Karen Hallberg: «Imajinatu ere ez ditugun portaera elektronikoak deskubritu nahi nituzke»

Ikertzen dut

Karen Hallberg irakaslea Fisikan doktorea da (Instituto Balseiro, Argentina). Zientzia eta Teknologiako Kontseilu Nazionaleko (CONICET) ikertzaile nagusia da Barilocheko Zentro Atomikoan, bai eta Fisikako irakasle elkartua ere Instituto Balseiro institutuan (Energia Atomikoko Argentinako Batzordea eta Cuyoko Unibertsitatea). Egun, Zientzia eta Mundu Gaietako Pugwasheko Konferentzien idazkari nagusia da (1995eko Bakearen Nobel saria).

2019ko Emakumezko Zientzialarientzako L’Oréal-UNESCO nazioarteko saria jaso zuen materia kuantikoaren fisikari buruzko bere ikerketagatik. Bi honoris causa doktorego dauzka, Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Argentinako Akademiako kide urgazlea da, bai eta Zientzien Latinoamerikako Akademiako kide, Fisikako Estatu Batuetako Sozietatearen Direktorioko kide ohi, eta Ekonomia Kuantikoaren eta Hurrengo Belaunaldiko Konputazioaren Etorkizunari buruzko Mundu mailako Foro Ekonomikoaren Kontseilu Globalen kide ere.

Karen Hallberg
Irudia: Karen Hallberg ikertzailea. (Argazkia: Karen Hallberg – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Zein da zure ikerketa arloa?

Materia kuantikoko fenomeno emergenteak ikertzen ditugu informazio kuantikoan oinarritutako teknika konputazionalen bidez. Garatu ditugun kodeei esker modu doian kalkula ditzakegu material berrien propietate fisikoak, non elektroien interakzio handia dagoen. Material horiek aztertzea oso zaila da. Izan ere, ezin dira osagai edo interakzio gutxi batzuetara sinplifikatu; hortaz, zenbakiz abordatu behar dira. Portaera konplexu horrek aurreikus ezin daitezkeen propietate emergenteak dakartza, atomo eratzaileak bereizten direnean duten portaera fisiko indibiduala ulertu ondoren. Txundigarria da!

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Gure itxaropena da maila mikroskopikoan portaera xehatua ulertu ondoren, adibidez tenperatura handiko supereroankortasunaren edo magnetorresistentzia kolosalaren oinarrizko mekanismoak ulertu ahal izatea.

Hau da, espero dugu ekarpen bat egin ahal izatea egungo problema konplexuenetako bat ulertzeko: interakzioan dauden gorputz askoren portaera kuantikoa.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Mildred Dresselhaus fisikari estatubatuarra, oinarrizko deskubrimenduak egin baitzituen nanozientzian; eta Ingrid Daubechies fisikari-matematikari belgikar-estatubatuarra, irudi digitalak ulertzeko teknologia aurreratuak proposatu baitzituen.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Imajinatu ere ez ditugun portaera elektronikoak deskubritu nahi nituzke. Hori propietate emergenteengatik gerta daiteke, lehen adierazi dudan moduan.

Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Ikerketa zoragarria da! Natura deskubritu eta ulertzea esperientzia txundigarria da, beste mundu bat deskubritzearen parekoa. Horrez gain, sormenez beteriko jarduera da. Biziki gomendatzen dut!


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko abuztuaren 2an: “Karen Hallberg: «Me gustaría descubrir comportamientos electrónicos que ni nos habíamos imaginado»“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.