Baso-suteen eragin gero eta handiagoa herritarrengan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Harrigarria badirudi ere, azken hamarkadetan erretako baso-azalera murriztu egin da mundu mailan. Hala ere, datu hau engainagarria izan daiteke; izan ere, nahiz eta kiskaldutako azalera txikiagoa izan, gero eta bortitzagoak dira baso-suteak. Klima-aldaketaren, biztanleriaren hazkundearen, migrazioen eta ohiko landa-lanen desagerpenaren ondorioz, ugaritu egin dira herritar gehiagori eragiten dieten baso-suteak.

Aurtengo udan iberiar penintsulan gertatutako baso-suteek ireki dituzte munduko albistegi guztiak. Izan ere, Espainian azken hamarkadan piztu diren 50 sute handienetatik 19 izan dira abuztuko bi aste eskasetan, Europako baso-sute informazio-sistemaren arabera. Hain zuzen ere, abuztuaren 8tik 23ra suteek 358 mila baso-hektarea suntsitu zituzten eta, jada aurten, 2024 urtean erretako 400 mila hektareak gainditu dira.

Baso-suteen
Irudia: baso-suteen maiztasuna eta indarra handitzeko egoera paregabea sortzen dute klima-aldaketak, biztanleriaren mugimenduak eta landa-lanaren murrizketak. (Argazkia: Soly Moses – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Hala ere, paradoxa bat suertatzen da. Izatez, azken hamarkadetako datuak aztertzen baditugu, berehala ikus dezakegu erretako azaleraren joera beheranzkoa dela. Hain zuzen ere, mundu mailan, azken hamarkadetan erretako baso-azalera % 25 murriztu da1. Harrigarria badirudi ere, berdina da joera Espainian. Izan ere, aurten eta 2022ko udan jasandako baso-suteak ohikoak ziren XX. mendearen amaieran. Beraz, zergatik ikusten ditugu geroz eta indartsuagoak diren suteak? Zergatik eragiten diete gehiago herri-inguruneei eta herritarrei? Science aldizkarian argitaratutako artikulu batek azaldu du zergatik, erretako azalera murriztu arren, handitzen den urtero herritarrek suteen aurrean duten esposzioa2.

20 urtez jasotako datuak

Ikerketa egiteko, Kaliforniako Irvine unibertsitateko ikertzaileek 2002 urtetik 2022 urtera mundu osoan jasotako datuak ikertu zituzten. Emaitzak aztertzean, mundu osoan 20 urte horietan gertatutako baso-suteek zuzenean guztira 400,2 milioi pertsonari eragin zietela aurkitu zuten zientzialariek, gutxi gorabehera Europar Batasuneko biztanleria osoaren pareko kopurua.

Sute indartsuenak Europan, AEBetan eta Ozeanian gertatzen diren arren, ikerketaren arabera herritarrengan duten inpaktua nabarmenagoa izan da Afrikan. Bertan, mundu osoan gertatu den su-eraginaren % 85,6 elkartzen da. Hain zuzen ere, Afrika erdialdeko bost herrialdek (Kongok, Hego Sudanek, Mozambikek, Zambiak eta Angolak) munduko giza esposizioaren erdia osatu zuten. Ordea, Estatu Batuek, Europak eta Australiak, guztizkoaren ehuneko % 2,5 baino gutxiago osatzen dute.

Bestalde, aztertutako aldian, baso-suteen aurreko giza esposizioa urtero 382.700 pertsona handitu zela aurkitu zuten ikertzaileek. Horrela, guztira 2022 urtean 7,7 milioi pertsona gehiago zeuden baso-suteen eraginpean.

Biztanleriaren hazkundea, klima-aldaketa eta migrazioak

Giza esposizioaren bat-bateko igoera hori ez zen gertatu sute-jardueraren hazkunde globalagatik, baizik eta, batez ere, biztanleriaren hazkundeagatik, klima-aldaketarengatik, landa-paisaien aldaketarengatik eta herritarren migrazioarengatik. Izan ere, ikertutako urteetan mundu mailako biztanleria ia 2 mila milioi pertsona handitu zen eta, ikertzaileen arabera, populazio-dinamikak albo batera utziz gero, giza esposizioa nahiko egonkorra izango zen mundu osoan.

