Gure gorputzaren barruan, begi hutsez ikusi ezin den liburu erraldoi bat gordetzen dugu: DNA. Bertan daude idatzita gure garapenerako, funtzionamendurako eta ugalketarako jarraibide guztiak. Gaurkoan, Kiñuk bizitzaren hizkuntza horren orrialdeak pixka bat irekiko dizkigu, zerk egiten gaituen gu garen hori ulertzen laguntzeko.
DNA molekula berezi honek informazio genetikoa gordetzen du, eta organismo bateko zelula guztiek partekatzen dute. Hala ere, norbanako bakoitzaren DNA bakarra da, eta horrexegatik gara desberdinak. Eboluzioak, ordea, arrastoak uzten ditu: zenbat eta ahaidetasun handiagoa izan bi izakiren artean, orduan eta antz handiagoa dago haien DNAn. Helize bikoitzaren egitura famatuan antolatuta, gure itxura eta gorputzaren funtzionamendua baldintzatzen dituzten geneak ezkutatzen dira.
Gure kirikiñoak, DNAren munduan murgiltzerakoan, erakutsiko digu molekula txiki honek zer nolako garrantzia duen gaur egun: krimen bat argitzeko tresna erabakigarria izan daiteke, eta, aldi berean, gure espeziearen historia ebolutiboa berreraikitzeko giltza. Izan ere, DNAn gordetzen diren arrastoek iraganera begiratzeko aukera ematen diote zientziari.

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:
Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.