Kiñuren begirada: zulo beltzak

Kiñuren begirada · Kolaborazioak

Unibertsora begira jarri da oraingoan gure Kiñu, zehazki, zulo beltzetara. Zelan begiratu, baina, argirik emititzen ez duen zerbait? Izan ere, definizioz, zulo beltza, beltza da, ez du argirik igortzen. Baina begiratu soilik ez, zulo beltzei egindako bi argazki dakartza Kiñuk.

Zelan egingo zaizkio argazkiak, baina? Berez, ezin zaio argazkirik atera argirik igortzen ez duen objektuari. Zorionez, galaxien zentroko zulo beltzak materiaz inguratuta daude, eta hori da, hain zuzen ere, zulo beltzen argazkiak ateratzea ahalbidetzen duena. Hau da, ez dugu zulo beltza bera ikusi, ikusten duguna bere itzala da, materiaz eta argi fotoiez inguratuta.

Itzala eta materiaren arteko mugari gertakarien horizontea deritzo. Muga esferiko bat da, itzulera gabeko puntua. Zulo beltzaren grabitatea hain handia izanik, ez argiak ez materiak ezin dute ihes egin muga horretatik kanpo, eta, beraz, ezin dugu barruko informaziorik jaso.

zulo beltzak infografia

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.


Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.