Bestalde, klima-aldaketak azken hamarkadetan izugarri handi du ikertzaileek “su-eguraldia” izendatu duten fenomeno meteorologikoaren frekuentzia. Gertakari horrek mundu osoan handiagotu ditu zenbait fenomeno atmosferikoen presentzia; besteak beste, berote handiak, hezetasun txikiak eta haize bortitzak. Horren ondorioz, muturreko suteak % 50 baino gehiago hazi dira azken lau hamarkadetan mundu mailan.

Hala ere, ikertzaileek Europan eta Ozeanian baso-suteen esposizioa murriztu egin zela ikusi zuten. Izan ere, eskualde hauetan herritarrek landa-eremuetatik hiri-eremuetara aldatzeko joera izan dutelako. Gertakari horrek, ordea, areagotu egiten du eremu horien baso-suteen arriskua eta agerian uzten du gizarte- eta ingurumen-faktoreen funtsezko zeregina.

Horiek horrela, biztanleriaren migrazio-dinamikak mundu mailan aztertzean, ikertzaileek aurkitu zutena da herritarrak sute-arrisku handiko eremuetara mugitzen ari direla. Amir AghaKouchak-ek, Kaliforniako Irvine unibertsitateko irakasleak, dioen bezala “Erretako azalera murriztearen eta giza inpaktua handitzearen paradoxa globala, neurri handi batean, giza kokalekuen eta suteak izateko joera duten paisaien arteko gainjartze gero eta handiagoari zor zaio”.

Prebentzioaren garrantzia

Egoera honi aurre egiteko, arreta baliabide gutxiko herrialdetan jartzearen garrantzia nabarmentzen dute zientzialariek. Eremu hauetan, handiagoa da gizakiek baso-suteen aurrean duten ahultasuna eta, horregatik, ezinbestekoa da hor prebentzio-estrategia proaktiboak garatzea.

Hala ere, prebentzioa ez da soilik ingurune horietara mugatu behar. Aurtengo udan Galiziako hegoaldean eta Gaztela eta Leoneko iparraldean ikusi den bezala, baso-suteen maiztasuna eta indarra handitzeko egoera paregabea sortzen dute klima-aldaketak, biztanleriaren mugimenduak eta landa-lanaren murrizketak. Horregatik, AghaKouchak-ek aipatzen duenez “Klima-aldaketak suteetarako klima egokia areagotzen duen neurrian eta munduko populazioak landa-lana murrizteko eta suteetarako joera duten eremuetara hedatzen jarraitzen duen heinean, prebentzio proaktiboa egitea gero eta garrantzitsuagoa izango da etorkizunean, baso-suteek eragindako hondamendien arriskua murrizteko”. Zenbait dira eskura dauden prebentzio-teknikak; besteak beste, landaretza kudeatzeko teknika, hezkuntza publikoa edota gizakiak eragindako suteak murrizteko ingeniaritza-soluzioak.

Erreferentzia bibliografikoak:

[1] Andela, N; Morton, D.C.; Giglio, L.; Chen, Y.; Van Der Werf, G.R.; Kasibhatla, P.S.; DeFries, R.S.; Collatz, G.J.; Hantson, S.; Kloster, S.; Bachelet, D.; Forrest, M.; Lasslop, G.; Li, F.; Mangeon, S.; Melton, J.R.; Yue, C.; Randerson, J.T. (2017). A human-driven decline in global burned area. Science, 356, 1356–1362. DOI: 10.1126/science.aal4108

[2] Seydi, Seyd Teymoor; Abatzoglou, John T.; Jones, Matthew W.; Kolden, Crystal A.; Filippelli, Gabriel; Hurteau, Matthew D.; AghaKouchak, Amir; Luce, Charles H.; Miao, Chiyuan; Sadegh, Mojtaba (2025). Increasing global human exposure to wildland fires despite declining burned area. Science, 389, 826–829. DOI: 10.1126/science.adu6408


Egileaz:

Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.