Irailean 2025. urteko Ig Nobel saridunak nortzuk diren jakinarazi zuten Bostongo Unibertsitatean egindako ekitaldian. Biologiako saria behiak margotzen ibili zen ikerketa-talde batek jaso zuen. Haien helburua zen behiak zebrak bailiran margotzea. Horri esker jakin zuten zergatik diren zebrak marradunak eta zein den horrek duen zerikusia intsektu hematofagoekin. Horretaz gainera, irakurle, hau amaieraraino irakurtzen baduzu, jakingo duzu zein den galdera honen erantzuna: zebrak beltzak dira eta marra zuriak dituzte, edo zuriak dira eta marra beltzak dituzte?
Hedabide hau irakurtzen duzuenok dakizuen bezala, Ig Nobel sariak Nobel sarien parodia modukoak dira, baina ez txantxetako ikerketak saritzen direlako, baizik eta seriotasun osoa duten ikerketa barregarriak saritzen direlako. Horren adibideak behin baino gehiagotan ekarri ditugu hona; esaterako, errusiar mendien erabilera giltzurruneko harriak kentzeko, edota billeteetan dauden mikroorganismoen analisia. Duela gutxi aipatu genituen albo-ondorio kaltegarriak izan ditzaketen tratamendu eraginkorrak, ─Ig Nobel sariduna hori ere. Bada, urtero bezala, 2025. urteko Ig Nobel sariak banatu dituzte jada. Saritutako ikerketa guztien laburpena Sangroniz ahizpek ekarri digute zientziaren kaiera honetara, eta hemen irakur dezakezue saritutako ikerketa bakoitzaren laburpena.

Guztiak dira interesgarriak, zalantzarik gabe, baina horietako batek interes berezia pizten du. Hain zuzen ere, zebren marrekin lotutakoak. Hobeto esanda, zebren marrak imitatuz margotutako behiekin lotutakoak. Goazen pausoka; izan ere, 2025eko sariak 2016ko beste Ig Nobel sari batean du abiapuntua. 2016. urtean, Horváth eta haren lankideek jaso zuten fisikako Ig Nobel saria, zaldi zuriei buruz egindako ikerketei esker. Proceedings of the Royal Society B aldizkarian argitaratutako lanaren ondorioen arabera, zaldi zuriek abantaila dute Tabanidae familiako intsektu dipteroen aurka zuriak ez diren zaldien aldean.
Ezpateuliek zaldien ilajeak islatutako argi polarizatua erabiltzen dute ostalariak bilatzeko. Ezaugarri horri esker, ezpateulientzat erakargarriagoak dira zaldi ilunak kolore zuria dutenak baino. Hori zaldi zurien ezaugarri berezia da; izan ere, oro har, kolore zuriak hainbat desabantaila ekartzen dizkie zaldiei. Hain zuzen ere, zaldi zuriek eguzki-izpi ultramoreekiko babes gutxiago dute eta, horrexegatik, zaldi zuriek azaleko minbizi eta ikusmen-arazo gehiago izaten dituzte. Era berean, ingurune naturalean harrapakarientzat errazagoa da zaldi zuriak ikustea eta, oro har, zaldi ilunek luzaroago bizirauten dute. Berez bakanagoak direnez, litekeena da horregatik izatea preziatuagoak zaldi zuriak ilunak baino. 2016ko fisikako Ig Nobel sariak, hortaz, zentzua du: zaldi zuriek ezpateulien aurka duten abantaila arraro horren berri eman zuten.
Zaldien eta ezpateulien ─edo beste intsektuen─ arteko elkarrekintzak aztertzea interesgarria da, jakina, abeltzaintzarako; izan ere, intsektiziden murrizketa lortzea helburu izan daiteke intsektuen eraso-mekanismoak ezagutzen badira. Esan bezala, 2025. urteko biologiako Ig Nobel sariak bide hori arakatzen jarraitzen du. Kasu honetan, gainera, bi helbururekin: behiak margotzea eraginkorra izan ote daitekeen azaltzea eta zebren marrek dituzten funtzioen ezagutzan sakontzea. Ez da gutxi.
Tomoki Kojima eta haren ikertzaile taldeak intsektu hematofagoen portaera ikertu nahi zuten. Horretarako, behiak marrekin margotu zituzten ─zebren itxura emanez─ eta intsektuen ziztadak aztertu zituzten. Hiru behi mota aztertu zituzten: marra beltzez margotutakoak, marra zuri-beltzez margotutakoak eta margotu gabekoak. Aipatu behar da behi ilunak marra beltzez margotzearen helburua pinturaren beraren efektua ezabatzea izan zela; ─adibidez, pinturaren usainarengatik intsektu gutxiago hurbiltzea.
Ikusi zutenez, zebren gisara margotutako behien ziztada kopurua % 50 murrizten zen besteen aldean. Horrek behien defentsa-mugimenduen murrizketa zekarren eta, hortaz, ondorioztatu zuten pestiziden murrizketa lortzeko modua izan daitekeela. Ikerketaren ondorioen arabera, hortaz, zebren marrak mekanismo bat izan daitezke intsektuen aurkako babeserako mekanismoa. Agian ez da hori bakarrik haien funtzioa; izan ere, termoerregulaziorako, harrapakarien aurkako kamuflajerako edo gizarte-antzematerako ere izan daitezkeela pentsatzen da. Dena den, Kojima eta haren lankideen ikerketaren bidez intsektuen aurkako babesa frogatuta gelditzen dela esan daiteke. Horrek guztiak zebrei buruzko galdera gehiago egitera eramaten gaitu eta laster ikusiko dugu zientziak horien erantzuna ere baduela.
Zebrak, zuriak ala beltzak?
Hasiera batean, badirudi zebrak zuriak direla; izan ere, marra beltzak amaitu egiten dira sabelaldean; artikulu honetan bertan jarritako argazkia ikusi besterik ez dago. Alabaina, zientziaren erantzuna hauxe da: zebrak beltzak dira eta marra zuriak dituzte. Hain zuzen ere, zebraren ilaje guztia melanozitoak dituzten folikuluetan sortzen da. Zelula horiek animalia guztietan daude, eta azalaren zein ilearen kolorearen eragileak dira. Azalean zein ilean, melanozitoek melanina pigmentua ekoizten dute, kanpotik ikus daitekeen kolorea, alegia. Zebren kasuan, ilajeko zeluletara doazen mezulari kimikoen arabera, melanozito horiek melanina ekoizten dute. Melanina ekoizten ez duten folikuluetako ilea zuria gelditzen da, melaninarik ez du eta. Hortaz, hauxe da gakoa: zebren kasuan, marra zuriak melanina gabeziak sortzen ditu, ez da haien pigmentu propioa. Marra zuriak melanina faltagatik bakarrik existitzen direnez, ulertzen da zebren jatorrizko kolorea beltza dela. Ilajearen azpian zebrek azal beltza dute eta, era berean, zebra bati bizarra moztuko bagenio, animalia beltza dela ikusiko genuke.
Erreferentzia bibliografikoa:
Kojima, Tomoki; Oishi, Kazato; Matsubara, Yasushi; Uchiyama, Yuki; Fukushima, Yoshihiko; Aoki, Naoto; Sato, Say; Masuda, Tatsuaki; Ueda, Junichi; Hirooka, Hiroyuki; Kino, Katsutoshi (2019). Cows painted with zebra-like striping can avoid biting fly attack. PLoS One, 14. DOI: 10.1371/journal.pone.0223447
Egileaz:
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.