeak formula bat asmatu zuen horretarako. Horrela, artikuluaren egileak konturatu ziren ibai batek bere portaera naturala berreskuratzeko behar dituen denbora eta espazioa nabarmen aldatzen direla ibilgu bateko eta ugariko ibaien artean.

Artikuluaren aurkikuntzek etorkizuneko azpiegitura- eta birnaturalizazio-proiektuak bideratu ditzakete. Izan ere, historikoki, adar bakarreko ibilguetan oinarritu dira proiektu gehienak ahalegin ekonomiko txikiagoak eskatzen zituelakoan, baina adar askotako ibai-ibilguetaranzko trantsizioak etekin handiagoak sor litzake kostu txikiagoetan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Chadwick, Austin J.; Greenberg, Evan; Ganti, Vamsi (2025). Single- and multithread rivers originate from (im)balance between lateral erosion and accretion. Science, 389, 6756, 146-150. DOI: 0.1126/science.ads6567


Egileaz:

Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.