Argazki onenaren Oscar Saria… Geologiarentzat da!

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Kontu bat dute komunean El bueno, el feo y el malo spaghetti western ospetsuak (espero dut une honetan zuek ere Ennio Morriconeren soinu-banda zoragarria kanta-marmarrean aritzea), Indiana Jones y la última cruzada filmeko fantasia eta arkeologia kutsuko abenturak (ziur nago orain John Williams-en melodia gogoratu duzuela) eta Conan el Bárbaro filmeko ezpata eta sorginkeriazko historia epikoak (Basil Poledourisek sortutako perkusio indartsuaren unea da): Tabernas basamortua.

Tabernas basamortua
1. irudia: Tabernas basamortua. (Argazkia: Dgalan, CC BY-SA 4.0 / Wikimedia Commons)

Clint Eastwood mantso, kopeta ilun eta pontxo higatua soinean zeramala ibiltzen zen, Harrison Ford nazien aurka borrokatzen zen, zigorra airean, eta Arnold Schwarzeneggerrek gihar koipetsuak erakusten zituen bere ezpataz zirkuluak eginez, baina inguratzen zituen paisaiak erakartzen zuen gure arreta, istorioan arreta osoz murgiltzeko aukera emanez. Eta, jakina, Geologia da efektu magiko horren erruduna.

Tabernas basamortuko dekoratua
2. irudia: 1969an Tabernas basamortuan El Condor westernerako eraikitako dekoratuak, gerora beste film batzuetarako erabili zirenak, besteak beste, Conan el Bárbaro. (Argazkia: Jaime Cantero Dole – Lan propioa, CC BY-SA 4.0 / Wikimedia Commons).

Almeria probintzian, Tabernas, Gádor, Santa Cruz de Marchena, Alboloduy eta Gérgal udalerrien artean dago Europa osoko basamortu bakarra, hitzaren zentzu hertsian. Basamortutzat hartzen da ez tenperaturagatik, baizik eta prezipitazioengatik; izan ere, oso euri gutxi egiten du eta, egiten duenean, modu ekaiztsuan eta barra-barra izaten da. Baina, zer pentsatuko zenukete esango banizue duela milioi urte gutxi batzuk eremu hori itsas hondoa izen zela?

Orain, gure DMC DeLoreanera igo eta atzera egingo dugu duela 8 milioi urtera arte, hau da, Miozenoaren amaierara arte. Une hartan, itsasertza Tabernasen iparraldean zegoen, hain zuzen ere, gaur egun Filabres mendilerroa izenez ezagutzen dugun mendi goragunearen hegalaren oinean. Hortaz, Tabernas eremua itsas hondoa zen, eta han jalkitzen ziren menditik zetozen ibaiek herrestan eramandako materialak, zeinek erresistenteagoak ziren harkaitzak (hareharriak) sortu zituzten bigunagoak ziren beste harkaitz batzuekin (tuparriak) nahastuta.

Hementxe amaitzen da gure filmaren lehenengo ekitaldia, eta gure gidoiaren argumentuaren lehenengo biraketa agertzen da. Izan ere, duela 7 milioi urte, tektonika agertu zen, pertsonaia nagusi berri bat. Garai hartan, plaka tektoniko afrikarrak, zeina Iparralderantz mugitzen baitzen, plaka tektoniko iberiarrarekin egin zuen talka. Ahalegin handi horrek lurpean zeuden material geologiko zaharrenak azaleratzea eragin zuen, eta beste mendi goragune bat eraiki zen Tabernasen hegoaldean: Alhamilla mendilerroa. Hala, Tabernas eremua itsas adar mehe eta luzea bihurtu zen bi mendilerroren artean. Baina tektonikak, bere rolean erabat murgilduta, bere jardunean jarraitu zuen; ondorioz, duela bi milioi urte baino gehiago, itsasoak atzera egin zuen eremu horretan, eta itsasertza gaur egungotik oso hurbil geratu zen.

Hala, hirugarren ekitaldian sartuko gara bete-betean. Gure protagonistak, Tabernaseko sakonuneak, hala ere, aurre egin zion gaur egungo basamortu bihurtzeari. Milioi eta erdi urtez baino gehiagoz, eremu horretan gaur egungo sabanaren antzeko ingurunea garatu zen, klima erdi idorra zuena. Han, aintzira txikiak, zabalak, baina ia sakonerarik gabekoak, eratu ziren. Aintzira horiek errekastoek eta errekek elikatzen zituzten, mendietatik erdiguneko eremu deprimituenetara lokatza eta harkaitz zatiak eramaten zituztenek.

3. irudia: Tabernas basamortuko muino baten itxura. Ikus daiteke kareharriak (laranja kolorekoak, eta elkarren arteko geruza paraleloetan jarriak) eta tuparriak (gris kolorekoak) tartekatzen direla. (Argazkia: Rabealga, CC BY-SA 3.0 / Wikimedia Commons)

Baina istorioaren amaierara iritsi gara, oraingoan ezinbestekoa den laugarren ekitaldira: eremuaren egungo konfigurazio geologikoa. Eta, aipatutako filmetan bezala, orain sartuko dugu akzio guztia. Azken ehunka mila urteetan, gaur egun eremu osoa mende hartzen duen klima idorra ezarri zen, eta, ondorioz, desagertu egin ziren aintzira txikiak. Eta euria gutxitan egiten hasi zen, modu ekaiztsuan eta barra-barra. Hori horrela, material geologiko bigunenak (tuparriak) higatu egin ziren eta erreken urek eraman zituzten herrestan. Material gogorrenak (kareharriak), berriz, geldirik mantendu eta gainerakoen gainetik nagusitu ziren. Erreka horiek, denborak aurrera egin ahala, lurrazala zulatzen eta beren ibilgua ahokatzen hasi ziren; hala, gero eta sakonagoak ziren karkabak eta sakanak eratu ziren, eta horien ondoan mendixkak eta muinoak goratzen hasi, beren patuaren zain.

Hala, lurzoruaren gainazalean herrestan doan ur tanta baten pazientzia berarekin, gaur egungo Tabernas basamortuaren paisaia adierazgarria sortu zen. Testu honen hasieran aipatu ditudan filmen alegia ederrak kokatzeko paisaia ezin hobea. Film horiek eta Almerian filmatu ziren beste hainbat filmen kokaleku izan zen.

Ikusten duzuenez, errealitateak beti gainditzen du fikzioa. Inguratzen gaituzten harkaitzak gai dira Hollywoodeko gidoi bakar batek ere berdinduko ez dituen istorio ederrak kontatzeko. Espero dut milioika urteko istorio horiek transmititzen jarraitzea, Conanen unibertsoko saga cimmeriarren estiloan.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko maiatzaren 8an: El Óscar a la mejor fotografía es para… ¡La Geología!

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.